Ionan Marigomez. PIEren zuzendaria

«Ozeanoa izakia bezalakoa da; osasuntsu badago, ondo beteko ditu funtzioak»

Zer da ozeanoaren osasuna? Zer ekar diezaioke gizakiari? Gai hori hizpide hartuko du gaur Marigomez Plentziako Itsas Estazioko buruak, Bilboko Foru Liburutegian hasiko duten hitzaldi zikloan (18:30).

Plentziako Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroa. PIE.
Iñaki Lasa Etura.
2014ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Ozeanoaren eta osasunaren arteko harremana aztertuko duen hitzaldi ziklo bat antolatu du PIE Plentziako Itsas Estazioak. Hilabetean behin nazioarteko ikerlari bat gonbidatuko dute. Gaur hasiko da zikloa, eta han parte hartuko du Ionan Marigomezek, PIEko zuzendari eta EHUko katedradunak (Erandio, Bizkaia, 1961). Haren ondoren ariko da Jose Vicente Tarazona Europako Substantzia eta Prestakin Kimikoen Agentziako (EChA) Arrisku Ebaluazioko presidente izandakoa.

PIEk antolatutako hitzaldi zikloa irekiko duzu gaur. Zertaz ariko zara?

Lehenik eta behin, azaldu nahi dut gure asmoa PIE jendeagana hurbiltzea dela, jendeari kontatzea zein diren hemen erabiltzen diren kontzeptu oinarrizkoak. Horretarako, gure masterretan eskola ematera kanpotik datozen ikertzaile eta irakasleez baliatuko gara; haiek dira hileroko hizlariak. Bestalde, hemen egiten duguna aditzera eman nahi dugunez, bertoko hizlariak ere izango ditugu; normalean, ikerlari gazteak. Ni ariko naiz gaur, eta oinarrizko kontzeptuak azalduko ditut: zer den ozeanoaren osasuna eta zer ekar diezaiokeen gizakiari. Hitzaldi nagusia ozeanoari eta, oro har, ingurumena babesteko Europako legediari buruzkoa da.

Zein da ozeanoaren eta osasunaren arteko lotura?

Itsasoa osoa kabitzen den ontzi bat bezala ikusi dugu beti, zerbait izugarri handia. Ikuspegia aldatu da; gaur egun, ozeanoa izaki bat balitz bezala ikusten dugu. Izaki hori osasuntsu badago, ondo beteko ditu betebeharrak, eta baliabideak emango dizkigu.

Zer egin dezakegu ozeanoa osasuntsu dagoen ala ez jakiteko?

Aztertu; medikuntzan bezala, pultsua hartu. Ozeano osasuntsu batek aukera emango digu izakiak ere osasuntsuak izateko. Esaterako, ez zaizkigu arrotz laborategiko saguak edo akuriak; bada, ozeanoan badaude milaka animalia eredu alternatibo gisa biomedikuntzako ikerketetan erabiltzeko. Baliabide berri horiek ematen dizkigu ozeanoak.

Osasuntsu al dago Kantauri itsasoa? Prestige-ren hondamendia orain dela hamar urte gertatu zen...

Begira: gizakien kasuan, jaiotzen garenetik medikuaren jarraipena daukagu; orduan, badakigu osasuntsu gauden edo ez. Ozeanoaren inguruan ez daukagu horrelako jarraipenik; beraz, ezin dugu esan zein den haren benetako egoera. Jakin gabe ezin dugu ezer ondorioztatu, eta jakiteko aztertu egin behar da: ozeanoari odola atera eta lehenengo esplorazioa egin. Zerbait aurkitzen badugu, hasi beharko dugu sakonago identifikatzen zein den gaitz horren oinarria. Baditugu datu partzialak, eta uste orokorra da Kantauri itsasoa ez dagoela batzuek esaten duten bezain txarto, baina ez dagoela guztiz ondo ere.

PIE ezagutzera emateko baliatu nahi duzue hitzaldi sorta. Nolakoa da zuen lana?

Ia urtebete daramagu martxan. Nazioarteko sare bat lantzen ari gara, elkarlana bultzatuz, hemengo eta kanpoko hainbat erakunderekin. Europako itsas estazio nagusiak elkarlanean ari gara. Itsas zientziek salto egin dute orain arteko ikuspegi naturalistatik ikuspuntu bioteknologiko batera. Bioteknologia eta hurbilketa esperimentalaren bidean diseinatua dago PIE. Horrelakoa izango da, ziur asko, XXI. mendeko itsas biologia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.