Donostiaren eta zinemaren arteko lotura etengabea da urte osoan: Zinemaldia, Beldurrezko Zinema Astea, Giza Eskubideen Zinema Jaialdia... Gutxi izango dira halako eskaintza zabala duten hiriak. Bada horien artean, pixkanaka bere lekua egiten ari den beste jaialdi bat: Surfilm Festibala.
Jaialdia Donostiak surfarekin duen loturatik abiatu zen, eta surfari lotutako zinemagile ospetsuetako askoren lanak ekartzea lortu du. Aurtengo aldia gaur hasiko da, eta tarte zabala izango dute tokiko bertako zinemagileek. Besteak beste, Jon Aspururen, Borja Agoteren, Ibon Antuñanoren, Koldo Almandozen eta Iñigo Gaitonen film laburrak ikusi ahalko dira.
Bost zinemagileek oso harreman estua dute surfarekin. Batzuentzat, bizitzeko modu bat da. Baina haien lanetan leku gutxi dute olatuek. Ameriketako Estatu Batuetako eta Australiako surfari buruzko filmen estetikatik ihes egin nahi izan duten, eta kirol horren atzean dauden beste hainbat gauza erakutsi.
Olatuetatik harago doazen istorioak
Gaurtik igandera bitarte egingo da Donostian Surfilm Festibal zinema jaialdia. Atzerritik ekarritako lanak ez ezik, aurtengo egitarauan tarte zabala izango dute Euskal Herriko zinemagileek ere. Film laburrak eskainiko dituzte jaialdian, surfari buruzko filmek duten estetika eta gaiak alde batera utzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu