Atzekoz aurrera

Pezetak etorkizunekoentzat

2001ean haurrak zirela lurperatu zituzten objektuak berreskuratu dituzte Leioan. Aspaldiko jostailuekin egin dute topo berriz, eta lagunekin. «Ilusioa egiten du ikusteak jendea nola hazi den».

Bi gizon beren tuperrekin, gaur goizean, Leioako Pinosolo parkean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bi gizon beren tuperrekin, gaur goizean, Leioako Pinosolo parkean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
amaia igartua aristondo
Leioa
2026ko irailaren 19a
17:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira manera asko egongo iraganarekin ostera topo egiteko: haren zantzuak gordetzen dituen kutxa hartu, tentuz, barrukoa ikusten saiatu plastiko gardenak eta urteetan pilatutako hondakinek lagatzen duten heinean, eta azkenik edukiontzia zabaldu, jakin-minari ezin eutsita. Hala egin dute denek, gutxi-asko. 2001ean, ehunka haur leioaztarrek (Bizkaia) tuper bana lurperatu zuten euren «altxorrekin», eta 25 urteren ondoren berreskuratu dituzte herriko Pinosolo parkean, Leioaren 500. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldi batean. Koskortuta daborduko, baina umeen zirrara beraz halere. «Kristoren ilusioarekin etorri naiz», esan du Alaitz Gardokik.

8 urte zituen kutxa lurperatu zuenean, eta, oraindik zabaldu ez duen arren, sorpresa hartu du kanpotik identifikatu dituen gauzekin: argazki batzuk daude, pegatinak eta egunkari zatiak, besteak beste. «Pozten naiz gauzak plastiko batean sartu izanaz, horrela ez dira hondatu». Olatz Uriarte eta Maite Martin tuperra jaso eta berehala hasi dira miatzen. «Ze polita!», egin dute oihu objektuetako bat ateratzean. «Pentsatzen nuen ziba bat egongo zela, edo argazkiren bat, baina ez. Marrazkiak dira, gutunak...», aletu du Uriartek.

Tazoak, jostailuak eta argazkiak sartu zituzten, besteak beste, 2001eko haurrek. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Tazoak, jostailuak eta argazkiak sartu zituzten, besteak beste, 2001eko haurrek. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

2001. urtera itzuli dira Pinosoloko zelaietan, kasik ahaztua zuten 2001 hartara. Pipa paketeetan etortzen ziren erregaluen bilduma, Pokemonen eta Digimonen tazoak, askotariko arrosa tonuz eta brillantinaz apaindutako poney txikiak, auto are ñimiñoagoak. Arrotzak zaizkie jada, baina ume denboretan jostailu horiek estimatzen zituzten gehien. Eta are arrotzagoa zaie orduan ordaintzeko erabilitako txanpona: pezetak. Tuper askotan agertu dira; esaterako, Nerea Zumalakarregirenean eta Sandra Urquijorenean. «Moneta aldaketaren urtea izan zen», argitu dute.

Ordutik igarotako mende laurdenak balioa kendu dio pezeta sorta horri, baina beste oroitzapen batzuei kontrakoa gertatu zaie: orain preziatuagoak dira lurperatu zituztenean baino. Borja Gonzalez Escobarrek bere lehen maskotaren argazkia sartu zuen kutxan. Eta akaso, Ruben Valencia Iglesiasek ere ezagutuko zuen txikitako lagunaren animalia. Jaietan eta Gabonetan egiten dute topo orain, baina 11 urte zituztenean —kutxak lurperatu zituztenean— «banaezinak» ziren, Valenciak oroitu duenez. Haren hitzetan, «ederra» izan da aspaldiko lagunekin berriro elkartzea. «Klasera batera joaten ginen, eta ilusioa egiten du ikusteak jendea nola hazi den; are, batzuk guraso dira».

Aurreikusitakoa bete da

Ez dira-eta manera asko egongo iraganarekin topo egiteko: hura partekatzea, besteen oroitzapenekin norberarenak osatzea. Parkeko belardietan, gaitza da bakarrik dagoen norbait topatzea: gehienak lagunekin etorri dira, edo senideekin. Oihane eta Unai Bermejo anai-arrebak kukubilko daude, irribarre zabal bat daukatela aurpegian, haien kutxako sekretuak argitzen. 6 eta 2 urte zituzten, hurrenez hurren. «Amak idatzi zidan gutun bat dago», zehaztu du emakumeak. «Kontatzen du erizaina izan nahi nuela, eta gaur egun hori naiz». Unai argazki bat garbitzen ari da, kontu handiz. «Amak esaten du argazki honen kopia bat baino ez dagoela, kutxakoa, baina uste dut logelan badaukadala beste bat...». Errepikatuta egon edo ez, berreskuratutako guztia jagoteko asmoa dute biek.

«Amak idatzi zidan gutun bat dago. Kontatzen du erizaina izan nahi nuela, eta gaur egun hori naiz»

OIHANE BERMEJO Leioaztarra

Eta nolakoa zen, beraz, 2001eko Leioa hura? Udalbatzak taxututako kutxa itzuli diete Carmelo Sainz de la Maza orduko alkateari eta Iban Rodriguez egungoari. Herriaren historiari buruzko bi ale atera dituzte, urte hartako Umore Azokaren argazkiak dituen disko bat, udal beharginek idatzitako gutunak... «Garai hartan ez zegoen nortasun propio bat», egin du errepasoa Rodriguezek. «25 urte hauetan herria hedatu egin da, eta zilbor heste batek lotzen ditu auzoak». Sainz de la Mazak azaldu duenez, Bixente Barreiro zinegotziaren ekimenez lurperatu zituzten kutxak, eta ekitaldiak omenaldi kutsua ere hartu du horregatik, Barreiro 2011n zendu zen-eta, 43 urte zituela.

Urriaren 31n egungo haurren altxorrak lurperatuko dituzte, hemendik 25 urtera berreskuratzeko. Hala gogorarazi dio heldu batek bere semeari, umeen zirraraz. «Aitak egin zuena egingo duzu zuk ere!».

Panpin bat oraindik kutxan gordeta. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Panpina bat, oraindik kutxan gordeta. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA