Gizarteak gero eta energia gehiago kontsumitzen du. Urko Garamendi Meabe EEEko komunikazio eta kanpo harremanetako arduradunaren ustez, energia gastu horri aurre egiteko aukerarik «errealistena» energia modu eraginkorrean kontsumitzea da: «EEEn energia jasangarria kontsumitzeko baliabideen bila ari gara».
Aukeretako bat da olatuen energia. Badaude energia hori argindar bihurtzeko ereduak eta teknikak, baina oraindik ez dute lortu zabalkunde eta garapen handia. «Dagoeneko, garrantzitsua da olatuen energia teknologikoki garatzea, ingurumen eragin txikiko energia iturri gisa», azaldu du Garamendik.
Horretarako, Mutrikuko olatu planta sortu zuten. Eusko Jaurlaritzako Portuen eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzaren egitasmoa izan zen. Garamendik zehaztu duenez, «Portu Zuzendaritzak Mutrikuko babes dike berria eraiki behar zuen, eta hori baliatuz olatuetatik energia eskuratzeko planta bat sortzea proposatu zuen EEEk». Olatuen energia komertzializatu duen munduko lehen planta eta munduan olatuen energia gehien sortu duena da, Garamendiren arabera.
Plantaren funtzionamendua
Dikeak hamasei aire turbina ditu: olatuak horma jotzen duenean, aire konprimatua sortzen da; aire hori hormetan dauden zulo batzuetatik sartzen da, eta turbinak mugitzen ditu; horren bitartez lortzen da argindarra. «Bertan sortzen den elektrizitatea garbia da, eta, sare elektrikora sartzen denez, erregai fosilak errez sortutakoa saihesten da». EEEko ordezkariak azaldu duenez, kutsatzen ez duen energia bat sortzen da, gero eta energia garbiago batera iristeko asmoz.
Garamendiren ustez, Mutrikuko olatu planta bisitatzea baliagarria da itsasoan energia sortzeko beste modu batzuk ezagutzeko eta komunitate zientifikoaren eta teknologikoaren erronkak ulertzeko: «Ingurumenari kalterik egin gabe bizitza erraztuko diguten teknologia berriak garatzeko».
Bisita gidatuak zuzenean hitzartu daitezke Txurruka plazan dagoen Mutrikuko turismo bulegoan, 943-60 33 78 telefono zenbakira deituz, turismo@mutriku.es helbidera mezua bidaliz edo Geoparkearen webgunearen bitartez (geoparkea.eus).
Itsasotik energia lortzeko hurrengo urratsak itsas zabalean eman behar direla zehaztu du Garamendik, «baina, ekaitz bortitzak jasaten dituzten gailuak sortu arte, kostaldean jarraituko dute».
Mutrikuko olatu plantara bisita
Irailaren 15ean eta 22an, Mutrikun (Gipuzkoa)