Baionar batzuentzat herriko etxeko ekitaldiarekin abiatzen dira bestak, eta beste batzuentzat, Baionako gazte asanbladako kideek botatzen duten suziriarekin. Baionako Paul Bert plazara ematen duen Les Pyrenees ostatuaren gainean elkartu dira aurten ere, ostatua herriko etxe izendaturik besten abiatzerako. Euskal Herriko ikurren ondoan Palestinako bandera jarrita, gazatarrei elkartasuna adierazi, eta besta beste gisa batean egin daitekeela adierazi dute aurten ere. Denen artean banakoa dantzatuz eman diote hasiera txosnaguneko egitarauari. Besta herrikoi, euskaldun eta transfeministak eginen dituzte Patxa plazan bost egunez.
Aspalditik kidetuak dira Iruñea eta Baiona, eta ohikoa da Baionako bestetan sanferminei keinuak egitea. Igandean Yala Nafarroa kolektiboak bota zuen suziria Iruñean; Baionako beste alternatiboen abiatzerako, Baiona Palestinarekin kolektiboa ohoratu dute.
Kolektiboko kideek gogor salatu dute Israelgo Estatua egiten ari den «kolonizazioa», baita «garbiketa etnikoa» eta «apartheida» ere, eta estatu sionista «ahultzera» deitu dute. «Haren konplizeen kontra egin behar dugu». Azpimarratu dute Frantziako eta Espainiako estatuek Israeli armak saltzen dizkiotela eta «estatu kriminala hornitzen» dutela oraindik.

Baina tokian-tokian Israelen alde ari direnak ere jarri dituzte jomugan, tartean Baionako Herriko Etxea. Israelgo bandera oraindik Baionako Santizpiritu zubian dela salatu dute, eta Jean Rene Etxegarai auzapezari leporatu diote «genozidioaren apologia» egiten duen jendea gomitatu izana udalera. Israelentzat gerrarako materiala prestatzen lan egiten duten Ipar Euskal Herriko hainbat enpresa ere izendatu dituzte: Dassault, Lauak eta Safran.
Hori guzia aintzat harturik, genozidioa izendatzera, Israelen konplizeak boikotatzera eta Palestinako erresistentzia sostengatzera deitu dute kolektiboko kideek.
Halaber, antifaxismoaren bidea jorratzeko deia egin dute Baionako gazteek. «Euskal Herrian, Europan eta munduan zehar mugimendu faxista garatzen den garai hauetan, argi dugu euskal gazteriak mobilizatu behar duela, eta indarrak batu behar dituela gure balore humanistak eta antifaxistak zabaltzeko», adierazi dute.
Besta bai, zaintza ere bai
Herriko etxeak antolatzen duen egitarau ofizialaz gain, bestelako animazio andana aurkitu daitezke Baionako karriketan. Ohikoak bilakatu diren gehiegikerien gainetik bestelako besta eredu bat ezarri nahi dutenek badute non dasta, baina Patxa plazako txosnagunea bilakatu da aspaldi, ezbairik gabe, besta alternatiboen erdigune.
Aurten ere, ehun laguntzaile baino gehiagoren parte hartzeari esker antolatu dute bost eguneko egitaraua. «Patxa plaza zuzeneko musikaz, euskaraz, auzolanez eta giro onez beteko dugu! Badugu zer ospatua eta zer aldarrikatua! Besta bai, borroka ere bai!», egin dute aldarri abiatze alternatiboan.
Duela bi urteko besten lehen egunean gertatu zen hilketaren ondotik, Baiona 2032 kolektiboa sortu zuten Baionako eragile anitzen artean, besten ereduari buruzko gogoeta bultzatzeko. Azken hilabeteetan herriko etxearekin elkarlanean aritu dira erasoen kontrako protokolo bat lantzeko. Besteak beste, Baionan diren babesguneak oro zerrendatzen dituen aplikazio bat sortu du kolektiboak, Bestetako zaintza. Hura deskargatu eta erabiltzera deitu dituzte festazaleak.
Ondoko egunetan, mota guzietako animazioak izanen dira Patxa plazan. Bihar haurrek izanen dute protagonismoa, etzi bertso saioa eginen dute, eta igandean, berriz, presoen aldeko otordua. Arrats oroz kontzertuez gozatzeko parada izanen da.