Onddo jangarrietatik haratago beste asko badirela erakutsi nahi du Arantzadi Zientzia Elkarteak. Scutellinia generoa Euskal Herrian aztertu zuen hitzaldi batean Joxepo Teres (Donostia, 1957) mikologoak.
Scutellinia generoaz Euskal Herrian mintzatu zara. Zein genero da?
Onddo mota bat da, txikia. Betiko onddo jangarrietatik haratago joanez, inguruan dugun onddoen aniztasunean genero bat da. Bi motatako onddoak daude: normalean ezagutzen ditugunak, zapela eta enborrarekin, batetik; eta askomizeteak, bestetik. Scutellinia generokoei askomizeteak deitzen diegu. Askomizeteek barneko egitura ezberdina dute, eta bereizten dira, batez ere, barneko zelulak birproduzitzeko aska edo hodi batzuk dituztelako, eta hor barruan dituzte esporak.
Zergatik aukeratu dituzu Scutellinia generokoak?
Nahiko arraroak eta urriak direlako. Txikiak izanik, nahiko oharkabean pasatzen dira. Onddo saprofitoak dira; egurrean edo egur arrastoetan bizi dira, eta natura zikloak betetzen laguntzen dute. Garai honetan, onddo beltza eta txuria, edo gibelurdina dira ezagunak, baina beste asko daude. Adierazi nahi dugu onddoen aniztasuna oso handia eta interesgarria dela. Biltzeari eta gastronomikoki duten garrantziari begira daude asko, eta onddoek ez dute bakarrik garrantzi hori. Ez dugu nahi onddoak horretan bakarrik gelditzea.
Beste pauso bat eman nahi al duzue?
Bai. Aholku batzuk ematen ditugu. Herri askotan egiten diren onddoen erakusketak tradizioz egiten dira, eta gomendio batzuk ematen ditugu, espezie bakoitzetik hiru ale hartzea eta horrelakoak, baina ez goaz haratago. Ikerketak egiten, eta datuak biltzen hogeita hamar urte baino gehiago daramatzagu. Egun, espezieak nola dauden azalduz, katalogo bat ateratzeko asmoa ere badugu; horretan gaude; eta horregatik, ezohiko espezie batean jarri dugu arreta. Badira urte batzuk Arantzadik erabaki zuela ez ginela gehiago erakusketa mitologikoetara joango. Horri buelta eman nahian gabiltza. Mendietan sekulako sarraskiak egiten dira, eta bere garaian bazuen izateko arrazoia aholkularitzak. Orain, dibulgazioa ahaztu gabe, gehiago landu nahi dugu bide zientifikoa.
Scutellinia generoko zenbat espezie daude Euskal Herrian?
Hogeita bi espezie ditugu Euskal Herrian sailkatuta. Genero bat da, eta genero horren barruan daude abizen ezberdinak dituzten 22 onddo mota. Euskal Herrian nahiko urri dira; oso gutxi ikusi ditugu azken urteotan. Urri samarrak dira, eta horiek ere gure ondare naturalaren lekuko dira, eta ezagutarazi behar dira. Bizkaian atera zen duela gutxi katalogo bat, eta sarean dago. Arantzadik ere badu katalogo bat. Zein espezie diren, haien ezaugarriak, nola banatzen diren...
Non aurki daitezke?
Oso baso hezeetan egoten dira normalean. Erreka ertzeetan, eta ura dagoen tokian. Beti egurrean, edo egur zatien ondoan, lurrean.
Nola ikus edo antzeman daitezke?
Kolore bizia dute, hori-laranja bizia. Hamar milimetrokoak dira, dilista bat bezalakoak, ertzean ileak dituzte, eta, derrigorrean, mikroskopiora joan behar da jakiteko zein espezie den. Beti ezaugarri mikroskopikoetara joan behar da espezie bat den edo ez den jakiteko.
Zergatik dira garrantzitsuak onddo horiek?
Bizitzaren zikloan eta basoaren kudeaketa ekologikoan onddoak oso garrantzitsuak dira. Ezinbestekoak, esango nuke nik. Ziklo horren barruan ezinbestekoak dira, oso urriak direlako. Horrek eskatuko luke gure basoetan kudeaketa ekologikoago bat egitea. Egurra uztea basoetan, adibidez. Hogei urtean behin, dena eramaten da produkziorako erabiltzen delako, eta zenbait basotan egokiagoa den beste produkzio mota bat egin beharko litzateke. Era natural batez egina, aniztasuna aberasteko.
Espezieak urritzen ari al dira?
Kezkatuta gaude. Ikusten ari gara zenbait espezie urritzen ari direla, eta zerrenda gorri bat ere egin da onddoen inguruan, eta jarraipena egin beharko genuke, basoen kudeaketa, gizakiaren presioak eta klima aldaketak ere eragina izan baitezakete. Mendian aniztasuna ikusten da, baina horri dagokion produkzioa eta masa asko jaisten ari dira.
Ezarian. Onddoen garaia. Josepo Teres. Arantzadiko mikologoa
«Onddoak oso garrantzitsuak dira basoaren kudeaketa ekologikoan»
Onddoen sasoia baliatuz, Arantzadi Zientzia Elkarteak Mikologia Jardunaldiak antolatu berri ditu. Onddoen balio ekologikoa izan du hizpide Teresek, zientzia elkarteko mikologoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu