'Ahotsa.info'-ko kazetariak

Iñigo Orduña eta Julene Etxauri: «Parrandan jendea aise etortzen da kameraren aurrera, motibatuta; biharamunean, berriz, orduan bai lotsak!»

Uztailaren 6ko goiz partean hasi eta billabesaren entzierrora bitarte, 'Ahotsa.info'-ko kazetariak batetik bestera ibiltzen dira kamera eskuetan, sanferminak iruditan jasotzeko. Diotenez, hala eta guztiz badute festak gozatzeko tartea.

'Ahotsa.info' hedabideko Iñigo Orduña eta Julene Etxauri, San Frantzisko plazan. AITOR KARASATORRE / FOKU
'Ahotsa.info' hedabideko Iñigo Orduña eta Julene Etxauri, San Frantzisko plazan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bezperan «aski» lo eginda azaldu dira elkarrizketarako Ahotsa.info hedabideko kazetari Iñigo Orduña (Iruñea, 1972) eta Julene Etxauri (Iruñea, 1999). Fresko antzean dira biak, eta ahotsean marranta handirik ez dute; hitz egitea galarazten dienik ez, behintzat. «Gainera, nik beti eramaten dut halako espraitxo bat poltsan, eztarrirako!», aitortu du Etxaurik. Aspaldi elkar ikusi ez balute bezala agurtu dute elkar lankideek, eta iragan egunak zer moduz joan zaizkien izan dute hizpide topo egin eta segituan, apenas tokatu baitzaie batera lan egitea egunotan. Haien aurpegierak ikusita, bistan da: umoretsu ari dira sanferminetan kronikagintzan, batetik bestera kamera eskuetan.

Zer moduz doaz festak aurten?

IÑIGO ORDUÑA: Ni ja nahiko boomer-a naiz, eta aldatuta ikusten ditut bai sanferminak eta bai auzoa. Urteak dira festa hau negozio bihurtua dela. Joera hori ez da bakarrik sanferminetakoa. Hori edozein asteburutan ere sumatzen da, baina, bai, uste dut Alde Zaharra bere esentzia galtzen ari dela; festetan, zer esanik ez. Txupinazoaren unean berean ere sumatzen da plazan kasik ez dagoela bertako jenderik ere.

Desilusioa duzu, hortaz?

ORDUÑA: Bai, sentipena dut ja ez dakidala festa den edo negozioa den, huts-hutsean.

Julene, zu sanferminzalea zara?

JULENE ETXAURI: Asko gustatzen zaizkit, eta lana izanda ere, saiatzen naiz ordu libreak aprobetxatzen, tarte horiek ere Alde Zaharrean ematen. Halere, ja nekatuta nago, e! Eta oraindik falta dira egunak!

Nolako edukiak eta espazioak grabatzea duzue lehentasun?

ETXAURI: Herri mugimenduen ekitaldiak eta ospakizunak daude oinarrian, batez ere. Uztailaren 6a desberdina da, txupinazoa jasotzen dugulako. Baina, lehenago, hamaiketakoak-eta grabatzen ere saiatzen gara, eta, horrez gain, gai nagusi bat ere zehaztu ohi dugu aldiro. Aurten, Yala Nafarroa izanik txupinazoa bota duena, Palestinaren kontrako genozidioa izan genuen erreportajearen oinarrian.

ORDUÑA: Eta gauza dibertigarriak ere bilatzen ditugu!

Zer, adibidez?

ORDUÑA: Billabesaren entzierroa.

Izatez, sanferminetako lana ez da Gaixoa ni kantatzearekin batera bukatzen zuentzat, ezta? 15eko festa ere, jaso behar.

ETXAURI: Eta gainera hori beti da Iñigoren lana!

Beti?

ORDUÑA: Bai, bai. Niretzat sanferminetako egun onena da. Atsedena gero dator.

Siesta handi bat?

ORDUÑA: Bai, bai, ni oso siestazalea naiz; genetikoa da, e, aitarengandik jaso dut!

Zenbateraino da posible sanferminetako lanak aurreikustea eta zorrotz planifikatzea?

ORDUÑA: Egia da urtetik urtera egitaraua ez dela izugarri aldatzen. Hasteko, txupinazoa; gero, presoen aldeko brindisa; gero, txupinazo alternatiboa. Ondoren, zezenketen kontrako manifestazioa eta, jakina, Germanena [Rodriguez], Kantuz...

«Sanferminetako egitaraua beti da berdina edo antzekoa, baina errealitateak ezustekoak dakartza askotan»

JULENE ETXAURI'Ahotsa.info'-ko langilea
Ekitaldi berari buruz enegarrenez aritu behar izaten denean, kazetarien erronka sarri izaten da ea nola kontatu gauzak diferente. Zuek ere baduzue kezka hori?

ETXAURI: Ba, bai, izan daiteke. Niri halako zerbait gertatu zitzaidan uztailaren 7an. Zezenketen kontrako manifestazioan nintzen; antzekoa izaten da urtero, eta galdera etorri zitzaidan burura: «Nola egingo dut hau berezi?». Eta, ohartzerako, euria hasi zuen, manifestazioa gelditu egin behar izan zuten, eta ibilbidea laburtu. Eta, noski, hori jaso nuen. Kontua da egitaraua beti berdina edo antzekoa izanda ere errealitateak ezustekoak dakartzala askotan.

ORDUÑA: Ni 8an German Rodriguezen omenaldiaren bideoa egitekoa nintzen, eta, hortaz, bezperarako prestatua nuen Skabidean taldearen Hilarria kanta, jartzeko. Eta, hara non, espero gabe, han azaldu ziren Rozalen eta Erramun Martikorena.

Eta orduan?

ORDUÑA: Bigarren bideo bat egin nuen haiekin, Martikorenarekin eta Rozalenen desafinazioekin. Gaixoa! Xalbadorren heriotzean abestiko bigarren ahotsa egiten ez zuen asmatu!

Zer gustatzen zaizue gehien grabatzea?

ORDUÑA: Niri, billabesaren entzierroa. Oso dibertigarria da, eta, gainera, nik beste garai batzuetakoak ere grabatu izan ditut; kristoren istiluak izaten ziren garaietakoak. Bereziki ederra iruditzen zait, mezua zera delako: «Herriak nahi duenean bukatuko dira jaiak, eta ez lehenago».

ETXAURI: Nik hirugarren sanferminak ditut Ahotsa-n, eta, oraingoz, txupinazoaren ingurukoak gustatzen zaizkit gehien, batez ere lankideak elkarrekin izaten garelako. Askotan, bakarrik aritzea tokatzen zaigu, eta nik gehiago disfrutatzen ditut elkarrekin egiten ditugunak lanak.

«Billabesaren entzierroa bereziki ederra iruditzen zait, mezua zera delako: 'Herriak nahi duenean bukatuko dira jaiak, eta ez lehenago'»

IÑIGO ORDUÑA 'Ahotsa-info'-ko langilea
Festetan, litekeena da jendea ez izatea ohi bezain lotsati, eta animosoago izatea adierazpenak egiteko garaian. Sumatzen duzue abantaila hori?

ETXAURI: Zalantzarik gabe, hori asko nabaritzen dugu. E, Iñi?

ORDUÑA: Baina gero kontuak eskatzera ere etortzen zaizkigu batzuk!

ETXAURI: A, bai, bai. Niri hori gertatu izan zait noizbait. Parrandan jendea aise etortzen da kameraren aurrera, motibatuta. Eskatu ere egin izan didate: «Julene, Julene, grabatu!». Biharamunean, berriz, orduan bai lotsak!

Zein da estrategia, lana eta festa uztartuz, uztailaren 15era bizirik ailegatzeko?

ORDUÑA: Nirea lasai-lasai ibiltzea da. Normalean, parrandan nagoenean ez dut alkohol askorik edaten, eta, berriz, ur pila edaten dut; 1990eko hamarkadan ikasi nuen hori. Bestela, nire festondoak oso luzeak lirateke ja! Gainera, ni Alde Zaharrean bizi naiz, eta ez dut deskonektatzen batere. Zuri, Julene, Txantrean izanda, igual hori ez zaizu hainbeste gertatzen, ezta?

ETXAURI: Bueno, etxea behera eroriko balitzait ere, segur aski ez ninduke azpian harrapatuko [barreak]. Egia esanda, lan egiteak berak motibatuta izaten nau ni, sentsazioa baitut bertan nagoela, giroan sartuta.

Etorkizuneko sanferminak nolakoak nahiko zenituzkete?

ORDUÑA: Zezenketarik eta prozesiorik gabekoak.

ETXAURI: Horretaz gain, izan daitezela herri mugimenduarenak, eta erasorik gabeak.

LOTSABAKO

Festetarako txoko kutunena?
ORDUÑA: Karmen kalearen eta Aldapa tabernaren inguruko ertza.

 ETXAURI: Txosnak eta Jarauta kalearen bukaera.

Zer duzue zapian brodatua?
ORDUÑA: Salam Gaza Nafarroa.

 ETXAURI: Armonia Txantreanaren armarria.

Afaltzea denbora galtzea da?
ETXAURI:
Izan daiteke.
ORDUÑA: Ez!

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.