Kirola egitea osasungarria dela jakina da, baina, zenbat egin behar da gutxienez? Sydneyko Unibertsitateko (Australia) aditu batzuek ikerketa bat egin dute horren inguruan, eta, The Lancet aldizkarian argitaratu dutenez, ondorioztatu dute egunean 7.000 pauso ematea dela egokiena. Horrek gaixotasun asko eta asko prebenitzen laguntzen baitu.
Orain arte, egunean 10.000 pauso ematea gomendatzen zuten, baina datu hori ez dago zientzian oinarritua. 1960an Japoniako marketin kanpaina batean zabaldu zen lelo bat besterik ez da, ondoren testuingurutik atera eta egia osotzat hartu zena. Gainera, zientzialariek uste dute gutxi mugitzen direnentzat ez dela bideragarria pauso kopuru hori ematea eta 7.000 ematea helburu «errazagoa» dela.
Gaur-gaurkoz, astean 150 minutuz kirola egitea gomendatzen da, baina hiru pertsonatik batek ez du baldintza hori betetzen. Batez beste, egunean 2.000 pauso ematen ditu pertsona bakoitzak. Ikertzaileek gutxienez 4.000ra igotzea espero dute, horrek berak ere onurak ekarriko bailituzke. Hala ere, 7.000 inguruan bihotza indartzen dela nabarmendu dute.
7.000 pauso ematea bost kilometro ibiltzearen parekoa da, hau da, ordubete inguru ibiltzearen parekoa. Aholku horri jarraitzea lagungarria da osasun arazo larriak prebenitzeko eta hiltzeko arriskua %47 apaltzeko. Bereziki onuragarria da bihotzarentzat, organo horretan gaixotasunak sortzeko aukera %25 apalduko bailitzateke. Minbizia eta diabetesa prebenitzeko eta eroriko gutxiago gertatzeko ere balio du. Horrez gain, buru osasuna hobetzen laguntzen du.
Ondorioak ateratzeko, adin nagusiko 160.000 lagun aztertu dituzte. Dena den, ikerlariek diote zenbatekoak ez direla guztiz zehatzak, ikerketa gutxi batzuetan besterik ez baitira oinarritzen. Esaterako, adinen arteko desberdintasunak ez dituzte kontuan hartu, ezta oinez ibiltzeko ezintasunak dituzten herritarrak ere.