Ia 30.000 pertsona elkartzen dira Punta Galeako zelaigunean. Lehiaketan parte hartuko dutenak Getxoko kanposantutik hurbil jartzen dira. Eguna hasterako, ehunka kuadrilla hasten baitira beren txokoak atontzen. Edariak, suak eta paellarako osagaiak dira gehienbat mahai gainean lekua hartzen dutenak, nahiz eta gero jende gutxik eman izena lehiaketa ofizialean: iaz, 105 izan ziren. Sasoi batean kasik 250 kuadrilla ere aritu izan dira lehen saria lortzeko lehian.
Ikusgarria da ere kuadrilla bakoitzak nola dekoratzen duen paella: umoretsuenek epaileei barre eginarazi nahi izaten diete; badira Bizkaiko zubia edo Getxoko Aixerrota eraikitzen dutenak arrozaren gainean. Jangarria bada, 10 punturainoko balorazioa izan dezake dekorazioak. Baina garrantzitsuena arroza da: zaporeaz gainera, puntu-puntuan egotea ere aintzat hartzen dute epaileek, eta onenek 40 puntu ere lor ditzakete.
Gehienek esperientzia handia daukate lehiaketan. Ia 70 urte ez dira nolanahi igaro, eta Getxon usadio handiko jaia da, erritual baten parekoa udan. Asko gurasoekin joaten hasi ziren, eta orain zelaigunearen erdian tokia duten beteranoak dira.
Hainbesteko ikusmina sortzen du paella lehiaketaren egunak, ezen urteroko aitzakia bihurtu baita aldizka ikusten diren lagunak elkartzeko. Ez herritarrek soilik, eskualdeko jende andanak gorriz markaturik dauka eguna egutegian.
Babesgune kontrolaezina
Jaiaren aurkiak badu ifrentzua, eta hori Bronx gunea da. Eremu ofizialetik kanpo dago nerabeak eta gazteak elkartzen diren lekua. Baso babestua den arren, urtero daude etxolak eta toldoak gazte jendez lepo. Inor gutxik kozinatzen du bertan, eta gehiago da musika jarri eta dantzatzeko gunea. Halere, konponbiderik gabeko arazoa izaten segitzen du, jende olde izugarria biltzen delako, eta prebentzio neurriak eskasak direlako. Aurten, gune batzuk itxi zituzten udaberria amaitzerako. Izan ere, gazteen kuadrilla asko, oporrak hartu eta uda hasteaz batera, lekua erreserbatu eta egitura prestatzen hasten dira. Debekatu egin dute aurten porlana erabiltzea.
Goiz hasi eta ordu txikiak arte luzatzen den jaia da. Urrats erromeriak itxiko du egitaraua, eta udalak argia jarriko du gauean, indarkeria matxistari aurre egiteko neurri gisa. Gune moreak ere izango dira. Jende asko espero dute gaurko bai antolatzaileek eta bai auzokideek, eta, ondoren, garbiketa lanak handiak dira. Bertakoek diote guneak denbora behar duela «lehengoratzeko».
Aixerrotako Paella Lehiaketa
Gaur, egun osoan,
Getxo (Bizkaia)