Areto dotoreetako butaka erosoetatik ihesi, uretarat bota dute pianoa, kortxeen doinuak ez daitezen burgesiaren kortseetan harrapatuta geratu. Orain, pianoa ur ertzean egoten da, eta herri osoarekin plisti-plasta dabil uretan dantzan.
Izan ere, Asturiasko La Xata emakumeen kultur elkarteak Caribe Flotante piano bira antolatu du bertze behin, Frantziako Le PianO du Lac konpainiarekin. Gaur, Urrunaga urtegiko uretarat eginen dute salto (Legutio, Araba), eta, bihar, berriz, Allozko urtegirat (Lerate, Nafarroa).
Monica Cofiño La Xatako «motorra» izateaz gain, ikuskizuneko dantzaria ere bada, eta hark azaldu du helburu garbi bat dutela: «Batetik, burgesiarekin, antzokiekin eta eskolekin erabat lotua egon den tresna hori publikoari hurbildu nahi diogu, eta, bestetik, jendea harritu».
Hain justu, horretan dihardu La Xata kolektiboak. «Hiri eta antzoki konbentzionaletatik urrutien dauden herrietarat eta landa inguruetarat eramaten ditugu arte eszenikoa eta musikala, hala nola basoetarat, kobazuloetarat eta trenetarat. Arte prozesua era zabalagoan ulertzen dugu».
Caribe Flotante ikuskizunarekin, zortzi urte daramatzate erreka, badia, portu eta lakuetan jotzen. Euskal Herriko kontzertuen ondotik, Espainiako txokoak bisitatzen ibiliko dira irailaren 26rat bitarte. Guztira hamalau kontzertu emanen dituzte, eta lehenbizikoa eta azkenekoa jaioterrian eginen dituzte: Asturiasen, hain zuzen.
Cofiñok erran du ikuskizuna aldatuz doala: «Urtero, buelta bat ematen diogu formatuari, pianistari edo pianoari, aldi bakoitzean berrikuntza bat egon dadin».
Aurten, bi flotagailurekin apaindutako Sauter piano bertikal bat izanen da protagonista, baina bertze hainbat piano erabili izan dituzte, tartean pedal pianoa, burbuila pianoa eta haiek catapiano deiturikoa.
Den-denak Voel Martin zuzendari artistikoaren obra dira: «Karrusel pianoa, masaje pianoa eta koktel pianoa eraiki ditu, erraterako. Instrumentua bere testuingurutik ateratzea du helburu, eta marko klasikoarekin apurtzea. Dantzariaren hitzetan, piano flotagarriak dira sorkuntzarik «arrakastatsuenak», «ausartenak eta bisualki poetikoenak» baitira.
«Estiloen arteko bidaia bat eskainiko du Oliverok, bere konposizio neoklasikoekin hasi, eta Kubako musika folklorikoraino»
MONICA COFIÑO Antolatzailea eta dantzaria
Cofiñok adierazi du aurten Edgar Olivero musikagile eta piano jotzaile kubatar-asturiarra dela «tramankuluaren kapitainetako bat»: «Estiloen arteko bidaia bat eskainiko du, bere konposizio neoklasikoekin hasi, eta Kubako musika folklorikoraino».
«Ni anfibioa izanen naiz», erran du Cofiñok. Urpekari gisa ibiliko da, instrumentua alde batetik bertzerat mugitzen. Hala uretan nola pianoaren gainean dantza erakustaldia eginen du. Inprobisazioari tartea uzten diola aitortu du: «Urak eta paraje eder hauetan egoteak sormena pizten du, eta horretaz baliatzen naiz».
Bira «ezin hobeki» doala uste du Cofiñok: pianista berriarekin goazenean adi-adi egoten gara, baina Olivero buru-belarri ari da lanean, eta proposamen honekin gozatzen ari da». Bertzalde, publikoa ere ikuskizunetik «kontent» ateratzen delakoan dago: «Jendea kantari eta dantzari aritzen da emanaldi osoan».
Allozerat bueltan
Urteak daramatzate Legutioko urtegirat joaten; Allozko urtegian, berriz, 2022an egon ziren azkenekoz. «Allotzekoak harritu gaitu, sarrera dezente saldu baitira. Legutiorat, berriz, jende anitz joaten da urtero», adierazi du dantzariak.
Txarteldegia «autogestionatua» dela esplikatu du Cofiñok: «Hamabi euroan jartzea proposatu dugu. Horrez gain, publikoari aholkatzen diot sarrerak Internet bidez erreserbatzeko».
Cofiñok gogorarazi du, bidenabar, ez dela besaulkirik egonen ur ertzean: «Hortaz, nahi duenak aulkia, toalla edo antzekoren bat eraman dezake urtegiraino, esperientziaz gozatzeko».