Paperez egindako jantziak

Getariako Balentziaga museoan, 'Paperezko moda' erakusketa jarri dute, eta paperezko soinekoak ikusi ahal izango dira. Guztira 11 pieza bildu dituzte.

Kolore eta forma askotako paperezko soinekoak daude ikusgai Balentziaga museoan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ainhitze Ruiz.
Getaria
2014ko otsailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Paper margotu ingelesean egindako koktel soineko bat, zatar paperez egindako eta koloretako estanpazioa duen collage baten bidez apaindutako beste soineko bat, zetazko paper zuriko hainbat geruza gainjarriz egindako ballet soineko bat eta beste hainbat soineko daude ikusgai Getariako Balentziaga museoan (Gipuzkoa). Guztiak paperez egindakoak dira; tartean Gueñesko (Bizkaia) paperezko soinekoen lehiaketan parte hartutako soineko adierazgarrienak daude ikusgai.

Gueñesko paperezko soinekoen lehiaketaren harira egindako erakusketa da, eta martxoaren 31ra arte egongo da zabalik. Izan ere, 1950eko hamarkadatik egiten da Gueñesen paperezko soinekoen lehiaketa. Guztira 11 pieza daude erakusketan. Horietatik bederatzi lehiaketatik kanpo egindakoak dira; beste bi soineko, berriz, azken lehiaketan bi kategoriatan saritutako piezak dira: Sara Barrenetxearen Kala soila soinekoa eta Maite Truebaren Ilunabarra. Barrenetxeak diseinu eta originaltasunaren saria irabazi zuen;Truebak, berriz, ebakera, jantzigintza eta artisau lanaren saria.

Mota guztietako soinekoak

Bi horietaz gain, beste soineko batzuk ere ikus daitezke: Alberto Sinpatronen Ehungabea lana kolore beltz akriliko aerografiatuz margotua dago; Ion Fizen Couture soinekoak kala baten itxura du, eta lorez apainduta dago; Javier Barroetaren Mugarik gabe munduko hainbat lekutako irudiak daude margotuta soinekoan; Antonio Alvaradoren Oinarria artile koloreko lokarriz josita dago; Maria Cleren Odette zetazko geruzekin egindako gona zabala da; Mercedes de Miguelen Saskigintzaren eta kortsegintzaren artean kartoi mehe beltzez egindako koktel soinekoa da; eta Mario Rogelen Oxigenoa artisau paper zuriz egindako koktel jantzi jokoa da. Barroeta diseinatzaileak esan duenez, 50eko hamarkadako Hollywoodeko aktoreengan inspiratutako soinekoa da berak egindakoa. «Museoan erakusteko edo pasarelatako modeloek janzteko pentsatutako soinekoa da», esan du.

Erakusketarekin batera, tailer ireki bat egingo dute martxoaren 22an. Bertan, Alberto Etxebarrieta diseinatzaileak bere lan egiteko metodoak erakutsiko ditu.

Paperezko jantzien lehiaketa 1958. urtean hasi zen. «Herritarren ekimenez sortutako lehiaketa da», esan du Ikerne Badiola Balentziaga Fundazioaren lehendakariak. «Gainera, parte hartzaileak jostun profesionalak eta zaleak izaten dira», gaineratu du. Gaur egun, lehiaketaren helburua diseinatzaile gazteek eta modako profesionalek mende erdia baino gehiago duen lehiaketa horretan parte hartzea da. «Esan daiteke Balentziaga museoan goi mailako joskerak eta behetik gora datorren joskerak bat egiten dutela», adierazi du Badiolak. «Era berean, Balentziaga museoa Euskal Herrian egindako moda diseinuen topagunearen isla da».

Lehiaketa horretara aurkeztutako soineko guztiek paperez egindakoak izan behar dute. Baita eskuz edo makinaz jositakoak ere. Gainera, ezin daiteke itsasgarririk edo graparik erabili soinekoak egiteko. Soinekoen apaingarriak ere paperezkoak izan behar dute. Koldo Artaraz Gueñesko alkateak esan duenez, mundu guztitik etortzen diren lehiakideek parte hartzen dute Paperezko moda deituriko lehiaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.