Cebada Gago ganadutegiko zezenak azkarrak eta arriskutsuak direla esan ohi da. 21 aldiz hartu dute parte ganadutegi horretako zezenek Iruñeko sanferminetako entzierroan. Atzo, aurtengo bigarren entzierroa izan zen, eta ospeak agindu bezala ibili ziren zezenak. Izan ere, bi lagun zauritu ziren adarkadaz; bata, Mercaderes kalean, eta bestea, Estafetan. Bi korrikalari horien osasuna «egonkorra» dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.
Tradizioak agintzen duen bezala, goizeko zortzietan suziria lehertu ostean irten ziren Santo Domingoko ukuilutik lau zezen eta lau joaldunak. Ia lau minutu behar izan zituzten zezen-plazara iristeko. Aldapan gora azkar batean abiatu ziren, eta San Fermin santuaren irudia dagoen gunera arte entzierroko parte-hartzaileek ez zuten korrikaldi handirik egiteko betarik izan. Hala ere, zezenek ez zuten inolako arazorik sortu.
Zezen eta joaldunen taldea Udaletxeko plazara ailegatu zenean taldea luzatzen hasi zen, arriskua handituz. Dena den, Mercaderes karrikan, Estafetako bihurgunea baino apur bat lehenago, 21 urteko galiziar batek 21 zentimetroko adarkada jaso zuen bizkarrean. Gurutze Gorrikoek ahal bezain pronto artatu zuten, eta Bideko Ama erietxera eraman zuten. Han ebakuntza egin zioten gazteari. Erietxearen arabera, «ebakuntza behar bezala atera da, eta gaixoa larrialdi egoeratik kanpo dago».
Bihurgunean erorketarik ez
Ohikoa ez den arren, zezen eta joaldunen taldea arazorik gabe igaro zen Mercadereseko bihurgunetik. Hala ere, Estafeta karrikaren hasieran, joaldun bat erori egin zen, eta taldea zatituta gelditu zen. Horri esker, entzierroko parte-hartzaileek korrikaldi politak egin ahal izan zituzten. Dena den, zezen bat taldetik bakartuta gelditu zen, eta hainbatetan une arriskutsuak eragin zituen.
Estafeta kalearen ia amaieran, 43 urteko irlandar batek 15 zentimetroko adarkada jaso zuen ezkerreko izterrean. Hasiera batean, bere osasun egoera egonkortu dela jakinarazi zuen Osasun Departamentuak, nahiz eta larri zauritu zen. Bi adarkadez gain, beste lau korrikalari eraman behar izan zituzten osasun zerbitzuek Iruñeko erietxeetara, tartean 56 urteko iruindar bat eta 24 urteko burlatar bat.
Zezenen eta joaldunen lehenengo taldea inolako arazorik jabe sartu zen zezen-plazako ukuilura. Atzean gelditu zenak, ordea, arrisku handia eragin zuen, Telefonicako eremutik aurrera bereziki. Sarritan, jende kopuru handiagatik edo nondik joan ez zekielako atzera egiten zuen zezenak. Hala ere, atzerako bidea berehala eteten zioten unaiek. Apur bat kostatu zitzaion arren, Cebada Gago ganadutegiko azken zezena abiatu eta 3 minutu eta 30 segundora sartu zen zezen-plazako ukuiluan.
Gaur, berriz, hirugarren entzierroa izango da, eta Cadizko (Espainia) Fuente Ymbro ganadutegiko sei zezen izango dira protagonistak. 2005etik urtero parte hartu dute Iruñeko sanferminetan. Normalean, Santo Domingoko ukuilutik oso azkar ateratzen dira. Iragan urtean, esaterako, 2 minutu eta 23 segundo baliatu zituzten entzierroko ibilbidea egiteko.
Dena den, ganadutegi horretako zezenek ez dute arriskutsu osperik. 2006an eta 2008an soilik eman dituzte adarkadak Fuente Ymbroko zezenek. Hala eta guztiz ere, 2007. urtean Cadizko ganadutegiko lau zezenek inoiz baino korrikalari gehiago kolpatu zituzten; zazpi, hain zuzen ere.
Ospea berretsiz
Sanferminetako bigarren entzierroa oso zaila izan da, zezenak azkar ibili direlako eta hainbat parte-hartzaile erori egin direlako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu