Olentzero, hiriburuz hiriburu

Joan den asteburuan Baionan ibili ondoren, Bilbon hasiko du gaur ibilbidea Olentzerok. Bihar, berriz, Iruñean, Donostian eta Gasteizen izango da. Ondoren, etxeetara abiatuko da opariak banatzera.

Erredakzioa
2009ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Etxeetara bihar gauean iritsiko da Olentzero, baina jadanik gaur Bilboko haurrek Olentzero ikusteko aukera izango dute.

Bilbo

Bilbon iaz bezala egun bateko aurrerapenaz agertuko da Olentzero. Gaur arratsalderako jarri die hitzordua ume zein nagusiei. 18:00etan bilduko dira guztiak Moyua plazan. Bilbo eta bilbotarrentzako opari berezia ekarriko duela iragarri du aurten ere ikazkinak. Iaz jostailuzko zaldi handi bat ekarri zien. Ordubeteko ibilaldia Arriaga plazan amaituko dute. Iñaki Azkuna alkateak egingo dio harrera. Ekitaldian lamiak protagonismo berezia izango du, baita Gernikako Gaudeamus abesbatzak ere. Harreraren ondoren, ikazkinak Arriaga antzokian egingo du lo. Izan ere, bihar goizean hirian jarraituko du, bilbotarren azken gutunak jasoko baititu antzokian bertan.

Gasteiz

Eskutitzak oraindik bidaltzeko dituzten haurrek Olentzerori berari eskura eman ahal izango dizkiote, bihar goizean, Gasteizko udaletxean. 11:00etatik 13:30era bitartean jasoko ditu txikien eskakizunak.

Arratsaldean, ohiko desfilea egingo du Arabako hiriburuko erdiguneko kaleetan barrena, Iparralde gizarte etxetik abiatuta. 18:00etan hasi eta 19:00etara bitartean ibilbidea egingo du udaletxera arte. Legutioko atea eta Frantzia, Bake eta Olagibel kaleak igaroko ditu Plaza Berrira bidean. Indarra dantza taldeko, Olabide ikastolako eta Folklore akademiako kideak joango dira ikazkinarekin, haur guztiekin batera. Udaletxeko balkoi nagusitik agurra egin eta kantatu ondoren, gaztainak banatuko dituzte Plaza Berrian biltzen direnen artean.

Iruñea

Benetako desfilea izango da Iruñean Olentzerok egingo duena. 600 pertsona eta 150 abel buru izango ditu ikazkinak atzean hiriburuko kaleetan zehar. 18:00etan hasiko da Arte eta Lanbide Eskolaren eraikinaren parean, eta bertatik bertarako bidea egingo du, hasitako leku berean bukatuko baitu ibilaldia. Hiriko toki hauek bisitatuko ditu, hurrenez hurren, gutxi gorabehera 20:00 aldera arte: Iturralde y Suit kalea, Rodezno kondearen plaza, Paulino Caballero, Nafarroako Gorteak, Karlos III.a etorbidea, Ahumada dukea, Espoz y Mina, Gazteluko Plaza, Txapitela, Mercaderes, Estafeta eta Amaia kalea.

Zubietako joaldunak, txistulariak, dantzariak, gaiteroak, gaztain saltzaileak, kantariak eta beste hamaika lagun izango ditu inguruan olentzerok. Baita ardi, antzara, asto ahuntz eta Euskal Herriko idi probetako txapelketako irabazle izandako lau idi ere. Aurten, udal baimena ere izango du, gainera, kalez kale inork isun edo espedienterik jarriko dion beldurrik gabe lasai ibili ahal izateko.

Donostia

Olentzerori gutuna idatzi ez dioten haurrek bihar arratsaldean izango dute aukera, Loiola kalean egingo duten haur jaialdian. Gutuna idazteaz gain, Olentzerori marrazki bat egin ahal izango diote. Eta, ondoren, arratsaldean, 18:30etik 19:30era Bulebarrean aurrez aurre eman. Jaialdiaren barruan, Xurdin Gabonetako kontzertua eskainiko dute, 16:30ean.

Olentzeroren desfilea 18:00etan hasiko da, eta, hiriko hainbat kale zeharkatu ondoren, Bulebarreko kioskoan haurren eskutitzak jasoko ditu, 19:30 bitartean. Ekitaldian, 200 kilo gozoki banatuko dituzte, 50 kilo ikatz eta txokolatezko 1.000 olentzero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.