Jaiak. Tafalla

Peñak karriketako jaun eta jabe

Besten bigarren eguna izanen da gaurkoa.Tafallako hiru peñek karrikak hartuko dituzte aurten lehenbizikoz.Jai batzordearen eta udalaren gaueko kontzertuak izanen dira eguneko protagonistak

Hilaren 20a arte festa giroa nagusituko da Tafallan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Tafalla (Nafarroa) hartu zuen atzo, Euskal Herria, herriz herri, urpetzen ari den besta uholdeak. Egitarau zabala antolatu dute, bai udalak, bai herri mugimenduak aurtengo jaietarako. Bada, hilaren hogeia bitarte, parranda eta giro paregabea izanen dira herrian nagusi.

Eguna goizean goiz hasiko da, gaita eta txistu dianen kukurrukuarekin. Goizeko zortzietan, tafallar bizkorrenek bestetako lehen entzierroan korrika egiteko abagunea izanen dute, eta ondoren, bigantxak askatuko dira zezen plazan. Gosaria harturik, kalejira eginen du El Cierzo peñak herrian barna, txaranga lagun hartuta. Erronda zahar egoitzetatik igaroko da, tafallar aitatxi-amatxiak dantzan jartzeko asmoz. Mokadutxoa hartzeko tartea egin ostean, eguerdiko ordu batean ekinen diote errondari. El Cierzok akitzean, El Empuje peñak hartuko du txanda.

16:30ean, jota emanaldia eskainiko du gizarte etxean Voces del Ebro taldeak. Kontzertua Tafallako San Sebastian erretiratu elkarteak antolatu du. Herriko adinekoen gozagarri, elkarteak arratsaldero, emankizunak prestatu ditu Tafallako gizarte etxean.

Arratsaldean, mozorro poteoa izanen da besta herrikoien aldeko batzordeak antolaturiko gunean. Aukera paregabea, gaua heldu aitzinetik, gorputzak martxan jartzeko. Poteoan, batik bat, herriko gazteek parte hartuko badute ere, helduagoentzako lekurik ere izanen da.

Zenzensuzkoaren ostean, egunero, euskal dantzek hartuko dute Nafarroa plaza. Han, herritar orok izanen du Tafallako gaitarien doinuekin dantza egiteko aukera.

2014ko bestetako Udalaren egitarauaren berritasun nagusietakoa, 40 Principalesek antolaturiko Hot Mix Road Show emanaldia izanen da. Han, irratiko DJak eta bestelako artistek hartuko dute parte. Ereta parkean muntatutako agertokian gauzatuko da musika emanaldia.

Kontzertuen indarra

Aurten, gaueko kontzertuen aldeko apostua egin du Jai herrikoien aldeko batzordeak. Gaur, Tafallako Zartako-k taldeak joko du txosnen gunean, Madrilgo Subestimados eta Tokame la polla taldeekin batera. Aurten ez da Zartako-k taldeak Tafallako bestetan jotzen duen lehen aldia. «Tafallarrak gure taldeak sei urteotan bizitako prozesuaren lekuko izan dira; izan ere, ia urtero igo gara txosnen guneko oholtza gainera», taldeko abeslari Endika Irisok azaldu duenez. Irisoren hitzetan, «gozamena da gure herrian eta gure betiko adiskideen aurrean jotzea, eta urtez urte hobetzen dugula erakutsi ahal izatea». 2008 inguruan sortu zuten taldea. «Musikaz deus jakin gabe hasi ginen, eta urteekin, nahiz egindako lanarekin nabarmen hobetu dugu. Orain, kontzertu dezente ditugu, eta disko bat ere grabatu dugu», esan du taldekideak. Haien musika estiloa kaleko ska izendatu dute; izan ere, «gurea ez da Jamaikako ska musika, punk-rockarekin nahasturiko ska doinua baizik».

Bihar, esku pilota izanen da eguneko ekintza nagusia. Lehenik, lau t'erdiko partidan, Tainta eta Berino lehiatuko dira. Alta, plater nagusia bigarren partidarekin helduko da. Bengoetxea VI eta Begino, Idoate eta Beroizekin lehiatuko dira binakako txapelketan. Ilunabarrean, Kataluniako Correfoc ikuskizuna izanen da; txosnetan, berriz, kontzertuak hamaiketatik aitzina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.