Uda lehorra izan da Euskal Herrian. Azken asteetako euriekin ere deus gutxi atera da basoetan. Urte osoan izaten da perretxikoak biltzeko aukera, baina uda bukatzearekin eta udazkena hastearekin batera joaten da jende gehien basoetara aleen bila. Kolpea noiz joko zain egon gabe, biltzaile asko joaten ari da mendira, saskia eskuan, onddo beltz eta zuri edo gibelurdinez betetzeko.
Ultzamako parketxean irailaren 6an ireki zuten onddo garaia. Azaroaren 1era arte, ostegunetan eta ostiraletan 08:30etik 14:00etara zabalik dago Ultzamako parketxea, Lizaso herriko Kuartelenea etxean. Eta 08:30etik 15:00etara asteburu eta jaiegunetan. Haraneko baso eta mendietan onddoak biltzeko, baimena behar du perretxikozaleak. Eguneroko baimenak bost euro balio du. Urte osorako denak, berriz, 90 euro balio du asteko egun guztietarako bada, eta 50 euro asteburu eta jaiegunetarako edota asteko egunetarako bada.
Bost urte dira parkea martxan jarri zutenetik, eta emaitzekin oso pozik daude. Euskal Herriko beste hainbat eskualdetan bezala, orduan goia jo zuen Ultzamako baso eta mendietara onddo bila joaten zen jende kopuruak eta auto ilara luzeak. Perretxikoen gehiegizko bilketa eta basoan kalte egitea ekarri zuen. Mugak jartzen lehenak izan ziren Ultzaman, eta eztabaida eta kritika iturri izan bazen ere, atzetik beste hainbat tokitan ezarri dira araudiak: Araban, 2008an; hiru urte beranduago, Gipuzkoako natur parkeetan, eta aurki Nafarroako Iratiko oihanean ere jarriko dituzte.
Haranean nozitzen ari ziren gehiegizko jendetza eta ustiapena amaitzeko eratu zuten parkea. Bi helburu horiek bete direla dio Javier Gomez mikologoak eta Ultzamako parke mikologikoaren arduradunak. 2007tik onddo asko atera diren urteak izan dituzten arren ez dela biltzaile uholderik izan esan du. Onddo barrutia jarri aurreko urtean, 2006an, ikerketa bat egin zuten, eta lortutako datuak argigarriak dira. «Udazkeneko egun batzuetan, egunero, 1.500 lagun izan genituen basoan. Bizpahiru kilometroko pistetan, 100-150 auto zeuden. Ez gara horretara iritsi». Dena dela, baimenak ere mugatuak daude. Egunean ezin dira 600 lagun baino gehiago ibili onddo biltzen. «Kopuru horretatik gaindi iraunkortasuna arriskuan dagoelako». Horretaz gain, parkeak harana biziberritzeko balio izan duela dio. «Garapen iraunkorreko nekazaritza turismoa lortzen ari gara». Hazten ari dira, eta aurten parkeak autofinantzatzea lortu du. 42.000 euroko aurrekontua dute, eta baimenekin, web orriko publizitatearekin eta diru laguntzaren batekin, ez dute Ultzamako Udalaren laguntzarik beharko. «Krisi garaiotan, ez da lorpen txikia».
Urtez urte, hazten
Onddoak eta zizak biltzeko baimen ordainduen sistema hasi zenetik, biltzaileak gehituz joan dira Ultzaman. Lehen urtean, 1.294 baimen banatu zituzten, baina 2009a izan zen urte erabakigarria. Urte horretan parketxearen webgunea zabaldu zen. «Onddo urtea izateaz gain, igoera nabarmena izan genuen. Urte horretan, 2.772 baimen eman zituzten», dio Gomezek. Joan den urtean kopurua 3.243ra igo zen, eta aurten kopuru hori gaindituko dela uste du. «Aurten jada 900 baimen eman ditugu, eta onddo sasoia hasi besterik ez da egin».
Euri askorik bota ez duen arren, denboraldi ona espero dute. «Goiz hasi genuen sasoia, eta onddoak ateratzen ari dira. Asteburuetan jende asko dator. 30-40 lagun etortzen zaizkigu egunero galdezka». Gero eta interes handiagoa dagoela uste du. Hil honetan orain arte gehien bildu den alea onddo beltza (Boletus aereus) izan da. Irailaren hasieran kolpe bat egon zen, eta oso preziatua eta ezagunenetakoa den onddoa izanik, biltzaileak kontent ziren.
Dena dela, biltzailea hezten ere saiatzen dira parkean. Onddo beltzaz gain, biltzeko beste ziza batzuk ere badaudela azpimarratzen saiatzen dira. «Biltzaile askori azaldu egin behar zaio nola eta zer bildu. Gehienek eskertu egiten dute». Dena dela, tentuz ibiltzeko gomendioa ere egiten dute, urtero gertatzen diren intoxikazioak eragozteko. «Zalantzarik izanez gero, galdetu egin behar da. Jendea hil egiten da onddo pozoitsuak jateagatik. Jende gero eta gehiago joaten da onddo biltzera, eta ikusten duten guztia eraman nahi izaten dute».
Irati arautzeko bidean
Zaraitzuko eta Aezkoako haranetako batzar nagusiek (Nafarroa) Iratiko oihanean onddo eta zizen bilketa arautzea aztertzen ari dira. Zaraitzuko batzarrak bilketa arautzen duen ordenantza prest du jada. Iratira onddo biltzera gero eta jende gehiago joaten dela oharturik, batzarrak hori mugatzea erabaki zuen. «Iratira gero eta jende gehiago joaten da onddo bila, ez bakarrik familian jateko, salmentan jartzeko baizik. Kontrolik gabe dabiltza», dio Mikel Aoizek, Zaraitzuko Batzar Nagusietako presidenteak. Haranean dagoen baliabide bat ere badela aintzat hartuz, haranean lana sortzeko ere balio dezakeela uste du. Ordenantzaren zirriborroa prest da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da. Orain, hilabete batez, helegiteak jartzeko aukera izanen du jendeak. Bide hori eginda, araudia behin-behinekoa izanen da. Heldu den udaberrirako martxan jartzea aurreikusten dute. Oraindik onartzeko dagoen ordenantza hori Iratiko herri lurrei dagokie eta onddo, ziza eta beste produktu naturalen aprobetxamendua arautzen du. Behin indarrean sartuta, onddo eta zizak ezin izanen dira baimenik gabe bildu. Bilketa egiteko txartelak batzarretako bulegoetan eta horretarako baimendutako tokietan banatuko dira. Baimenak egunekoak edo urtero berritzen direnak izan daitezke. Beste toki batzuetan jada martxan dauden arauan oinarritzen da Zaraitzuko zirriborroa, eta baimenak ordaindu egin beharko dira. Eguneko baimena zortzi euro kostako da, eta zortzi kilo ziza eta onddo bildu ahal izanen du biltzaileak. Urteroko baimenak 80 euro balioko du, eta egunero zortzi kilo hartu ahal izanen dira. Baina baimen bereziak ere egonen dira haranean bizi direnenentzat. Haraneko bizilagunek urteroko baimena doan lortuko dute, eta egunean zortzi kilo hartzeko aukera izanen dute. Haranekoak izan, etxea izan, baina bertan bizi ez direnek 30 euro ordaindu beharko dute urtean, eta egunean zortzi kilo hartu ahal izanen dituzte. Erroldan dauden bizilagunentzat merkataritza baimen bat ere aurreikusten da. 80 euroren truke, nahi duten guztia bildu ahal izanen dute denboraldi osoan.
Araudiak autoen sarrera ere kontrolatzeko balioko du. Baimena agerian jarri beharko dute, aginte magalean, eta ezin izanen dira pistetan barna ibili. «Mendiaren onerako izanen da, barrutiarekin lortzen den diruak haranean lana sortzeko balio dezake, lan faltan jendeak alde egiten baitu hemendik».
Aezkoan ere antzeko araua eztabaidatzen ari dira, eta aurki izanen dute prest. Ultzamaren bideari jarraituz, parke mikologiko bat eratzeko aukera aztertzen ari dira. Proiektuan bi haranak ez ezik, Erroibar ere sartuko litzateke. «Mugimendu asko egoten da, Iparraldetik jende asko sartzen da, eta hemendik zer esanik ez».
Nafarroako mendietako basoen baliabide mikologikoak balioan jartzeko Biodibertsitate Fundazioak egindako programaren barnean dago asmoa. Garalur landa garapenerako agentziak sustatu du, eta laguntza teknikoa Garrapo enpresak eskainiko die, Ultzamako parke mikologikoa kudeatzen duen enpresak. Proiektua onartzen bada, heldu den urtean jarriko da martxan.
Ezarian. Mikologia
Onddoen zain
Aurreko asteko euria dela eta, udazken hasierako kolpearen zain daude onddozaleak. Ultzamako parketxean irailaren 6an ireki zuten onddo garaia, eta hilabete eskasean bederatziehun baimen eman dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu