Pasabidea eta pausalekua

Oporrak bukatu eta bidaiari gehienak pasatu dira Euskal Herriko errepideetatik etxera bueltan; hala ere, badira oraindik errepideetan dabiltzan bidaiariak, bai etxera itzultzeko, bai oporretara joateko. Batzuek atseden hartzen dute zerbitzuguneetan.

Itziarko zerbitzugunea. Kamioiak eta autoak dira nagusi. BERRIA.
jakes goikoetxea
Zornotza - Itziar (Deba)
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Gero eta barraskilo auto gutxiago ikusten dira errepideetan. Ia autoaren pareko bolumenaz zamatutako autoak; zama plastiko batekin estalita eta nola hala lotuta; auto barruko txoko guztiak biltegi bihurtuta; atzera karga nabarmenarekin; eta gurpilen uztaiak errepidea ukitzear. Gero eta karabana eta autokarabana gutxiago. Sabaian edo atzeko aldean bizikletak daramatzaten ibilgailu gutxiago. Uda amaitu eta gero etxera itzultzeko bidean Euskal Herria gurutzatu behar zuten gehienek gurutzatu dute dagoeneko.

Hala ere, egunotan oraindik badira etxera bidean Euskal Herriko errepideetan barrena dabiltzan atzerritarrak. Nola AP-1ean, hala AP-8an, N-1ean edota beste errepide batzuetan. Errepideetan ez ezik, bidaiari horiek bat egiten dute atsedenlekuetan edo zerbitzuguneetan, bidaian eten bat egiteko, zerbait jateko, ibilgailuak erregaiz hornitzeko, ibilgailuak kargatzeko...

Auto mordoxka bat daude aparkatuta AP-8ko Zornotzako zerbitzugunearen (Bizkaia) bi aldeetako aparkalekuetan. Karabanarik edo autokarabanarik ez. Kafetegiaren kanpoan, erretzaileak. Baita bertako belardi eskasean txakurra paseatzen duen bidaiariren bat ere.

«Auto barruan ezin dut erre, eta halako geldialdiak baliatu behar ditut erretzeko», esan du etsipen apur batez Lia Brownek. Familiaren autoa eta auto barrukoak erakutsi ditu zigarretarekin eta zigarreta eusten duten bi behatzekin. Senarra eta bi alaba daude autoaren ondoan. Andaluziatik (Espainia) bueltan geldialdia egin zuten Madrilen, eta Calaisera bidean doaz, ferryan Doverrera (Ingalaterra) iristeko, eta handik etxera, Readingera.

Senarrak eta biek txandaka gidatzen dute familia autoa. Berehala ohitu ziren eskuineko bidetik gidatzera. Txantxetan dio oporretan ez dutela haizetako-garbigailua erabili behar izan, baina etxera bueltako bidean, etxetik zenbat eta gertuago, orduan eta euri gehiago egiten ari dela.

The Smiths eta Morrissey

Ez dute eztabaidatzen autoan jarri beharreko musikari buruz. Alabek entzungailuak dituzte belarrietan, eta gurasoek nahi duten musika entzuten dute: The Smiths eta Morrissey batez ere.

NL matrikulako autokarabana bat, erregaiz hornitzen. Maud De Vries eta Jan Mulder senarra. Herbehereetakoak. Autokarabana distiratsu dago, zuri-zuri. Berria da, baina Mulderrek geldialdi guztiak baliatzen ditu han eta hemen trapua pasatzeko.

Bikotearen apeta bat izan da. Urteak egin zituzten bigarren eskuko autokarabana batekin, eta berria erosi zuten urte hasieran. Galiziatik bueltan doaz Herbehereetara. «Nekatuta», onartu du De Vriesek, «baina sekulako gozatua hartuta, izugarri gustatu zaigu Galizia: eraikin historikoak, paisaiak eta jendea». «Eta janaria», osatu du Mulderrek azalpena. «Eta janaria. Itsaskiak batez ere». Aitzakia bat jarri diote bidaiari: nahi eta behar baino leku gutxiago topatu dituztela autokarabanak hartzeko prestatuta.

Uste dute hogei bat ordu geratzen zaizkiela Rotterdamera iristeko, eta bidean geldialdi bat egin beharko dutela, agian Paris inguruan. «Ez dugu presarik etxera iristeko, eta Paris beti da aukera ona geldialdi bat egiteko».

Autokarabana berria, furgoneta zaharra. Volkswagen furgoneta zahar bat erregaiz hornitzen. Alemaniako matrikula. Klaus Krausek furgoneta erregaiz hornitzen duen bitartean, Hanna Koenig nagiak kentzen ari da. Salamanca (Gaztela eta Leon, Espainia) eta Zornotza arteko bidean gidatu du, lau ordutik gora. Portugaldik bueltan doaz Berlinera.

Furgoneta zaharrean

Furgoneta zaharrak poliki bidaiatzera behartzen ditu. «Bidaia bakoitza abentura bat da guretzat, eta bidea garrantzitsuagoa da helmuga baino». Algarve inguruan izan dira, Portugalgo kostaldea ezagutu dute, eta Lisboak maitemindu ditu.

500.000 kilometrotik gora ditu furgonetak. Beste milaka batzuk gehiago egingo dituela uste dute. «Oraindik ez dirudi egunen batean bide bazterrean utziko gaituenik», Koenigen iritziz. Furgoneta zahar bat —ez oso handia—, bi heldu, hiru asteko bidaia... «Eskarmentua dugu, eta ondo moldatu gara», Kraussen esanetan. «Ez dugu gehiago behar. Batzuetan aparkalekuetan edo hondartzetatik gertu lo egin dugu, beste batzuetan kanpinetan... nahieran ibiltzeko askatasuna eskaintzen digu furgonetak». Badaezpada, gutxieneko mekanika ezagutzak eta oinarrizko erremintak dituzte, matxura arinak konpondu ahal izateko.

Errepideetan, atsedenlekuetan eta zerbitzuguneetan, ordea, denak ez dira etxera bueltan doazen bidaiariak. Badira oporretara bidean doazenak ere. Jocelyn eta Laurent frantziarrak, esaterako. Toursetik abiatu dira goizean goiz, eta Euskal Herrira iritsi dira eguerdi partean. Lo egiteko moldatutako furgoneta batean doaz. Furgoneta ez da haiena, alokatu egin dute, eta lehen bidaia dute era horretan. Ehun eurotik gora ordainduko dituzte egun bakoitzeko. Ez zaie garestia iruditzen: «Hotela, jatetxea eta ibilgailua ditugu batera, lau gurpilen gainean».

Denbora eta antolaketa behar izan dituzte furgonetan antolatzeko. «Sekulako buruhausteak eragin dizkigu zer hartu eta zer utzi kanpoan aukeratzeak», dio, irribarretsu, Jocelynek. Egia dela adierazi du, buruarekin, Laurentek. «Badaezpada asko utzi behar izan ditugu furgonetatik kanpo, baina esaerak dioen moduan, 'gutxiago gehiago da'».

Andaluzian zehar ibili nahi dute. Ez dute ibilbidea zehaztuta, eta momentuan erabakiko dute non geratu eta nora jo. Lehen kilometroetan, abiatu berritan, furgonetari kalterik ez egitea da lehentasuna.

Edari energetikoak

Zornotzako zerbitzugunearen antzeko giroa dago Itziarren ere (Deba, Gipuzkoa). Kamioi gehiago. Kamioietan LT (Lituania), PL (Polonia) eta RO (Errumania)... matrikulak dira nagusi. Zentimetro gutxi kamioi erraldoien arteko maniobretan. Garraiolariaren bat kamioiaren alboko kutxatik sukaldeko tresnak ateratzen eta bazkaria prestatzen. Gelditzen diren motorrak, pizten diren motorrak. Eta soinu banda bat: AP-8an ziztu bizian doazen ibilgailuena.

Lurrean eserita, emakume bat, sakelakoan idazten. Poltsek eta maletek inguratzen dute. Bidaiaren bat bertan eten dela dirudi. Ondoan du urre koloreko retriever txakurra, geldi-geldirik. Emakumeak ez du hitz egin nahi.

Auto distiratsu bat aparkatu dute La Pausa kafetegiaren ertz batean. Suitzako matrikula du. Gidaria bi edari energetikoren poto hutsekin atera da. Marokotik bueltan doaz. Familia bisitatu dute Casablancan, eta Bernara itzultzen ari dira. «Neu ari naiz gidatzen bidaia osoan, eta halakoak behar ditut», aipatu du Omar Mounirrek. Gau osoa pasatu du gidatzen, hamar ordutik gora Algeciras (Cadiz, Espainia) eta Itziar artean. Komunera joateko baliatu du geldialdia, baina gidatzen jarraitzeko asmoa du. «Bai behintzat Frantziara pasatu arte. Frantzian hartuko dugu atseden, berriro abiatu aurretik».

Autoa ez daramate kargatuta. Ez zamarik sabaian, ez trasterik atzeko atearen erretiluan. «Gure gurasoek-eta Suitzatik eramaten zizkieten arropak, tresnak... Marokoko senideei», azaldu du. «Guk bertan erosten dizkiegu». Marokoko lurrikarak egoneza eragin die, baina etxera bueltatu beharra dute.

Kafea bidelagun

Edari energetikoak ez, bidaiarietako askok kafeak ateratzen dituzte kafetegitik kartoizko edalontzietan. Jessica Evansek bi kafe atera ditu, bata berarentzat, bestea amarentzat. «Ez dakit gaurko zenbatgarren kafea dudan», esan du, presaka, autora bidean. Autoa trastez betea dute. Maletategia ireki dute zerbait jateko, eta bertako trasteen tetrisa erortzear dagoela dirudi. «Ez zait gustatzen zerbitzuguneetako janari prestatua, baina kafea bai, kafea behar dut», dio, etsita. Erresuma Batuko matrikula horia du autoak. Manchesterkoak dira. Calaisera bidean doaz. Oraindik ez dakite ferryan edo eurotunelean gurutzatuko duten Mantxako kanala.

Amak ezin du gidatu, eta bera arduratzen da autoa eramateaz. Ordu dezente daramatza gidatzen, baina ez zaio axola: «Gustatzen zait gidatzea. Lasai gidatzen dut, eta paisaiaz, isiltasunaz... gozatzen dut. Eguraldi onarekin eta txarrarekin. Egoera eta leku bakoitzak badu bere xarma». Errepide zuzen eta amaigabeek ere bai? «Bai. Euskal Herrian, ordea, bihurguneak baino ez dituzue».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.