Ezarian. Zientzia

'Opportunity'-k hamar urte bete ditu Marteko lurrazala aztertzen

Planeta gorrian bizitzarako orain arte aurkitu diren kondizio onenen zantzuak topatu berri ditu misioak

Erredakzioa
2014ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Berez hiru hilabeterako aurreikusita zegoen misioak hamar urte bete berri ditu. NASAren Opportunity ibilgailuak 2004ko urtarrilaren 24an hartu zuen lur Marten, Spirit bere robot bikia bertara iritsi eta hiru aste geroago. Spirit robotaren esplorazio lanek sei urte iraun zuten, baina Opportunity-k lanean segitzen du, 2012ko ekainean heldu zen Curiosity ibilgailu ezagunarekin batera. Nor bere bidetik, biak ari dira planeta gorria esploratzen eta bertako laginak eta argazkiak hartzen.

Endeavour kraterraren ertzean ari da orain lanean Opportunity, Matijevic izena jarri dioten muinoan; duela hamar urte lur hartu zuen tokitik ia 40 kilometrora. Bertan egindako aurkikuntza berrienak Science aldizkariko lehengo asteko alean argitaratu zituen Ray Arvidson misioaren ikertzaile nagusiaren ondokoak.

Arvidsonek azaldu duenez, Opportunity-ren esplorazio berrienek emandako datuak mugarri dira Marteko ikerketan. «Harkaitz horiek zaharragoak dira misioan orain arte aztertu ditugun beste guztiak baino. Gainera, aurreko ikerketetan aztertutako frogek baino kondizio onuragarriagoak iradokitzen dituzte mikrobioen bizitzarako», azaldu du.

Planeta gorria iraganean gaur egun baino askoz ere epelagoa eta hezeagoa izana dela erakusten duten gero eta aztarna gehiago topatzen ari dira NASAko ikertzaileak. Ondorioz, bertan noizbait bizitza egon izan dela pentsarazten duten zantzuak asko dira, gero eta gehiago.

Steve Squyres misioaren ikertzaile nagusiak dioenez, hamar urte beteta ere, Opportunity-k oraindik asko du emateko: «Ibilgailuaren parean dagoen harkaitz bat aztertzen ari gara orain; inoiz ez dugu halakorik ikusi. Martek ezustekoak ematen dizkigu oraindik ere, misioaren lehen astean bezainbeste ezusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.