Ia hamalau urteren ondoren, Maixa eta Ixiarrek trikitia eta panderoa astinduko dituzte, berriz ere, Itziarko Erromeri Egunean (Deba, Gipuzkoa). Egun guztian hainbat musikari arituko dira auzoko kaleak alaitzen.
Larunbateko saioa, baina, ez da itzuliko direnaren seinalea izango: «Erromeri egunean parte hartzeko eskatu zigutenean, pare bat egun behar izan genituen baiezkoa emateko. Egia esan, ez genuen gehiegi pentsatu: baina hori bai, egun bateko kontua izango da», azaldu du Maixak. Ixiarrek aitortu duenez, eskariak aldarte onean harrapatu zituen, eta, hein batean, horregatik onartu zuten: «Beste egun batean esan izan baligute, ba ezezkoa emango genuen, agian: badira urte batzuk jotzeari utzi geniola. Jarraitzeko asmorik ez dugun arren, jotzeko gogo biziz gaude, eta ondo pasatzeko asmoarekin goaz».
Hainbat probasaio behar izan dituzte, Maixak adierazi duenez: «Abestirik ezagunenak, gehien jotzen genituenak, hor nonbait! Baina azken diskoko kantu asko, zeharo ahaztuta genituen dagoeneko!».
1990eko hamarkadan ibili ziren plazaz plaza Maixa eta Ixiar, Garbiñe Sagastizabal baxujolearekin batera. Ordutik hamalau urte igaro arren, ez dute musikarekiko harremana galdu. Maixak, adibidez, Sentitzen naiz diskoa kaleratu zuen 2002an, trikitia eta jazz musika uztartu zituena: «Maixa eta Ixiar bukatu baino zertxobait lehenago hasi nintzen lagun batzuekin esperimentatzen, jazz musika gertutik ezagutzen». Horrez gain, trikiti eskolak ere ematen ditu. Ixiarren lanbideak, aldiz, ez du musikarekin zerikusirik: «Niri saltsan ibiltzea gustatzen zait, eta ,norbaitek aukeraren bat eskaintzen didanean, beti ematen dut baiezkoa. Asmoak ere beti izan ditut buruan bueltaka, baina ez dut ezer seriorik egin: egunen batean zerbait egingo banu, plazeragatik soilik izango litzateke».
Trikiti maratoia
Elkarrekin musika jotzen hasi zirenean, Maixak eta Ixiarrek bazekiten proiektuak amaiera izango zuela noizbait, eta, azkenik, 1999 amaieran utzi zuten taldea. «Ez zen arrazoi jakin bat egon: orduan planteatu genuen, eta hor amaitzea erabaki genuen».
Maixa eta Ixiarren abestirik ezagunenetako batzuk dira Iluntzean, Txanpon baten truke, Bexamela eta pastela, edo Eguna jaio arte, besteak beste. Denbora pasatu den arren, oraindik ere entzuten dira taldearen abestiak festetan, eta geroago sortutako taldeek ere egin dituzte haien kantetan oinarritutako bertsioak.
Larunbatean, goizean goizetik girotuko dituzte Itziarko kaleak txistulari, dultzainero, joaldun eta soinujoleek; baita albokariek eta Vianako (Nafarroa) eta Itziarko dantza taldeak ere, besteak beste.
Herri bazkariaren ostean, 18:00etan, hamabost minutu inguruko tartea izango dute trikitilariek, bata bestearen atzetik jotzeko. Jagoba eta Maddalen, Hernaniko dultzaineroak (Gipuzkoa), Kristina eta Amaia, Hernaniko txistulariak, Hernaniko fanfarrea, Maixa ta Ixiar, Hernaniko albokariak, larrain dantza eta Imanol eta Izer izango dira taulara igoko direnak.
Gauean, arratsaldean aritutako lau bikote igoko dira, berriz ere, agertokira. Gauean, baina, 45 eta 60 minutu arteko txandak egingo dituzte. Maixa eta Ixiar izango dira saio luzea egingo duten bikoteetako bat.
Jaiak
Panderoa eta trikitia lehen planora ekarriz
Ekitaldi berezia dute larunbatean Debako Itziar auzoan. Izan ere, bosgarren Erromeri Eguna ospatuko dute, eta gonbidatu bereziak dituzte aurtengoan: Maixa eta Ixiar trikitilariak izango dira taula gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu