Etxe ikusgarria. Ezin hobeto antolatutako eliteko ikastetxe pribatua. Familia errespetagarria. Horiek dira Gone telesail britainiarraren abiapuntuko osagaiak. Itxuraz, dena dago bere lekuan. Baina emaztea desagertzen denean, desesperazioaren arrastorik erakusten ez duen gizonaren jarrerak susmo guztiak piztuko ditu.
Gizon hori Michael Polly da, David Morrisseyk antzeztuta. Bristolgo ikastetxe ospetsu bateko zuzendaria da, eta thriller britainiarrean hain ezaguna den pertsonaia mota irudikatuko du: errespetagarria, zorrotza, itxuraz akatsik gabea... baina isiltasunaren atzean zerbait gordetzen duenaren sentsazioa eragiten du.
Polly arratsalde batean etxera itzuli eta bere emaztea, Sarah, desagertu egin dela ohartuko da. Desagerpena Annie Cassidy (Eve Myles) inspektorearen aurrean salatuko du. Annie detektibe pragmatiko eta zorrotza da, eta Michaelen ustezko estoizismoak berehala piztuko dio susmoa. Desagerpenaren albistea herri osoan zabalduko da, Michaelek hura geldiarazteko ahaleginak egin arren. Eta, bitartean, gizonak bere egunerokoari eutsiko dio, bere betebehar profesionalei uko egin gabe. Michael bere bizitzaren alderdi guztiak kontrolatzen ohituta dagoen gizona da. Emaztearen desagerpenaren aurrean erakusten duen lasaitasunak, ordea, Annieren susmoak piztuko ditu ia berehala.
Hortik abiatzen da Gone. Baina pista berriak agertu ahala eta Michael inguratzen duten pertsonaien sekretuak pixkanaka azaleratu ahala, hasierako galdera aldatu egingo da. Nor da Sarah? Nor da Michael? Zer gertatzen da benetan itxuraz perfektua den familia horren barruan?
Giroak eta istorioak hasieratik harrapatuko dute ikuslea, baina ekoizpenaren euskarri nagusia antzezpen-lanak dira.
Morrisseyk kontrolaren bidez eraikiko du Michael. Haren isiluneek, zurruntasunak eta ordenarekiko obsesioak etengabeko mehatxu-sentsazioa sortuko dute. Bere jarrera neurtuak eta emozioak menderatzeko gaitasunak suspensearen erregai bihurtuko dira.
St. Bartholomew ikastetxea arauetan, hierarkian, diziplinan eta itxuran oinarritutako espazioa da. Michaelek printzipio horien arabera eraiki du bere bizitza osoa. Horregatik da hain eraginkorra bere bizitza profesionalaren eta familia-bizitzaren arteko lotura. Ikastetxea Michaelen izaeraren luzapena da; etxea, berriz, haren kontrolaren eszenatokia.
Eve Mylesek, aldiz, Annie Cassidyren rola egingo du, desagerpena ikertu behar duen detektibearena. Telesailak bere iragana, gatazkak eta Craig bikotekide ohiarekin duen harreman korapilatsua erakutsiko ditu eta ikerketak dimentsio pertsonala hartuko du beretzat.
Gertatzen denaren azpian
Gone thriller poliziakoa da, baina ez da tiroetan, jazarpenetan edo akzio-sekuentzia handietan oinarrituko. Bere benetako eremua pertsonaien barrualdea da. Gertatzen ari den guztiaren azpian dagoena erakutsiko du.
George Kay sortzaileari gehiago interesatzen zaio ikuslea tentsioan mantentzea azalpen bat berehala ematea baino. Gidoia etengabeko susmoen egitura baten gainean eraikiko da, baina ikuslea ez da soilik ikertzailearekin batera gertatzen ari dena deskubritzen saiatuko; pertsonaiak epaitzera ere behartuta dago. Eta epai horiek etengabe aldatuko dira.
Ikuspegi formaletik, Gone ez da telesail iraultzailea. Ez du thriller poliziakoaren generoa berrasmatzen, eta haren egitura, neurri batean, telesailen munduan aski ezaguna da. Baina haren apustua beste bat da: egitura hori hartu eta indarkeria ikusezina, kontrol emozionala, maskulinitatea eta pertsonak itxuraren arabera epaitzeko dugun joera arakatzea.
'GONE'
- Sortzailea. George Kay.Â
- Herrialdea. Erresuma Batua.
- Urtea. 2026.
- Aktoreak. David Morrissey, Eve Myles, Billy Barratt, Rupert Evans.
- Non ikusi. Filmin.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Thrillerra, poliziakoa, drama.
Â