Barakaldokoa (Bizkaia) da Elene Mengyu Larrinaga Bilbao. Txinan jaio zen, 2003an, eta urtea betetzear zela heldu zen Euskal Herrira. Bizitza osoa darama hemen. Eta, hala ere, arrazakeriak galarazi egin dio erabat hemengoa izatea. Bizipenak errepasatu ditu Hogeitabat dokumental laburrean: urte bakoitzeko irain bat aipatzen du, edo mespretxuzko keinu bat. «Kronologikoki azaldu nahi nuen nolako gauzak gertatu zitzaizkidan haur bat nintzenean, egoerak nola jarraitu duen gero, eta nola aldatu den nire jarrera eta besteena helduagoa egin naizenean». Unibertsitaterako egin zuen lana, eta Zinema Ikusezina jaialdian emango dute: ostegunean eta urriaren 22an Bilbon, eta larunbatean Mungian.
Loiuko aireportuan igarri zenuen lehen desberdintasuna: inguruko guztiak zuriak ziren. Baduzu garai hartako oroitzapenik?
Ez naiz gogoratzen 11 hilabeterekin zer ikusi nuen, baina egun hartako argazkiak dauzkat: familia osoa joan da agurtzera, guztiak dira zuri-zuriak, begi urdinak edo berdeak dituzte, eta ni ere han nago, ile super beltzarekin.
5 urte zenituenean hasi zinen igartzen klasean arraro begiratzen zintuztela. Mugarri bat izan al zen?
Txikia zarenean ez duzu sumatzen mugarri bat denik. Baina halakoak gogoratzen ditut. Momentuan ez dituzu oso ongi prozesatzen: amari kontatzen dizkiozu eta listo. Helduagoa zarenean, konturatzen zara gauza batzuk behin eta berriz gertatu direla, eta patroi bat dagoela. 5 urterekin eta orain, 22rekin, irainak berdin-berdin gertatzen dira. Aldea da orain hobeto kudeatzen ditudala.
Zure kasuan, begiak erabiltzen dituzte desberdintasuna ezartzeko. 8 urte zenituenean, gurasoei galdetu zenien ea ebakuntzarik egin zenezakeen begiak aldatzeko.
Ez dute komentariorik egiten nire begiei buruz, baizik eta begiak ikusi, eta automatikoki badirudi nire istorio osoa dakitela, badakitela nor naizen. Eta, normalean, nahiz eta Asia oso handia den, han jaiotakoei beti esaten diete «china», «chinita» eta horrelakoak. Niri ez didate eraso oso larririk egin, begiradak izan dira beti, eta komentarioak; baina keinu horiek adierazten dizute talde horretan ez duzula tokirik. Uste dut gureganako arrazakeria desberdina dela: askotan sotilagoa da, ez da hainbeste ikusten.
Identitate oso konkretu eta sinplifikatu bat inposatu dizutela uste duzu?
Bai. Eta gurasoei ere gertatu zaie. Identitatea baino gehiago, haien alaba naizen jartzen diete zalantzan. Inoiz gertatu zaigu ezezagun batek kalearen erdian geldiaraztea, eta galdera oso pribatuak egitea. Oso biolentoa da bat-batean galdetzea ea zure alaba nongoa den. Eta edozein egoeratan, bai klasean, bai lagunekin edo norbait ezagutzen dudanean, lehen galdera beti da bera: «Nongoa zara?». Automatikoki, Barakaldokoa naizela erantzuten diet, han egin baitut bizitza osoa, baina ez da nahikoa. Badirudi haiek badakitela nire identitatearen berri baina nik ez.
10 urte inguru zenituela, gaitzespen sentimendu bat zenuen Txinaren inguruan. Halako jarreren eraginez?
Txikia nintzenean ez nuen askorik jakin nahi Txinari buruz, distantzia mantentzen nuen, nik hemengoa izan nahi nuen-eta, nire lagunak bezala. Uste nuen Txinatik urruntzen banintzen agian hemengoagoa izango nintzela. Urteetan, nire jarrera aldatuz joan da; orain izen txinatarra gehiago erabiltzen dut, eta ja ez dut ezkutatzen. Existitzen da, han jaio nintzen; bi identitateak uztartzeko bidean nago.
«Justifikatu egin behar duzu zergatik den arrazakeria. Zuriak konturatu daitezen zerbait arrazista dela, oso argia eta bisuala izan behar du»
Esan duzu zuk jasaten duzun arrazakeria eta migratzaile batek jasaten duena desberdinak direla. Migratzailearen kasuan, integrazio deritzen horren arabera izango da onartua. Zuk ere asimilazio prozesu bat igaro behar izan duzu?
Inoiz ez didate esan integratuta ez nagoenik, baina ekintzekin eta erantzunekin argi dago ez nautela hemengotzat hartzen, nahiz eta haien hizkuntza hitz egiten dudan. Harritu izan dira gaztelaniaz edo euskaraz ondo egiten dudalako; askotan gertatu zait klasekideekin txango batera joan naizenean, adibidez, museo bateko atezainak lagunei gaztelaniaz egitea eta, bat-batean, ingelesera aldatzea niri hitz egiteko. Hizkuntzaren gaia oso garrantzitsua da Euskal Herrian, eta oso bisuala da, azkar hautematen duzu norbait euskalduna den edo ez; baina nire kasuan hori ez da aplikatzen.
Zerbait gehiago beharko bazenu bezala?
Bai. Eta ondorioztatu dut zerbait gehiago hori begiak direla. Ez dago-eta beste desberdintasunik.
Dokumentalaren bukaeran zera diozu: «21 urte ditut, eta badirudi eskubiderik ez dudala hemengoa izateko». Txinarekin ez duzu loturarik, eta ez dizute hemengoa izaten uzten. Horrek nola eragiten dizu?
21 urtetan kontatzen dudan hori guztia gertatu zaidala ikusita, ez dakit zer gertatuko zaidan hurrengo 50 urteetan. Momentu batean ohitu egiten zara, eta halakoak beste modu batera kudeatzen dituzu, baina oso deserosoa da beti. Eta, gainera, eraso horien berri ematen diezu lagunei eta familiakoei, eta batzuetan justifikatu egin behar duzu zergatik sentiarazten zaituzten txarto, eta azaldu behar duzu arazoa ez dela nire jarrera, baizik eta bestearen komentarioa edo ekintza. Orduan, lan bikoitza egin behar dut: eraso hori jasan, eta klase bat eman arrazakeriari buruz. Gehienetan nik izan behar dut pazientzia haiekin, eta hori ez da nire funtzioa.
16 urte zenituela, psikologoak esan zizun asiarrenganako arrazakeria ez dela existitzen. Hainbatetan ukatu dizute, ezta?
Bai. Eta kasu horretan, ez zen lagun bat, ezagun bat, ikaskide bat... baizik eta profesional bat. Ustez zu laguntzeko dago, eta ez epaitzeko. Horrelako pertsona batek hori esatea, eta gainera nerabe bati... gainera, espazio horretan.
Babes espazio bat, ustez.
Bai. Koronabirusaren garaian izan zen. Azaldu nion mundu osoan erasoak gertatzen ari zirela asiarren kontra. Eta hori izan zen haren erantzuna. Berriz ere, justifikatu behar duzu zergatik den arrazakeria eta zergatik existitzen den. Zuriak konturatu daitezen zerbait arrazista dela, oso argia eta bisuala izan behar du. Ez dute ulertzen besteek nola begiratzen nauten; ezin da azaldu zer motatako begirada den, baina badakit ez duela ongietorria adierazten.
Koronabirusaren garaian, zure inguruan ere igarri zenuen arrazakeriaren gorakada?
Pertsona askoren esperientziak ikusi nituen sare sozialetan, batez ere. Niri ez zidaten eraso fisikorik egin. Baina, adibidez, kalean ahizpa eta biok ikustean, ahoa eta sudurra estaltzen zuten.
Lotsabako
Film bat?
Kung Fu Panda 2. Protagonista adoptatua da, eta ondo islatzen du ibilbide osoa.Leku bat?
Hondartza.