Elikadura. Hazkurri kontuak

Ontzi adimentsuak

2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Elikagaien ontzi birziklagarrien ondotik enbase adimentsuak etorri dira aspaldi honetan saltokiko azalerez jabetzera. Bilduki horiek, daukaten elikagaien egoeraz eta kalitate mailaz informatuko gaituzte begiratu soil batez. Duela bi urte, Ase eta Gose honetantxe, haragi enbaseetako sentsorea (mikroorganismo patogenoen jardueraren ondoriozko gas eta lurrunak atzematen zituena) izan genuen hizpide. Haragiaren usteltze prozesuaren lehen etapa nekez atzeman dezakegu guk, baina aingeru guarda moduko enbase zorrotz horiek, aurreneko sintoma aditurik, hondamendiaren hasiera gaztigatuko digute.

Haragiaren egoera ez ezik, arrainena ere atzematen dute Fraunhofer Institutuak garatu eta Alemaniako Gobernuak espontsorizatutako enbase eguneratuek: ontzian, begi bistan dagoen etiketa kolorez aldatzen doa, okela edo arrainaren aminak atzeman ahala: fresko-fresko dagoenean etiketa urrea bezain hori agertuko da baina, egunak igaro ahala, berdetik urdinerako joera hartuko du, elikagaiak kalitatea galdu duelako.

Ez dirudi, ordea, euskal azalera handietan enbase buru-argitsu horiek erakusteko joera jeneralizatuko denik, bi ahoko aizkora baita sistema hori. Kalitatea endekatu ahala kolorea aldatuz joateak mesede egiten digu kontsumitzaile guztioi, erosketak egiten ohitura handia ez dutenari, aurrekontu handiegia ez duen edadeko pertsonari, kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioaz kezkatzen denari, bikaintasun gastronomikoa ordaintzeko inolako eragozpenik jartzen ez duenari, elikagai jakin batzuen kontrako alergiarik nozitzen duenari, eta abar.

Sentsore hori, beste aldetik, ez legoke jan behar den mamiari itsatsita, film batean bildua baizik; oso zehatza litzateke, produkzio masiboa eginez gero merkea aterako litzaiguke ordaindu behar dugunoi.

Baina…

Guk, behintzat, ez dugu uste salgai dagoen elikagaia egoera hobezinean ez dagoela salatzen duen aparatu hori, merkatarien gogokoa izan litekeenik, are gutxiago eskala handiko merkatariena (banatzaile erraldoiak, hipermerkatuak, eta abar). Agian, gaur egun egiten den baino askoz lehenago baztertu beharko lirateke harategiko eta arrandegiko produktu deigarri asko, pagotxak, mahukak.

Beste kontu bat litzateke enbase adimentsua janariaren iraupena luzatzeko gauza izatea. Baina ez gara horretaz ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.