Pazientea zaindu eta ikertu, pazienterik gabe. Ikerketa biomediko pertsonalizatuan oinarritzen du bere lana Maddalen Zufiaurre Seijok (Irun, Gipuzkoa, 1999). Biomedikua da, eta oftalmologia ikerketa batean dago bete-betean. Zelula amak bildu, eta hartatik organoideak sortzen dituzte.
Gaixotasun arraro bat ikertzen duen proiektu batean ari zara lanean.
Hala da. Vall d'Hebrongo [Katalunia] Ikerketa Institutuko oftalmologia taldeko kidea naiz orain, eta erretinako gaixotasun bat da gure ikerketaren oinarria: erretinitis pigmentarioa. Erretina ikusmena izatea baimentzen digun egitura da, eta hainbat gaixotasun aurki ditzakegu bertan. Egun, prebalentzia handiko gaixotasun asko daude, baina, beste hainbat arlotan bezala, badaude gaixotasun arraroak ere. Erretinako gaixotasun arraroek prebalentzia txikiagoa dute, baina, era berean, indartsuagoak dira, eta lehenago agertzen dira.
Zer da zehazki erretinitis pigmentarioa?
Oraingoz, tratamendua ez duen gaixotasun bat. Izenak dioen moduan, erretinari egiten dio kalte. Gutxinaka gaueko ikusmena galduz joaten da pertsona, eta itsu ere gera daiteke. Gaixotasun arraroa da, eta herentziazkoa.
«Erretinako gaixotasun arraroek prebalentzia txikiagoa dute, baina, era berean, indartsuagoak dira, eta lehenago agertzen dira»
Nola bilatzen zaio irtenbidea tratamendurik ez duen gaixotasun bati?
Zatika banatzen da prozesua. Lehenik, teoria ikasi beharra dago. Zer den gaixotasuna eta pertsonei nola eragiten dien, funtsezkoa da hori jakitea. Ondoren, terapia nola aplikatu behar den jakin behar dugu. Azkenik, ikasitako guztia gaixo dagoen pertsonan aplikatu behar da. Gure ikerketa aurrera eramateko, eta tratamendua bilatzeko, azken urteetan zientzian egindako aurrerapauso handienetako bat erabiltzen dugu: organoidea. Guk, erretina organoidea.
Zer da organoide bat?
Organoide bat zer den jakiteko, pauso bat atzera egin behar dugu, eta zelula amak ulertu behar ditugu. Zelula amek gorputzeko edozein zelula sor dezakete. Ugaltze prozesuan, zelula amek sortzen dituzte gorputzeko zelula guztiak; beraz, ezinbestekoak dira. Gure kasuan, erretinitis pigmentarioa daukatenen zelula amak lortzeko prozesu bat egin behar dugu. lehenik, pazientearen zelulak hartzen ditugu, baina ez zelula amak. Zelula horiekin zelula amak lortzea da gure helburua. Zelulen garapenean pauso bat atzera egiten dugu, hasierara itzuliz, hau da, zelula ama ziren momentura. Hori lortutakoan, zelula ama horietatik erretinako zelulak lortzen ditugu laborategian bertan, eta haiek bilduz hiru dimentsioko egitura bat sortu, pazientearen erretina mimetizatzen duena.

Beraz, erretina baten kopia bat ikusten duzue zuek?
Erretinak hainbat geruza ditu, eta guk gure organoidean geruza horiek ikus ditzakegu. Pazientearen erretinaren funtzionamendua uler dezakegu horrela, pazientearen beharrik gabe. Haren organoaren luzapen bat da.
Hori abantaila handia al da?
Sekulakoa. Medikuntza pertsonalizatua da hau, azken finean badakigu-eta gaixotasunak nola eragiten dion zehazki paziente horren erretinari. Horrez gain, terapia haren erretinan nola garatuko litzatekeen jakitea oso garrantzitsua da, zuzenean pazienteari eragin gabe. Bestalde, badago beste arrazoi handi bat. Esperimentuak egiteko, animaliak asko erabiltzen dira zientzian. Guk, oftalmologian, saguak erabili izan ditugu gehien. Organoideei esker animalien erabilera murrizteko aukera dugu.
«Organoideei esker animalien erabilera murrizteko aukera dugu»
Eta desabantailak, badaude?
Organoideek ez dituzte gure erretinek dituzten sistema guztiak. Sistema immunologikoa eta baskularra falta zaizkie, eta, horregatik, oraindik beharrezkoa da animaliak erabiltzea.
Organoide bati ongi datorkion tratamendu bat aurkituko balitz, beste pazienteek ere berdin erantzungo lukete?
Erretinitis pigmentarioaren diagnostikoa antzekoa da gaixo dauden pertsona guztietan, oftalmologoak proba berdinak egiten dizkie-eta denei. Guk tratamendu bat aurkituko bagenu, gaixotasuna pairatzen dutenen gehiengoari lagunduko lioke horrek. Halere, gaixotasun arraroetan gene ezberdinek gaixotasun bera eragin dezakete, eta agian tratamenduak ez du eragin bera gene guztietan.
Gaixotasun arraroen atzean badago finantzaketa iturri handirik?
Prebalentzia handia duten gaixotasunak gehiago babesten dira, azken finean gero medikamentuak gehiago salduko direlako.
Nola iritsi zara proiektu horretara?
Biomedikuntza ikasi nuen, Bartzelonan. Betidanik interesatu izan zait giza gorputzaren funtzionamendua, eta bereziki zeluletan interes handia izan dut. Ondoren, masterra eta doktoretza egin nituen. Orain, biomedikua naiz, oftalmologian espezializatua.
Zure ikerketak Euskal Herrira ekartzeko asmorik baduzu?
Euskal Herrian baditugu ikerketa institutu asko, maila onekoak. Etorkizunean bertara bizitzera joateko asmoa badut, noski.
LOTSABAKO
Teoria ala praktika? Praktika.Aholku bat? Eroriz ikasten da oinez.Zeri diozu beldurra? Hutsari, adiera guztietan.
Euskal Herriko txoko bat? Legasa [Nafarroa].