«Pecos kanpora!» aditu zitekeen, ozen, Tres Reyes hotelaren kanpoaldean. Jendetza elkartu zen ingurumarietan, zuri-gorriz jantzita denak, jakina baitzen hotel horretan ostatu hartua zuela Herrero Pozo anaiek osatutako pop taldeak. Horietako batzuk zaleak ziren, autografo baten bila bertaratutakoak. Beste askok, aldiz, ez zuten maite bikote madrildarra, eta sanferminetan ematekoa zuten kontzertua boikotatzeko asmotan zebiltzan. Ez dago argi zergatik piztu zen Pecos taldearen aurkako protesta —garaiko berripaperen arabera, «txantxa modura» hasi zen dena—, baina musikariek lehen notak jo orduko, txistuka eta oihuka hasi ziren bertaratutako asko. Denetarik jaurti zieten: arrautza egosiak, txanponak, kortxoak, txiskeroak... Edalontzi batek Javier Herrero abeslaria jo zuen besoan eta mila pusketatan lehertu zen oholtzaren kontra. Azkenerako, Pecos taldeko kideek korrika ihes egin behar izan zuten, eta ez ziren inoiz sanferminetara itzuli. Duela 45 urte izan zen, 1980ko uztailaren 8an.
Ordutik, asko izan dira sanferminetan jo duten musikariak, hala euskal herritarrak nola kanpokoak. Ohiko bihurtu da festen egitaraua goitik behera irakurtzea, eguneroko kontzertuei erreparatzeko. Ez dago agertoki bakarra, gainera. Edozein txokotan aditu daiteke musika, egitarau ofizialaren barruan ala hartatik kanpo.
Gaur egun sanferminei hertsiki lotua dirudien fenomeno hori, baina, nahiko berria da: 1960ko hamarkadaren bukaera aldera hasi ziren jaietako kontzertu «handiak» orokortzen. Ordura arte, musika kalean zegoen soilik: txarangak, fanfarreak, bandak, gaiteroak, jotak... Iruñeko kirol elkarte eta igerileku pribatuak izan ziren doinuei hesia jartzen lehenak. Garai hartan Espainiako irratietan aditzen ziren artistak gonbidatzen zituzten nagusiki: Massiel, Jose Luis Perales, Rocio Jurado, Joaquin Sabina... 1990eko hamarkadan, Iruñeko Udalak hartu zuen lekukoa, eta egitarau ofizialean programatu zituen ordura arte elkarte pribatuek antolatzen zituzten kontzertuak.
Euskara, zokoratuta
Sanferminetako musika eskaintza estandarizatu eta gunetan banatu zuen UPNren udal gobernuak, 2000. urtean hasita: Gazteluko plazako agertoki handia Espainiako irrati formulako artistentzat erreserbatu zuten; Foruen plazara rock doinuak eraman zituzten; eta San Jose plaza, berriz, formatu txikiko jazz kontzertuen txokoa izan zen zenbait urtez —gerora, Konpainia plazara mugitu zituzten horiek—.
Euskal musika, berriz, agertoki gutxi batzuetara mugatu zuen UPNk: Nafarroa Oinez-en txokora eta barraka politikoetara, hain zuzen. Euskararen ghettoa deitzen zioten askok. Hain zuzen, udalaren utzikeria hori baliatu zuten txosnetako arduradunek, askotan egitarau ofizialean jasotakoa baino eskaintza musikal are erakargarriagoa ontzeko. Barraka politikoetako agertokia zapaldu zuten Fermin Muguruzak, Berri Txarrak-ek, Sorkunek eta Su Ta Gar taldeak, besteak beste, eta jendetza bildu zuten urtero, Yolanda Barcina alkateak txosnagunea jartzea debekatu zuen arte.
Antoniutti parkea eta Sarasate pasealekua orkestrendako, rantxeretarako eta jota emanaldietarako agertoki bihurtu ziren, eta Gurutzeko plazan, berriz, «adinekoentzako» dantzaldiak antolatu zituzten. Agertoki horretantxe egin zuten, hain zuzen, sanferminetako kontzertu arrakastatsuenetako bat: Georgie Dann abeslari frantziarrarena, 2008. urtean. Festazaleek harrera beroa egin zieten Dannen udako abesti arinei, eta Iruñeko peñak trumilka azaldu ziren kontzertuaren erdian, La barbacoa, El chiringuito eta bestelako kantu arrakastatsuak abestera.
Dannek erakutsi zuen, gainera, instrumentista trebea ere bazela: koreografiak eta erritmo dantzagarriak albo batera utzita, klarinetea atera eta pieza instrumental bat jo zuen, ikusleen harrigarri. Pecosek ez bezala, iruindarren esker ona jaso zuen Georgie Dannek egun hartan; txalo zaparrada batek busti zuen, ez arrautza eta edalontzi jasa batek.
Eskaintza orekatzen
2023ko zentsura mozioaren ostean, eredu aldaketa gailendu zen iazko sanferminetako musika eskaintza ofizialean. UPNk ezarritako ereduari buelta eman zion Joseba Asironen gobernu taldeak, bertoko talde eta artistei lehentasuna emanda. Aurten, oreka gordetzen saiatu dira berriro: oreka musika estiloei dagokionez, oreka emakumeen presentziari dagokionez eta baita euskarari dagokionez ere.
Aurtengo egitarau ofizialean, euskal musikaren presentzia ez da txoko bateko edo egun bakar bateko kontua izanen: Gazteluko plazako agertoki nagusian, esate baterako, Bulego eta Tatxers taldeek jo dute orain arte, eta Dupla eta Zea Mays taldeak igoko dira datozen egunetan. Horiez gain, Rozalen, Leire Martinez, OBK, Ladilla Rusa, Cali y El Dandee, Sara Socas eta Villano Antillano ariko dira, besteak beste.
Musika elektronikoak, jazzak, countryak eta bestelako doinuek lekua izanen dute Konpainia plazan, eta hor ere, eklektikotasuna izanen da nagusi: Kokoshca, Mystery Lights, Kiliki, Naxker, Omar Souleiman, Bourbon Kings... Sanferminak hamaika doinutan eta estilotan kantatutako festak direla frogatuko dute beste behin ere.