Pilota hotsak Palestinan

Zisjordaniatik itzuli berri dira Frontball Developpement elkarteko kideak eta lau euskal pilotari. Haur palestinarrei frontball kirola irakatsita, pozik daude hango bizipenekin.

Al Fawwar errefuxiatuen kanpalekuko haurrak, frontballean jokatzen. FRONTBALL DEVELLOPEMENT.
Baiona
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Frontball kirola garatu eta haurrei ongi pasatzeko aukera emateko asmoz, Azkaineko (Lapurdi) Frontball Developpement elkarteko kideak, eta Agusti Waltary, Imanol Agirre, Yoan Hegiabehere eta Peio Tellier pilotariak Palestinan izan berri dira, Zijosdarnian, Al Fawwar errefuxiatuen kanpamentuan. «Ekain hasieran egon gara Al Fawwar kanpamentuan. Kirol hau ikas dezaten, bi eguneko ikastaroa eman diegu bertako haurrei, eta, ondotik, lehiaketa antolatu dugu», erran du Jean Michel Idiart-ek, Frontball Developpement elkarteko kideak. Pilotariak arduratu ziren frontball ikastaroa emateaz 60 haur palestinarri. «Oso inpresio onarekin gelditu gara, haurren jarrera etaikasteko gogoa ikaragarria izan baita. Pena izan da hizkuntzaren muga izana komunikatzeko orduan harremana sakondu ahal izateko. Zorionez, kirola hizkuntza unibertsala da», erran du Imanol Agirre pilotariak.

Kirol aski berria da frontballa,duela lau urte asmatu zuten. Haur palestinarrei kirolaren ikastaldia emateaz gain, kirol hori garatzeko eskolak sortzeko akordioa izenpetzea lortu dute kanpamentua kudeatzen duen herriko batzordarekin. Hala, bada, eskola esparrutik at, frontball eskola jada abian emana izan da. Eskolaren barnean izanen dena, berriz, datorren ikasturterik aitzina plantan emana izanen da. «Biziki kontent gaude eskolak garatzeko akordioa aitzina eraman dugulako. Gainera, bertako eskola Nazio Batuek kudeatzen dutenez, jarduera hau beste leku batzuetara hedatzeko aukera emanen digu haien bidez», erran du Idiartek.

Kirolaz haragoko ekinbidea

Frontball Developpement elkartearen xedea aipatu kirola gatazka gune eta txiroetan zabaltzeaa da. «Kirola, azken finean, aitzakia bat da haurrek ongi pasa dezaten, ezagutza sentimendua izan dezaten, partekatzen ikas dezaten... Badakigu gure pausoa tanta bat besterik ez dela itsas zabal batean, haurrek dituzten egoera guztien aitzinean, laguntze aldera. Baina bederen zerbait da; zerbait gehiago, behintzat», azaldu du Idiartek. Ildo berdintsutik mintzatu da Agirre pilotaria, Palestinan izan esperientzia oinarri harturik, Al Fawwar errefuxiatu kanpalekuko haurrenegoera biziki gogorra dela zoritxarrez. Haien pausoa, kirolaren bitartez, egoera eramangarriagoa izaten laguntzea da. «Haien biziari gozamen zerbait gehiago ekartzeko asmoz aritu gara Al Fawwarren, kirol berri bat ikas dezaten, egunerokoan baliatzen ahalko dutena». Frontball Developpement elkarteak, Mexiko Hirian eta Bartzelonako Nou Barri auzoan sortu ditu eskolak jada, eta aurten beste eskola bat irekitzear da elkartea, Bartzelonako Clot auzoan. Bestalde, txapelketak antolatzen aritzen dira munduko hainbat txokotan.

Frontball kirola duela lau urte soilik sortu zen. «2008an bidaia bat egin ondotik New Yorkeko Bronx auzora, hango gazteak pilotarekin jolasean aritzen zirela ikusi genuen. Eta orduan pentsatu genuen zergatik ez sortu kirolbat materialki edonorentzat eskuragarria izango dena eta kulturak elkartukodituena?», erran du Idiartek. Hala,frontball kirola, mexikar, estatubatuar eta euskal pilota jokoen nahasketatik sortu kirola da, eta pareta batean pilota batekin soilik jokatzeko aukera ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.