Jaien hirugarren eguna izanagatik, zaldibartarrei ez zaizkie indarrak amaitu. Izan ere, aurreko bi egunetako egitarau zabaleko ekintzetan parte hartu ostean, Txosnen Arteko VII. Olinpiadetan lehiatuz ausardia erakutsiko dute hainbat herritarrek, aurki Londresen arituko diren kirolariak inspirazio iturri izanda, akaso. Hala, arratsaldeko seietan, aurrez aurre arituko dira txosnek osatutako taldeak, herriko parkean.
Dena dela, goizetik, ekitaldi ugari izango dira Zaldibarren, adin eta tankera guztietako lagunek parte har dezaten. Hasteko, arku jaurtiketan trebezia frogatzeko aukera izango dute haurrek zein helduek, arku taldearen galerian, 10:30etik 13:00etara. Sukaldean kiroletan baino abilagoak direnak, berriz, eskoletan egingo den tortilla txapelketan parte har dezakete, eguerdian. Logikoa denez, mokadu bat egin ostean, gosea piztuko zaio bati baino gehiagori. Bada, 14:30ean herri bazkaria egingo da, txosnagunean.
Arratsaldean, 16:00etan, saskibaloi partida batzuk jokatuko dituzte eskoletan: hiru hiruren aurka arituko dira, eta nesken zein mutilen arteko norgehiagokak egongo dira. Horren ostean, eskulanen erakusketaz gozatzeko aukera izango dute Jubilatuen Etxeko beheko solairura bilduko diren lagunek.
Jan, edan, dantzatu
Orduak aurrera egin ahala, indarra berritzeko beharra sentituko dute askok eta askok, eta Olea kalean 19:00etan egingo den afari-merienda aukera paregabea izan daiteke gauerako prestatzeko. Solomo pintxoa euro batean salduko dute, eta sardinak, bi euroan. Gero, poteo berezi bat antolatu dute: 19:30ean, zaldibartarrek mojito poteoa egingo dute kalez kale, txosnetatik hasita. Giroa animatzeko, Errerre Txarangak musikaz hornituko du ibilbidea.
Hortik aurrera, dantzek edukiko dute protagonismo osoa Zaldibarren; izan ere, areto dantzen erakusketa ikusi ahal izango dute Olazar pilotalekuan bilduko direnek, 22:30ean. Gauerdian, pausorik gabeko dantza nahiago dutenen astia helduko da, Triki ta Ke taldeak erromeria eskainiko baitie logurarik izango ez duten gazte eta ez hain gazteei. Musika emanaldi hori txosnetan izango da, parranda luzatuko dutenek larregi mugitu behar izan ez dezaten.
Bertsoak balkoitik balkoira
Bihar ere, musika izango da nagusi Zaldibarko jaietan: 11:00etan, Euskal Herriko trikitilari txapelketako irabazleak kalejiran arituko dira, dultzaineroekin eta Iruñeko Arrotxapea auzoko konpartsarekin batera. Goizeko saioarekin aski ez, eta 16:00etatik 18:00etara ere kalejira egingo dute dultzaineroek eta konpartsak.
Eguerdian, berriz, euskal dantzen txanda helduko da; Zaldua plazan, hain zuzen. Bazkalostetik 20:00etara, Jubilatuen Etxearen beheko solairuan, eskulanen erakusketa ikusteko beste aukera bat izango dute zaldibartarrek. Arratsaldean, bertsozaleek saio oso bereziaz gozatzeko parada izango dute. 18:00etan, Eneko Abasolo Abarkas-ek, Uxue Alberdik eta Iñigo Manzisidor Mantis-ek balkoitik balkoira botako dituzte bertsoak, Zaldua plazako alde batetik bestera batak besteari erantzunez. Jaiak amaitzeko, 23:00etan su festa izango da, Askorra kalean.
Festak bihar bukatu arren, datorren asteburuan ere zenbait ekitaldi egingo dira Zaldibarren. Hala, uztailaren 14an —larunbata— mendi ibilaldi neurtua egingo dute, 08:00etatik 15:00etara. Uztailaren 15ean, berriz, meza egongo da San Martin ermitan, eta Koral elkarteko dantzarien emanaldia ere bai.
Jaiak. Zaldibar
Olinpiadak, aurten, jaietan
Gaur, txosna arteko olinpiada egingo dute Zaldibarko jaietan, eta erromeria ere izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu