OSASUNA. Arrautzari alergia

Proteina iturri aberatsa da arrautza, mahai eta plater askotako osagai ohikoa. Baina urtebeteko eta 2 urteko haurren artean alergia gehien eragiten duen jakia ere bada. Halako kasuetan, arrautza osagai duten elikagaiak saihestea da kontua.

Arantza Lorenzo.
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Alergia substantzia jakin bat dela-eta (alergenoa) gure gorputzak izaten duen erreakzio edo erantzun desegokia da. Arrautzarekiko alergian, gehienetan, gorputza albumina proteinarekin kontaktuan jartzean gertatzen da erreakzioa -zuringoan dago proteina hori-. Alergia zuringoan dauden substantziei izatea da ohikoena, baina gorringoak ere erreakzio hori ematen die zenbait pertsonari. Arrautza da 1 eta 2 urteko haurrei alergia gehien eragiten dien janaria, baina normalean 2 edo 3 urteren buruan gainditu egiten dute. Hala ere, badira gutxi batzuk helduaroan ere alergia diotenak.

Haurrei arrautza gorringoa lehen aldiz 9-10 hilabete inguruan ematen zaie, barazki purean nahastuta. Sintomarik agertzen ez bada, 12 hilabeterekin arrautza osoa ematen zaie, betiere egosia eta, lehen esan bezala, purearekin. Familian alergia arazoak egon badira, arrautza 2 urtera arte ez sartzea gomendatzen da. Bestalde, arrautza jaterakoan sintomak sumatzen baditugu, alergiaren probak egitea beharrezkoa da. Alergia izanez gero, aurrerago aipatzen diren produktuak dietatik ezabatu eta jakinarazi haurtzaindegi edo eskolako jangelan, bai eta txerto bat jartzeko garaian ere.

Alergia gainditu edo desagertzen ari den ikusteko, komeni da urtebetera gutxi gorabehera arrautza kopuru txikietan ematea. Sintomarik agertzen ez bada, pixkanaka kopurua handitzen joan gaitezke... horrela alergia gainditu dela ikusi arte. Bestalde, sintomak behin eta berriz agertzen badira, aurrerago aipatzen diren gomendioei jarraitzea ezinbestekoa izango da.

Sintomak:

- Larruazalean: urtikaria edo azkura krisiak, batzuetan aurpegi, betazal eta ezpainetako hanturekin; dermatitis atopikoa ere ager daiteke.

- Arnas aparatuko sintomak: asma edo/eta errinitis krisiak, laringeko edema...

- Digestio aparatukoak: tripako mina, botagura, beherakoa...

- Sintoma neurologikoak: migraña, loaren nahasteak...

- Larria denean, shock anafilaktikoa: pertsona berehala medikuarengana eraman behar den egoera larria.

Tratamendua:

Dietatik arrautza (bere horretan, arrautza hautsa, eratorriak...) eta arrautza osagaien artean dituzten janari guztiak ezabatu. Hona arrautzaz gainera ezabatu beharreko janariak (norbere tolerantziaren arabera):

- Arrautza osagaien artean dituzten zenbait barazki krema, zopa, salda edo haurrentzat prestatutako pureak.

- Pastak: hainbat makarroi, espageti, kaneloi pizza...

- Zenbait hestebete, pate, saltxitxa, arrautzeztatutako haragi edo san jakoboak, kroketak...

Esnekietatik: Esne kondentsatua, arrautzesneak, flanak eta esnegainarekinaberastutako esnekiak. Zenbait kafe kaputxinori gainetik jartzen zaion apar zuria, maiz, arrautza erabiliz lortzen da.

- Maionesa, gelatina, merengeak, zenbait izozki, turroiak, krepak.

- Margarinak: batzuek albumina izan ohi dute osagaietan.

- Eta etiketak irakurtzean jarraian aipatzen den edozein osagai duten produktuak: albumina, lisozima (gaztak heltzeko erabiltzen den proteina), lezitina (sojarena dela zehazten ez badu) eta luteina. Maiz erabiltzen dira okindegi eta gozotegiko produktuetan eta gozokietan.

Laburbilduz:

Hemen askotan esan dugun bezala, elikadurak orekatu eta askotarikoa izan behar du, alergia mailaren arabera aipatu ditugun janariak ezabatuta edo asko murriztuta. Kontuan izan behar dugu arrautzak duen proteina gure gorputzerako osoenetakoa eta aberatsenetakoa dela baina hori hartu ezin dutenek beste iturri batzuk erabili beharko dituztela proteina maila horretara iristeko: haragiak, arrainak, kontsumitu daitezkeen esneki arruntak (esnea, jogurta, gazta batzuk...), lekaleak arrozarekin prestatuak...

Aurrez prestatutako janariak baino gehiago, freskoak kontsumitzeko aukera egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.