ATZEKOZ AURRERA

Orein arrak, norgehiagoka

Oreinen marrualdiaz gozatzeko bisitak egiten dituzte Gasteizko Salburua parkean udazkena iristearekin batera. Animalia horien ugaltzea da aldi honetako helburu nagusia.

Orein arrek orein emeak erakartzen dituzte orroekin eta adarrekin; adibidez, Gasteizko Salburua parkean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Norgehiagoka dabiltza orein arrak Salburuko hezeguneetan, Gasteizen. Behe lainoa da nagusi, eta ez da erraza haiek begiztatzea, baina orroak aise entzun daitezke. Nork izan indar handiagoa, eta nor nagusitu; hori da joko horren legeetako bat. Era horretan, emeak erakartzea dute helburu; naturaren legeak hori agintzen omen du, eta hala ei da oraingoan ere. Lehia bat izango balitz bezala, orein irabazleek, era batera esatearren, eme kopuru handienarekin ugaltzeko aukera izango dute denboraldi honetan.

Udazkenaren etorrerarekin batera izan ohi da orein arren marrualdi garaia, eta, horretaz gozatzeko, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak bisitak antolatu ditu urrirako Salburuko parkean. Hamar pertsonako taldeak osatu ohi dituzte, eta bi aukera daude txangoaz gozatzeko: oinez edo bizikletaz. Atzo goizean egindakoan, ez zegoen bizikletarik, eta bertaratutako sei bisitariek oinez ekin zioten bideari. Ataria interpretazio zentroan hasi zen, eta Josu Galvez Calerok eman zituen azalpenak.

Hegaztien migraziorako funtsezko eremua da Salburukoa, Galvezen hitzetan, baina orain oreinetan jarri behar da arreta: «Hau da beraientzat garairik garrantzitsuena; urte osoan, bananduta bizi dira arrak eta emeak, beraien kumeekin batera, baina, orain, elkartzeko eta estaltzeko garaia da». Bidean aurrera egin ahala antzeman daiteke hori horrela dela, barneraino sartuta dagoen lainoak utziz gero, bederen. Gorpuzkerak eman dezake pista oreinetako bakoitza arra edo emea den jakiteko.

Jokabidea ere garrantzitsua da: emeek hautatzen dute arra, baina arra da emeak nora mugitu erabakiko duena. «Artzain txakur batek ardiak bezala», Galvezen esanetan. Era horretan, eremu bat bereganatzen dute arrek, eta emeak inguru horretara bideratzen saiatzen dira. Inguruan etsaien bat baldin badago, hura uxatzen saiatzen dira, eta helburua bat eta bakarra da: kopulatzea. «Arrak hautatutako eremuan hamar-hamabi eme inguru egon daitezke, eta denakestaliko ditu; are, emeak kitzikatzeko, arrek mingaina atera ohi dute, eta atzetik ere joaten dira, gero eta gehiago berotu daitezen».

Gidariak azalpen horiek eman bitartean, haur bat, largabistak erabiliz, alboan duen anaiaren xira distantzia batetik ukitu nahian dabil. Andoni eta Silvia gurasoekin joan dira bisitaz gozatzera. Salburua auzoan bizi dira, eta marrualdia bertatik bertara ezagutu nahi izan dute. «Ez da erraza izan goizean goiz jaikitzea, baina hemen gaude ». Haurreneran, prismatikoak dituzte soinean gurasoek ere, ilusio optikoaren engainuz edo, baina, beharbada, animalia horiek beraiengandik gertuago sentitzeko gogoz egongo dira.

Orein ar bat da bisitari horien guztien begiraden jopuntua. Bera da nagusi eremuan; beste bi noraezean dabiltza, inguruan, baina boterea duenak agintzen ei du sarritan, eta, oraingoan, bederen, horrela da. Galvezen arabera, adi egon ohi dira gau eta egun, etsairen bat, alegia, beste orein arren bat, eremua sar ez dadin. «Normalean, hiruzpalau ordu egiten dituzte lo, baina, marrualdian, hori ere ez dute egiten! Beraien lekua kontrolatzen dute, datorrena uxatzeko asmoz». Egun horiek gainditzeko, ea oreinek kafetegiren bat duten galdetu du Tarragonatik [Herrialde Katalanak] lagun batekin heldu berri den bisitariak.

Hala ere, gaurkoan, ez dirudi etsaiak joko gogoz daudenik. Gainera, ez omen da ohikoena borrokan hastea. «Liskarren bat egon daiteke batak ez badu bestearen eremua errespetatzen, baina ez danormalena, nekea eragin diezaiekeelako», adierazi du gidariak. Horren guztiaren jakitun, bertaratutako gehienek bat egin dute: «Hobe soltero egotea!».

Ikusi, ikasi eta errespetatu

Hasitako leku berean eman dio amaiera txangoari Galvezek, Ataria interpretazio zentroaren atarian, baina, bukatu aurretik, orein adar batzuk atera, eta bisitariek horiek ikusteko eta ukitzeko aukera izan dute. «Behealdetik hasita, lehen puntak borrokalari izena hartzen du; bigarrena, kontraborrokalaria da, eta, goialdean daude kriseilua eta koroa». Erantsi du adar horiek garezurretik ateratzen zaizkiela, eta belusezko estalki antzeko bat izaten dutela; behin hori eroritakoan ikus dakieke neguaren amaierara arte iraungo dien adajea.

Bertaratutakoak gustura dabiltza adar horiek ezagutzen, eta guztiek adierazi dute «pozik» daudela; nahiz eta behe lainoa egon, uste dute horrek ere eremuari «xarma» ematen diola.

Lilura hori mantentzeko, ordea, eremua zaintzea ere beharrezkoa da, eta hori azpimarratu du Galvezek: «Ikusi, entzun eta ikasi egin behar dugu, baina, betiere, errespetuz, ez dagoelako B planik; guztion artean lortu behar dugu elkarbizitza, ingurumenarekin bat eginda».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.