Olioz jantzitako hiri paisaiak

Nagore Arrastua irundarrak hiri lasai bat nola esnatzen den irudikatu nahi izan du bere margolanetan

2011ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Nagore Arrastua Barbado margolariak (1975, Irun) erakusketa bat jarriko du Ordiziako kultur etxean. Inagurazioa etzi izango da, 19:00etan; eta erakusketa azaroaren 25a bitartean egongo da ikusgai. Bilduma olioz eta akuarelaz egindako margolanek osatzen dute. Lan horietan hiriko paisaiarantz eta errealismo onirikorantz gerturatzen da Arrastua. Eguna esnatzean eraikin eta teilatu gainetan leunki pausatzen diren lehen argi izpiak jasotzen dira, hiri bat lasai nola esnatzen den irudikatzeko asmoz.

Bertaratzen direnek erraz ezagutuko dituzte kolore biziz jantzirik dauden euskal herri eta hirietako txokoak; Irun, Hondarribia eta Donostia, adibidez. Baita, agian, margolariak bere bidaietan jaso dituen hirietako argazkiak ere: Madril, Sevilla (Espainia), Lisboa (Portugal) eta Dubrovnik (Kroazia).

Olio pinturetan, marra angeludunek mugimendua ematen diote goizari, eta itzalen kontraste sakonek ustekabean harrapatzen dute ikuslea. Akuarela koloredun eta adierazgarriek argitzen ari den hiria lo sakonetik iratzartzen dute.

Banakako erakusketa honen aurretik, taldeko hainbat erakusketatan parte hartu izan du Arrastuak. Adour Bidasoa lehiaketan aipamen ugari lortu zituen; 2008an eta 2009an ohorezko diploma jaso zuen.

NAGORE ARRASTUA

Non. Barrena kultur etxean (Ordizia, Gipuzkoa)

Noiz. Azaroaren 4tik 25era bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.