Jada jarraitu ezin daitekeen ubera baten azken ordezkaria da. Biziera batena. Egiteko modu batena: xaxiango arrantzarena. Pertxalak hedatuta aritzen baitzen atunetan. Arrain sardekin batera nabigatzen, eta malutekin haiek engainatzen. Ez da halako besterik gelditzen. Bakarra da, eta desegin egin nahi zuten. Bihartik aurrera, Pasaian (Gipuzkoa), Albaola Itsas Kultur Faktorian hasiko dira zaharberritzen, zuzenean, eta jendaurrean: Ozentziyo.
Jesus Puerta donostiarrak bere barkuari jarri zion izena da Ozentziyo, izen bereko ermita batean ezkondu baitzen Oiartzunen (Gipuzkoa). 1990ean eraiki zuten Lekeition (Bizkaia), beita biziko arrantzan jarduten zuten atunontzien goraldi betean, baina teknika tradizionala erabiliz arrantzatzeko. Egurrezkoa zen: 21 metro luze, eta bost metro eta erdi zabal. Matrikula: 6A-SS1117. Hegaluzearen kanpainan aritzen zen udan, berdeletan ere bai udaberrian, eta algak biltzen ere bai udazkenean. Prestige petroliontziaren hondamendia gertatu zenean, txapapotea biltzen ere bai. «Bizimodu baten ispilua da, eta ez genuen desegiterik nahi. Itsas gaineko etxe bat izan da: familiari jaten eman dio, eta babeslekua ere izan da arrantzaleentzat. Ikur bat da, jendeak gogoratu dezan zein latza den itsasoko mundua», azaldu du Iñigo Puertak, Jesus Puerta armadorearen anaiak.

Albaolan aurkeztu dute proiektua. Han izan dira, besteak beste, Xabier Agote Albaolako presidentea, Puerta armadorearen senitartekoak, Teo Alberro Pasaiako alkatea, Izaskun Goñi Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakaria, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, eta Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia. Agotek esplikatu du prozesua: nola jarri zen armadorea haiekin harremanetan, nola ziren desegitekoak, eta nola lortu zuten ontzia erostea Irizar enpresak emandako diru laguntzari esker. «Oso ontzi berezia izan da beti. Atunaren arrantza funtsezkoa bezain zaharra da guretzat. Ez dakigu noiztik, baina badakigu nola».
Xaxiango arrantza
Hamar-hamabi metroko txalupetan aritzen ziren arrantzan, bina pertxal hedatuz albo banatan. Berga edo haga luze batzuk dira pertxalak, xaxiango arrantza teknikan erabiltzen direnak. Eta teknika hori erabili zuen azken ontzia izan zen Ozentziyo. «Maluta izeneko sasi-arrain batzuk jartzen ziren lokarrien muturretan, pertxaletatik zintzilik». Saski batetik atera du bat, eta erakutsi egin du. «Arto hostoekin egiten zituzten, eskuetan dudan hau baino hobeto. Arrain itxura zuten, eta, bi amu jarrita, atunak engainatzen zituzten», azaldu du Agotek.
Duela ehun bat urte hasi ziren belaontzi haiek motordun ontziekin ordezkatzen, baina teknika bera erabiliz segitu zuten atunak arrantzatzen. Duela 50 urte iritsi ziren teknika berriak, baina Ozentziyo-k xaxiangoari eutsi zion, 2016an nabigatzeari utzi zion arte.

San Juan baleontziaren erreplika uretaratu ostean, bihar irekiko ditu berriz ere ateak Albaola Itsas Kultur Faktoriak. Ozentziyo atunontziak hartu du baleontziak utzitako tokia, eta ez da hitz egiteko modu bat: baleontzia zegoen toki berean dago orain Ozentziyo. Segituko dute bi ontziak erakusten eta zaharberritzen. Espero dute San Juan udaberri partean eramatea berriz ere faktoriara. Mastak eraikitzen ari dira, eta laster hasiko dira aingurak egiten. Barrikak eta marinelen jantziak egiten ere bai. San Juan Kanadara bidean joango dela gauza jakina da, baina zer egingo dute Ozentziyo-rekin? «Oso erabilera interesgarria emateko asmoa daukagu, baina oraindik ezin dugu ezer aurreratu».