Eguna argitu badu ere, lainopean dira Gorbeiako magalak. Lurra bustita dago oraindik, eta hostoen artean hezetasun usain berezi bat nabari da: lur bustiarena eta onddo helduena. Sorgin-orratz baten hegaldiak apurtzen du isiltasuna, eta pagadiaren barrenean bi biltzaile ageri dira, saskiak eskuetan eta begirada zorrotz. «Hau bai, hau urrea da», dio batek, irribarrez, lurretik txapel ederreko perretxiko bat ateratzen duen bitartean. Baina, gaur egun, urre hori ez da edonola eta edonork hartu dezakeen altxorra. Gorbeiako magaletan, onddoak biltzeko arau eta neurri propioak daude.
Duela urte batzuk hasi ziren lehenengo kezkak pizten Gorbeialdean. Perretxikoen garaia iristen zen bakoitzean, mendietako bide eta larreak jendez gainezka agertzen ziren, eta naturak ez zuen astirik arnasarik hartzeko. Patxi Giraldo Gorbeiako Bazterra mikologia taldeko lehendakariak bizi izan zuen hori: «Autobus beteak iristen ziren, eta Boletus-aren zein bestelako perretxikoen bila abiatzen ziren ehunka zale. Hasieran, festa giroan egiten zen dena: familiak, adiskide taldeak eta zaleak elkartzen ziren pagadietan, pasioz eta ilusioz». Pixkanaka, ordea, bisitari gehiegi izateak eta perretxikoak inolako irizpiderik gabe biltzeak kolokan jarri zuten basoaren ekosistemaren oreka.
Zuiako Udala (Araba) izan da arazo horri modu integralean aurre egin dion lehenengoa. Bi urteko lanaren ondoren, Gorbeialdeko Parke Mikologikoa jarri zuten martxan irailaren 1ean, «Euskal Herriko handiena». Parke naturalaren barruan, 56 kilometro koadroko eremua hartzen du, Zarate eta Altube artean, eta laster Zigoitia eta Urkabustaiz ere batu nahi dituzte egitasmora. Parkearen zuzendaria, Jose David Fernandez mikologoa, argi mintzatu da: «Kontua ez da debekuak ezartzea, baizik eta baliabide natural bat modu arduratsuan kudeatzea. Jende askok ez daki araudia aspalditik dagoela indarrean: 2008tik Araban, eta 2018tik parke naturalean. Lehendik zegoena ordenatu eta babestu egin da orain».
Parkeak ezarri duen baimen sistemak zalantzak sortu zituen hasieran. Izan ere, askorentzat bitxia zen perretxikoak biltzea ordainpeko jarduera bihurtzea. Baina Fernandezek argi utzi du helburua ez dela dirua biltzea: «jasangarritasuna eta hezkuntza uztartzea» dute xede.
Hiru baimen mota daude: egunekoa, astekoa eta denboraldikoa. Horiek guztiak online eskura daitezke, parkearen webgunean, eta, beranduenez, baimena erabili nahi den lehen egunaren bezperan egin behar da eskaera. Diruaren parte bat parkearen mantentzean eta garbiketan inbertituko da, eta %15 hobekuntza proiektuetarako baliatuko dute. «Parkea guztiz autofinantzatua da, eta diru guztia mendia zaintzeko baliatzen da. Ez administrazioak ez udalek ez dute irabazirik ateratzen; hau baliabidea babesteko tresna bat da, ez negozio bat», nabarmendu du Fernandezek.
Gainera, egunean gehienez bi kilo bildu ahal izango dira, eta, zenbait egunetan, jarduera mugatua izan daiteke, ehiza garaiekin edo eguraldi txarrarekin bat egiten badu. Parkeko zaintzaileek, Miñoiek eta mendiko guardek ikuskatuko dute baimenak betetzen diren, eta isunak ezar diezazkiekete arauak hausten dituztenei.

Izan ere, Fernandezen eta Giraldoren arabera, azken urteetako masifikazioak kalte nabarmena eragin du Gorbeialdeko ekosistemetan. «Lurzorua trinkotu egiten da, eta horrek mikorrizen garapena oztopatzen du», azaldu du Giraldok. «Gainera, jendeak espezie berak bilatzen ditu beti, eta txikiak ere jasotzen ditu; horrek ugalketa eteten du, eta baliabideak agorrarazi. Txikirik ez, eskerrik asko delako printzipioa aplikatu behar genuke, arrainetan bezala», gehitu du Fernandezek.
Herritarrek ere nabaritu dute aldaketa. Baserritar eta abeltzain askok salatu dute biltzaileek lurrak zapaltzen dizkietela edo larreak hondatu. Horregatik, parke mikologikoa sortzea arnasbide izan da askorentzat: «Kontua da jendeak ale gehiegi biltzen dituela, eta hainbeste bilduz gero, baliteke gehiago ez agertzea. Jendeak ohartu behar du beharrezkoa dela nolabaiteko kontrola ezartzea», azaldu du Giraldok.
Dena dela, parkearen helburua ez da bilketa mugatzea: bilketa «bideratu eta aberastu» egin nahi dute, Fernandezek adierazi duenez. Horregatik, mikoturismoaren kontzeptua da proiektuaren bigarren zutabea. Bisitariek ibilbide gidatuetan parte har dezakete, non profesionalek erakusten duten nola bereizi espezie jangarriak eta toxikoak eta nola bildu lurrari kalte egin gabe.
Fernandezek esperientzia zabala du horretan: «Bederatzi urte daramatzat Araban ibilbide mikologikoak egiten; 5.000 lagunetik gora ibili dira nire jardueretan. Jendeak ikasi egin nahi du, baina natura errespetatuz». Parkeak, are, zerbitzu berezi bat eskainiko du: biltzaileek perretxiko baten argazkia bidali ahal izango dute identifikatzen lagundu diezaioten. «Argazki baten bidez, lagundu dezakegu, baina ez dugu inoiz aholkatuko jatea —arriskua handiegia da—», ohartarazi du gero.
Tailerrak, mikologia ikastaroak eta erakusketa ibiltariak beharrezkoak dira ezagutzan sakontzeko. «Helburua ez da soilik babestea. Balioa sortzea ere bada asmoa», dio Fernandezek: «Basoa arduraz kudeatzeak ekonomia zirkularra sustatzen du, eta jasangarritasuna, hezkuntza eta tokiko garapena uztartu».
Asmoa da belaunaldi berriek natura ulertu eta errespetatzea, tradizioak galdu gabe. «Kontua ez da bakarrik jakitea zein jan daitekeen eta zein ez, baizik eta baita ulertzea ere zergatik eta nola bizi diren onddoak basoetan. Onddorik gabe, ez genuke basorik izango», azaldu du Fernandezek. «Izan ere, ederrena espezie guztiez gozatzea da, ez jangarriak direnak jasotzea. Ederrak dira, eta funtzio bat betetzen dute ekosisteman», gehitu du Giraldok.
Aniztasuna eta oreka
Gorbeiako parke naturalak 20.000 hektarea baino gehiago hartzen ditu, Bizkaiaren eta Arabaren artean banatuta. Pagadiak, hariztiak, erkameztiak eta larreak elkarrekin bizi dira, eta horrek mikroklima eta biodibertsitate paregabea sortzen du. Boletus edulis, Macrolepiota procera, Amanita caesarea eta halako espezie jangarriak dira ezagunenak, baina ehunka espezie ez-jangarri funtsezkoak dira ekosistemaren orekari eusteko. Horietako askok lurzoruaren emankortasuna eta zuhaitzen hazkuntza baldintzatzen dituzte.
Zientzialariek bezala, bi mikologoek uste dute basoko «harremanen sare ikusezina» direla onddoak. Zuhaitzen sustraiekin elkartzen dira mikorrizen bidez, eta elikagaiak, mineralak eta ura trukatzen dituzte, oreka bizidun bat sortuta. Sare fin horrek basoaren arnasa erregulatzen du, eta haren bidez bizi da ekosistema osoa. Horregatik, perretxiko bat jasotzean, lurpean hedatzen den sare bizidun horren parte bat ere ukitzen da.

Gorbeialdeko esperientzia ez da Arabako bakarra. Asparrenean ere antzeko parke mikologiko bat dago martxan, eta gero eta gehiago dira Euskal Herri osoan baliabide naturalen kudeaketa arduratsua sustatzen ari diren proiektuak. Esaterako, Nafarroan, Urbasa eta Andia inguruko mendietan eredu hori ezartzeko aukera azter daiteke, eta Bizkaian, Oizko eta Aramozen ere bai. Mugimendua, beraz, gero eta zabalagoa da: naturarekin harreman jasangarri eta kontziente bat izatearen aldeko apustua.
«Gure asmoa ez da jendea uxatzea, baizik eta erakustea nola goza daitekeen naturaz modu arduratsuan», dio Fernandezek. Horretarako, elkarlaneko eredua bultzatu nahi dute, non administrazioak, zientzialariak, nekazariak eta biltzaileak helburu komun baten alde aritzen diren. «Horrek mendia komunitatearen ondare bihurtzen du, ez norbanakoaren jabetza pribatu», gaineratu du.
Gorbeia beti izan da mendizaleen eta naturaren sinbolo, Euskal Herriko birika berdeeetako bat. Orain, beste erronka bat du: bere lur emankorrak babestea eta, aldi berean, perretxikoen kultura bizirik iraunaraztea. «Jende askok uste du natura infinitua dela, baina ez da hala. Gure esku dago ematen diguna galdu edo gordetzea. Nire semeak nik baino perretxiko gehiago ikustea gustatuko litzaidake», esan du Giraldok, itxaropenari eutsiz.
Eta bat-batean, amaitu da eguna. Eguzkia apurka itzaliz doa, eta azken izpiak pagadiaren adarren artetik irristatuz. Saskiak ez daude oso beteta, baina biltzailearen irribarrea zabala eta lasaia da: orain badaki benetako altxorra lurra zaintzeko gaitasunean datzala, ez lur azpian dagoen horretan.
bAIMENAK ETA PREZIOAK
- Parkean onddoak biltzeko, baimena behar da.Â
- Egunekoa:Â 10 euro.
- Astekoa (astelehenetik igandera):Â 15 euro.
- Denboraldikoa, ingurukoentzat gomendatua:Â 50 euro.
- Non erosi: Gorbeialdeko Parke Mikologikoaren webgunean.
- Baimen bereziak:Â irabazi-asmorik gabeko elkarte edo erakunde mikologikoek azterketa baimena eska dezakete.
bilketa arau nagusiak
- Ordutegia:Â egunero, egunsentitik ordubetera hasi eta ilunabarrera arte.Â
- Aldi mugak:Â ehiza jardueragatik edo eguraldi txarragatik bilketa debekatu daiteke; Arabako Foru Aldundiak bilketarik gabeko egunak ezar ditzake.
- Gehienezko kopurua:Â pertsona bakoitzeko 2 kilo egunean.
- Kontrola:Â baimena eta nortasun agiria eraman eta erakutsi behar dira.
- Baimen kopurua:Â eskaera hurrenkeraren arabera ematen dira; eremuaren arabera mugatu daitezke.