Ondarea eta natura uztartzen dituen ingurua

Futuroscope bisitatzen duten euskal herritar gehienek ez dute aukera baliatzen, baina turismo eskaintza zabala du Vienne departamenduak: Erdi Aroko elizak, hainbat animalia parke, naturaz gozatzeko parada...

Iñaki Lasa Etura.
Poitiers
2016ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herritik Futuroscopera joaten diren bisitari gehienek asteburuko edo egun gutxiko joan-etorria egiten dute soilik. Etxetik atera, jolas parkea ezagutu, eta buelta. Gutxi gehiago. Bisitariak, oro har, ez du ingurua ezagutzeko astirik hartzen. Eskaintza zabala du, baina, Vienne departamenduak. Batez ere ondarean, naturan eta aisialdi parkeetan oinarritua dago turismo eskaintza.

Poitiers da Vienneko hiriburua. Futuroscopetik oso gertu dago hiriaren erdigunea, hogei minutura autoz. 90.000 biztanle inguru ditu, horietako asko unibertsitate ikasleak (%22), Frantziako unibertsitate ezagunenetako bat baita Poitiersekoa. Unibertsitateagatik ez ezik, elizengatik ere badu ospea. Zerbaitengatik deitzen diote ehun kanpandorreen hiria. Ikusgarriak dira XII. mendeko Notre-Dame-la-Grande eliza erromanikoa, hiriaren erdigunean kokatua, eta Saint-Pierre katedrala. Horrez gain, Europako monumentu kristaurik zaharrena du: Saint Jeaneko bataiategia, IV. mendekoa.

Ondarea ez da Poitiersera mugatzen. Erdi Aroko harribitxi ugari ditu Chauvigny herriak, eta Angles-Sur-l'Anglin Frantziako hiri ederrenetako gisa izendatu izan dute. Montmorillon liburuaren eta literaturaren hiria da, etaSaint-Savinen zutik dirau Karlomagnoren semeak 820. urtean altxatu zuen abadia. Unescok munduko ondare izendatu du.Departamenduaren ekialdean daude hirurak, Poitiersetik ordu batera baino gutxiagora.

Tximinoak, krokodiloak...

Ondareaz harago doa Vienneko turismo eskaintza. Naturarekin lotura estua duten hainbat aisialdi parke daude. Horietako ezagunena da Vallee des Singes (Tximinoen bailara). 30 espezietako 400 tximinotik gora bizi dira Romagne herriko parkean. Krokodiloak nahiago dituenak Krokodiloen planeta bisita dezake (Civauxen), eta hegazti zaleak Chauvigny herriko Zeruko Erraldoiak falkoneria ikuskizunaz gozatzeko aukera izango du.

Abenturazaleek oinez, bizikletan, zaldi gainean eta txalupan izango dute aukera naturaz gozatzeko, baita lakuetan uretako kirolak praktikatzeko parada ere. Ostatu hartzeko era alternatiboen bila dabiltzanak, berriz, Pressaceko urmael erdian dauden etxaldeetan, Belle parkekoetan edo Defi Planeteko eraikin berezietan lo egin dezakete. Familian zein lagunekin gozatzeko aukera eskaintzen du Viennek.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.tourisme-vienne.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.