Iritsi da Aste Santua, eta, harekin batera, oporrak. Egun gehiago edo gutxiago, baina askok izango dituzte egun batzuk atseden hartzeko. Ahalik eta ongien aprobetxatzeko, etxetik kanpo igaroko dituzte opor egunak zenbaitek. Beste zenbait Euskal Herrira bertaratuko dira. Hala, gaurtik astelehena arte, ostatu eta aterpetxeak ia beteta daude. Kanpinetan badago beherakada txiki bat, eguraldiak asko baldintzatzen duen alternatiba baita.
Bi joera nabarmentzen dira lotarako tokia hartu nahi dutenen artean: aurretiaz hartzen dutenak eta azkenengo unean leku bila aritzen direnak. Bigarren motakoak izan ohi dituzte Abadiñoko Murueta baserri eta landetxean (Bizkaia), eta Aste Santuan ere hala izango den irudipena du: «Oraingoz, erdia baino gutxiago dugu hartuta; iazkoaren aldean, aurtengoa ez doa ongi. Ea eguraldiak laguntzen digun...», azaldu du Karmen Tere Ugartetxeak. Izan ere, eguraldiaren menpeko izaten dira oporretarako planak. Lizarrako kanpinean (Nafarroa) horren arabera erabakitzen dutenen zain daude. Agurtzane Mendizabal bertako langilea da: «Bungalowetan gaurtik astelehen arteko jaiegunetarako nahiko motel gaude; partzeletarako jendea aritu zaigu deika; ea gero horiek etortzen diren...». Kasu horretan eguraldiak «berebiziko» garrantzia izaten baitu. Pazko asteari begira aurreikuspen hobea dutela nabarmendu du Mendizabalek.
Egoera hobea dute Iruñeko eta eskualdeko hotelek. Eskaintzaren %80 beteta dagoela jakinarazi du Iruñeko hotelen elkarteak, iaz baino gehiago. EAEko hotelak %90 izango dira beteta bihar eta etzi, Eusko Jaurlaritzako Turismo sailaren arabera.
Iritzi berekoa da Joseba Zugarramurdi Arantzako aterpetxeko (Nafarroa) arduraduna, nabaritu baitute goranzko joera: «Motela izan zen joan den urtea; aurten mugimendu handiagoa dugu». 144 lagunentzako tokia dute, eta 80 inguru izango dituzte gaurtik aurrera, erdia baino gehiago beteta. «Kexatzeko motiborik, behintzat, ez dugu, ez».
Kanpezuko Ibernalo landetxean (Araba), berriz, oporraldia «ongi baino hobeto» hasi dutela nabarmendu du Eli Plazaola langileak. «Zortzi geletatik bost hartuta ditugu aste hasieratik, eta jaiegunetan, denak hartuta izango ditugu». Pazko astean ere mugimendu handia izango dutela aurreikusi du Plazaolak. «Hiru gelen erreserba egin dute. Egia esan, lasaiagoa izan ohi da bigarren astea, baina ibiliko da jendea».
Kostaldea, leporaino
Mendialdeko ostatuak bezain beterik daude kostaldetik gertu dauden herriak ere. Zuraideko (Lapurdi) Gite Mitizon landetxeko arduraduna da Anastasia Bidart, eta landetxea beteta dutela azaldu du. Senpereko aintziratik oso hurbil dago, baita Donibane Lohizune eta Miarritzetik gertu ere. Horrek eragin handia izaten duela uste du Bidartek. «Bi herriak turismo handiko tokiak dira; Ezpeleta ere aunitzek bisitatzen dute». Zarautz eta Hondarribian ere beteta daude ostatu eta landetxeak (Gipuzkoa). Txiki Polit pentsioa beteta dagoela adierazi du Joseba Aldalur hango nagusiak. Hondarribiko Txoko Goxoa hotelaren ere berdin daudela dio Patxi Bello arduradunak: «Igandera arte goraino daukagu, bai, hurrengo astean dator jeitsiera». Espero gabeko igoera izan dutela aitortu du, berriz, Maria Asun Renteriak Bakioko Gaubeka landetxeko arduradunak (Bizkaia).
Kostatik urrunxeago egon arren, Aldarreta landetxeko (Ataun, Gipuzkoa) gela guztiak ere hartuta daude. Mugimendu handia espero du jaiegunetan Mari Tere Lardizabalek.
Kataluniarrak dira Aste Santuan Euskal Herria bisitatzen dutenen gehiengoa. Azken urteetan Madrildik datozenak ere ugaritu direla adierazi dute ostatuetako arduradunek. «Nik joera orain igarri dut», nabarmendu du Lardizabalek. Madrildik joandako jendea izango dute Zuraiden ere. Bertakoak izango dira beste bisitari asko. Bidartek azaldu du inguruko jendea datorkiela, batez ere, bigarren astean. Mendia eta herri edo hirietara bisitak dira ekintza nagusiak. «Kanpotik etortzen denarentzat ez daude horren urrun hiriburuak», zehaztu du Plazaolak.
Ostatuak, bisitariz ia beteta
Atseden hartzeko asmoz, asko dira Aste Santuko oporrak etxetik kanpo igarotzen dituztenak. Euskal Herriko ostatuak bertako edo urrunagoko bisitariz ia beterik daude. Iaz baino turista gehiago espero dituzte, oro har.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu