Aspaldiko musika tresna bat izan arren, haren doinuek liluratu egiten dute oraindik. Edo, beharbada, antzinakotasunak berak dakar organoa entzuteko gogoa izatea gaur egun ere. Urdaibaiko Organoak jaialdiak interes hori sustatzen du, eta aurten ere egitarau oparoa prestatu dute soinu zahar-berri horri aterpea emateko. Atzo ekin zioten 22. aldiari, eta bederatzi ikuskizun eskainiko dituzte abuztuaren 15era bitartean, Busturialdeko (Bizkaia) zenbait herritan.
Organoaren gaurkotasuna iradokitzen du, hain justu, aurtengo leloak: Organoa, museo bizia. Izan ere, antolatzaileen esanetan, jaialdia ez da kontzertu ziklo hutsa; bada, era berean, musika tresna hori «berreskuratu, zaindu eta ezagutarazteko egitasmoa». Udako kontzertuak antolatzeaz gain, jaialdiaren sustatzaileek hogei urte inguru daramatzate orobat eskualdeko ondarea zaintzen, «Europako organo historikoen multzorik berezienetako bat» baita, haien irudiko. Urte osoan egiten duten lan hori erakusteko abagunea dira udako emanaldiak.
Gernika-Lumoko (Bizkaia) Santa Klara komentuko organoa da zaharberritu duten azkena. Aquilino Amezua y Cia lantegiak taxutu zuen musika tresna 1910ean, eta Eusko Jaurlaritza da haren jabea orain, komentua eskuratu zuenetik. Hura erabili zuten aurreneko kontzertuan, atzo. Horrez gain, beste tresna batzuk ere zaharberritzen ari dira: Bermeoko San Frantzisko elizako organoa, Muxikako San Bizente Martiria elizakoa eta Arratzuko harmoniuma. Eta ahaleginak egiten ari dira, halaber, eskualdeko beste pieza historiko batzuk zaharberritzeko, aurrerantzean haiek ere kultur jardueretan txertatuz joateko asmoz.
«Hogei urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, argi erakutsi dugu organo hauek ez direla museoan gordetako piezak, baizik eta bizirik dauden musika tresnak», adierazi zuen Benantzi Bilbaok, jaialdiaren koordinatzaileak, asteartean, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan egindako aurkezpenean. «Zaharberritze bakoitza garaipen bat da gure ondarearentzat, eta kontzertu bakoitza aukera bat, tresna horiei berriro ahotsa emateko eta gizartearekin partekatzeko». Jaialdiak Urremendi landa garapenerako elkartearen laguntza jaso du aurten ere.
Hainbat txokotan
Bilbao beraren txanda da gaur. 20:00etan, Gautegiz Arteagako Andra Mari elizako organoa joko du, eta ahotsarekin jantziko ditu haren doinuak. Eta hurrengo asteetan beste hainbat musikari eta toki batuko dira zerrendara; kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira. Larunbatean, Steffano Pellini ariko da Mundakako Andra Mari elizan. Uztailaren 24an, Kortezubiko Santiago Apostoluaren elizako harmoniumarekin girotuko du iluntzea Jesus Perez Aznarezek, Francisco Egido tenorraren laguntzaz. Hurrengo egunean, Giovanni Maria Perrucciren ardurapean izango da Gernika-Lumoko San Bartolome elizako organoa, eta, uztailaren 26an, Axpe-Busturiko Andra Mari elizakoa joko du Ana Belen Garciak. Uztailaren 31n, Willibald Gugenmoss entzuteko aukera izango da Gernikako Andra Mari elizan.
Eta abuztuak ere organo soinua izango du. Hilaren lehen egunean, Guilio Gelsomino organo jotzailea eta Victor Cruz baritonoa ariko dira Arratzuko San Tomas elizan. 8an, berriro izango dira Axpe-Busturiko elizan: Susana Garcia Lastrak joko du bertoko organoa, eta Ruth Rosique sopranoa izango du lagun. Eta abuztuaren 15ean borobilduko dute festibala, Mundakako Andra Mari elizan: organoarekin ibiliko dira Javier Artigas eta Benantzi Bilbao, Iosu Sorriketak txistu doinuak txertatuko dizkio emanaldiari, eta Arantza Fernandezek eta Lapse Mundaka taldeak dantzaz jantziko dute Urdaibaiko Organoak zikloaren bukaera.
Horrez gain, uztailaren 21ean Lope Alberdi organogileari eskainitako erakusketa zabalduko dute Euskal Herria Museoan, Gernika-Lumon.