Zeanuriko Joko Alai elkarteko mendi sailak 25. Mendi Martxa antolatu du larunbaterako. Goiz batez herriko ondare kulturala ezagutzeko aukera emango dute, naturaz gozatu eta kirola egiten den bitartean.
Ibilbide luzean, 35 kilometrokoan, Zeanuri inguruetako eliza eta ermitak ikusteko aukera izango da. Guztira, hogei dira, baina ibilbidean hemeretzi bisitatuko dituzte, Egiriñako Edurretako Amaren ermita ibilbidetik kanpo utzi baitute.
Ibilbide osoa luze geratzen zaienentzat, beste bi ibilbide ere proposatu dituzte, motzagoak: 27 kilometrokoa bat eta 15 kilometrokoa bestea. Luzera ertainekoak San Joanetik helmugara bitarteko bidea hartzen du; eta ibilbide laburrenak, San Migeletik helmugarako ibilbidea.
Goizeko zazpi eta erdietan hasiko da mendiko martxa. Herriko pilotalekutik abiatuko dira mendian gora. Osasun zaintzako guneak eta jateko eta edateko postuak egongo dira ibilbidean zehar. Kontrolguneak ere ipiniko dituzte, 15:00ak bitartean. Dutxak ere egongo dira, herriko pilotalekuan, parte hartzaile guztientzat.
Helmugan, oroigarri moduan, opari bat emango diete parte hartzaile guztiei.
Mendiko martxan parte hartzeko, beharrezko da izena ematea. Asteazkena baino lehen emanez gero, prezioa zazpi eurokoa da. Larunbatean bertan ere eman daiteke, 06:45etik aurrera, hamar eurotan. 14 urtetik beherakoek eta Joko Alaiko bazkideek hiru euro ordaindu beharko dituzte.
Ondare kulturala gidari
Zeanuri inguruko ermitak eta elizak bisitatuko dituzte larunbatean, 25. Mendi Martxan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu