Pedro Subijanak eman dio hasiera Añanako urre zuriaren bilketari

Oroigarri plaka jaso du sukaldariak, lehengoratze proiektuari azaldutako babesagatik

Pedro Subijana sukaldaria, larrainetatik gatza biltzeko lanak ikuskatzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2011ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Arabako Gesaltza Añana herriko mendien magaletan hasi dira gatza biltzen. Añanako Gatz Harana Fundazioak aurten lehenengoz ekitaldi berezi batekin ekin dio minerala biltzeari. Pedro Subijana Donostiako Akelarre jatetxeko sukaldaria izan da aurtengo gonbidatu berezia. 1.200 urtetik gora dituen larrainez beteriko paisaiarekin bat egin zuen Subijanak, eta bere izena daraman larrainetik bertatik gatza bilduz, historian zehar gatzak izan duen garrantzia azpimarratu zuen atzo. «Txanpona izan da gatza, elikagaiak kontserbatzeko erabili izan da eta gure jakiak ontzen ditu», sukaldariaren arabera. Inguruak dituen ezaugarri geologiko berezi eta paisaiak duen balioari esker, «Añanako gatzak indar handia du, eta luze irauten du ahoan», azaldu du Subijanak. Naturalak ez diren gatzekin gertatzen ez den moduan, «hemengo gatza kantitate txikian erabil daiteke».

Sukaldarien lanaren orekatzat jo du adituak minerala. Elikagai onak eskuratzeko «ekoizleei laguntzea ezinbestekoa da, eta produktu naturalak prezio duinetan erostea beharrezkoa da», Subijanaren ustez.

Malentxo Arruabarrena Arabako Foru Aldundiko Kultura sailburu eta Gatz Harana Fundazioko lehendakariak eskerrak eman zizkien sukaldariei: «Subijanaren eta beste hainbat sukaldari enbaxadoreen ahaleginari esker, Añanako gatza nazioartean lehen mailan dago». Ondoren, larrainaren babesle izendapena duen oroigarri plaka jaso zuen Subijanak fundazioko lehendakariaren eskutik. «Munduko gatz kulturaren paisaia nagusia, gizarte, ondare eta ekonomia aldetik lehengoratzeko proiektu honetan Subijanak laguntzea ohore bat da fundazioarentzat», azpimarratu zuen Mikel Landa fundazioko zuzendari eta gerenteak.

Larrain babestuak

Gatz bilketaren hasiera ekitaldia aurten egin dute lehenengoz, baina «jarraipena emateko asmoz antolatu dute. Gaurtik aurrera, gatzaga leheneratzeko prozesuan garrantzitsua izan den protagonista batek inauguratuko du bilketa urtero», esan du Landak.

Añanako Gatz Harana Fundazioak gatzagan lan egin duten babesleentzat sortutako programaren helburua laguntzaileei publikoki eskerrak ematea da. Lehenengo larrain babestua Arabako Foru Aldundiak jaso zuen joan den otsailean, gatzaga lehengoratzeko proiektuan erakutsitako interesagatik. Atzo Subijana omendu nahi izan zuten gisan, hurrengo oroigarri plaka ekainean emango diote URA Uraren Euskal Agentziari, emandako babesaren erakusgarri.

Atzoko gonbidatuak urteko lehen saskikada bildu ostean, bertako altxorra dastatzeko aukera izan zuten aurkezpenean bildutako ehun lagun inguruk. Ekitaldia girotzeko ardura Nebari musika talde gasteiztarrak izan zuen, soka laukoteak musika klasikoz girotu baitzuten gatzaga.

Arabako urre zuriak sukaldean duen garrantziaren adierazle, Slow Food Araba elkarteak ere bat egin nahi izan zuen atzoko ekitaldian. Gatzagara gerturatu zirenek aurtengo gatzaren lehenengo kristalen ezaugarriez gozatzeko aukera izan zuten.

Historia berreskuratuz

Gesaltzako harana zuriturik ikus daiteke garaiotan, egun eguzkitsuek ur gazia gatz bihurturik baitute jada. Eguzkiak, haizeak eta gatzagileek ohitura zaharrei jarraiki egindako lanak emaitzak izan ditu beste urte batez. Gatzak leku berezia du Gesaltzako historian. Mineralak urrea balio zuen garaietan, 1950eko hamarkada inguruan, erregea eta elizarenak ziren gatzagak. Gerora, herritar aberatsen eskuetara pasatu ziren, baina lantegi handien sorrerak gainbeheran jarri zituen Añanako gatz harmailak. Ohitura eta ekoizpena galtzeko zorian izan ziren hainbat urtez, 1999an Gatzaga Elkartea sortu zen arte. Gatzarekiko harremanak indartu eta herriaren berezitasuna ezagutarazteko asmoz, ingurua lehengoratzeko lanetan ari dira egun. Urtetik urtera, gorantz doa gatzaren kalitatea eta produkzioa. Aurten 100 eta 150 tona inguru biltzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.