Ostegunean hasiko da Euskal Encounterren 29. aldia

Iaz 'online' egin behar izan zuten, baina aurten BECera itzuliko da. Presentzialki egingo bada ere, berezia izango da, osasun egoerak hala behartuta

Euskal Encounterraren 29. edizioaren aurkezpena, gaur Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Nerea Lauzirika.
2021eko uztailaren 20a
15:17
Entzun

Uztailaren 22tik 25era egingo da 29. Euskal Encounter, Barakaldoko BECeko 5. pabiloian (Bizkaia). Aurtengo aldia ezohikoa izango da, normalean egoten diren postuen %10 baino ez baitira egongo, segurtasun neurriak errespetatze aldera. Euskaltel Fundazioak antolatzen du Euskal Encouter, eta Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen du sustatzaile gisa, Spri taldearen bitartez. Gaur aurkeztu dute ekitaldia, Sabino San Vicente Euskaltel Fundazioko zuzendari eta topaketaren koordinatzaileak, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak, eta Iruri Knörr Euskalteleko Marketin Digitaleko zuzendariak.

Egoera berezia bada ere, zenbait gauza ez dira aldatuko. Beti bezala, bost gune egongo dira, eta lehiaketek ere alde txikia izango dute aurreko urteetakoekin. Beste jarduera batzuk, ordea, egokitu egin behar izan dituzte, jesarrita egin ahal izateko. Gainera, aurten ez da Opengunerik egongo presentzialki. Lehen Opengune doakoa zen, eta sartzeko ez zen erregistrorik behar. Egungo egoera kontuan hartuta, sartu eta ateratzen denaren erregistrorik ez izatea arriskutsua izan daitekeelakoan, antolatzaileek erabaki dute seguruagoa dela Internet bidez egitea.

Iazko Euskal Encounterren bakoitzak bere etxetik hartu behar izan zuen parte, Discord aplikazioaren bitartez. Tresna hori erabiliko dute aurten ere, baina BECen bertan egongo dira parte hartzaileak. Gero eta ezagunagoa den Twitch plataforma ere erabiliko dute, bertan ez daudenek Euskal Encounterren gertatzen ari denaren nondik norakoen berri izan dezaten.

Iruri Knörr Euskalteleko Marketin Digitaleko zuzendariak adierazi duenez, aurtengo aldia ez da jendetsuena izango, baina bai azkarrena. Izan ere, Internetera konektatzeko 60 gigako abiadura eskainiko dute Euskal Encounterren. Aurtengoa berezia izango da, Sabino San Vicente Euskaltel Fundazioko zuzendari eta topaketaren koordinatzaileak azaldu duenez: "Ekitaldi deserosoa izango da, baina jarduerek merezi dute".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.