Gordeleku izenpean, digitaletik analogikora eramango ditu Aitor Erkizia argazkilariak (Donostia, 2002) mendian ateratako hainbat eta hainbat argazki. Kolore biziek janzten dute bere Instagrameko kontu pertsonala (@eerrkkii_), bertan baitu orain arte egindako argazkien bildumaren zati bat. Orain, baina, Donostiako Club Vasco de Camping elkarteko horma zurietan eskegiko ditu horietako batzuk; bihar inauguratuko du, eta uztailera bitarte egongo da ikusgai.
Egin duzu inoiz erokeriarik argazki bat lortzeko?
Muturrekoena, agian, tenperatura baxuetan lo egitea izan da. Bibak egin nuen, zortzi gradu zero azpitik zeudela.
Zer da bibak egitea?
Lo zakuarekin eta esterarekin gaua mendian igarotzea, kanpin dendarik gabe.
Eta zer argazki lortu nahi zenuen?
Egunsentiko argiekin, Midi d'Ossau mendiko punta atera nahi nuen. Elurrez estalita zegoela, eguzkiak tontorreko izkina batean jotzea nahi nuen. Urte eta piko egon nintzen zain baldintza horietan harrapatzeko. Hala, iazko abenduaren 25ean, bazkaldu ostean, motxila prestatu, eta harantz abiatu nintzen.
Noiz hasi zinen argazkigintzan?
2020an hasi nintzen argazkigintzari zentzua bilatzen, baita lehen mendira igotzen ere. Konfinamendua Oiartzungo baserri batean igaro nuen, eta hiru hilabete horietan naturarekin izugarri konektatu nuen. Hortxe hasi nintzen saltseatzen eta gauza berriak bilatzen.
Nola prestatzen duzu argazki bakoitza?
Ideia batekin joaten naiz, baina idealena da lekura joatea eta gaua bertan igarotzea, behin baino gehiagotan, gainera. Beste aukera bat da baldintza egokiak izan arte itxarotea. Argazkietan argi berezi hori bilatzen saiatzen naiz, eta hori behin eta berriz joanda lortzen da. Interneten ere askotan begiratzen dut eguraldia. Pazientzia handia, ordu asko eta saiakera asko daude argazki baten atzean.
Zuk nahi bezalako argazkia lortu arte zenbat saiakera egiten dituzu?
Asko, eta ezustekoak ere izaten dira. Iaz, esaterako, Laskuneko Ansabereko lakura joan nintzen, ilunabarra ikustera. Baldintzak perfektuak ziren, baina bat-batean lainoa sartu zen, eta dena estali zuen: ez nuen ezer ikusten hamar metrora. Ilunabarrik gabe geratu nintzen, baina egunsentian behintzat zerua arrosa jarri zen, eta politak gelditu ziren irudiak.
Gordeleku izena jarri diozu erakusketari. Zertan datza?
Saiakera horien guztien atzean dagoen sentimendu bat da. Argazkiak lortzera soilik mugatzen nintzen, eta iruditu zitzaidan Gordeleku bera zela argazki perfektua. Baina jabetu nintzen azkenean erabiltzen nuela mendira joateko aitzakia gisa. Bizitzeko modu bat da: egunero ari naiz eguraldia begiratzen, pentsatzen ea asteburuan zer plan egin dezakedan, eta Frantzia inguruan, esaterako, eguraldi txarra egingo badu, begiratuko dut ea Nafarroan zer eguraldi egingo duen. Egunero argazkietan pentsatzen ari naiz, une oro. Bidean ere lagun asko ezagutu ditut, baita paisaiak ere, eta asko garatu dut naturarekin dudan harremana.
«Argazkiak lortzera soilik mugatzen nintzen, eta iruditu zitzaidan Gordeleku bera zela argazki perfektua»
Nolatan erabaki zenuen erakusketa bat egitea?
Lehendik beste erakusketa bat ere eginda nuen, Antiguako Txirain elkartean. Club Vasco de Camping elkarteko bazkidea naiz, eta hainbat egitasmo antolatzen dituzte, tartean erakusketak. Proposatu nien ea lekuren bat zuten niretzat, eta horren fruitua da erakusketa.
Argazkiak ateratzen dituzunean badago besteei sentiarazi nahi diezun zerbait?
Niretzat egiten ditut argazkiak, baina, orain sare sozialetan nahiko aktibo nabilenez, gustatzen zait argazkien bitartez jendea inspiratzea. Nire lanak erakutsi nahi ditut, eta jendea ezagutu, baita haiek ni ezagutzea ere. Helburua da jendeari transmititzea argazki baten atzean dagoen lana eta maitasuna. Hots, egunean ikusten ditugun argazki guztien atzean dagoen esfortzua baloratzea.
Bidaia horiek guztiak egiteko, dirua beharko duzu, baita materiala erosteko ere. Nola egiten duzu errentagarri?
Kontzertuetako argazkiak ateratzen lan egiten dut, baita komunikabideetarako ere, besteak beste. Gutxiago gustatu arren, horrek ematen dit dirua. Horrez gain, urte bukaeran egutegiak egiten ditut nire argazkiekin, eta salgai jarri. Modu bat da nire jarduna errentagarri egiteko eta materiala eta bidaiak egiten jarraitzeko.
Zer da argazkigintza zuretzat?
Burua beste zerbaitetan jartzen laguntzen dit. Nirekin egoteko momentu intimo bat da: buruan ditudan galdera eta trumoi guztiak alde batera utzi, eta momentuaz disfrutatzen dut.
lotsabako
Kamera aurrean edo atzean?
Atzean, baina gero eta gehiago jartzen naiz kamera aurrean.Ametsetako argazki bat?
Orain faunarekin hasi naizenez, orein bat ilunabar bete-betean.Eta paisaia bat?
Aiako Harria ilargi betearekin.