Lehengo egunean, Lopezena onismoaren agintaldia izango dela esan zidan nire lagun Felixek, tabernan sartzen ari nintzela. «Mundiala izango da, Xabi! Onismoa iritsi da Euskadira». Zer gerta ere, ahalik eta azkarren eskuratu nuen eserleku bat... ez nekien zertaz ari zen, baina ongietorriak itxura ezin hobea zuen, alajaina!
«Entzun al zenion Lopezi ETBko maparen harira galdetu ziotenean? Antza denez, kontua ez da Nafarroa mapatik kentzea, ezpada mapa handitzea. Akaso ez al dira euskaldunak Kantabria aldera joaten asteburuak pasatzera? Akaso ez al dago Errioxa euskaldunez josita? Eta horretarako zer hoberik Eguzkiñe Iturriotzen aholkuak baino! Mapa murriztu beharrean mapa handitu... euskaldunon eragin-eremua infinitua da kanpinez betetako mundu batean! Horratx onismoa: Lopezek ez du ezer kentzen, Lopezek gehitzen du!!».
Eta ni isilik.
«Ez dakizu zer den onismoa, ezta?». Ezetz erantzun nion buruaz.
«Ba, erraza da. Zapateroren estrategia politikoaren aldaera baskoa da onismoa. Zapaterok pertsona on bat delako irudia saltzen du. Politikari txarra da, bai, baina kontuz: pertsona on bat da! Buena persona. Eta hortik dator bere politikaren funtsa: Zapaterok buenismoa praktikatzen du. Ba, Lopezek antzeko-parezido egin nahi du: ontasuna praktikatu, edo onismoa, hitza guztiz elebiduna izan dadin».
Aitor dut azalpenak zapuztu zuela nire hasierako poza.
«Beraz, onismoak ez dauka zerikusirik sexuarekin...? Lastima...!».
Onismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu