Aurreko igandean, Jokin Altuna pilotaria nekez gailenduko zen Buruz Buruko Txapelketan eskuak babestuta izan ez balitu. Pilotari guztiek, izan profesionalek, izan amateurrek, takoak jartzen dituzte eskuetan, pilotak komeni baino gehiago mindu eta zartatu ez ditzan. Pilotariek izerdia lehortu, pilotazaleek ospa egin eta frontoiko argiak itzali ostean, baina, non geratzen dira esparatrapu horiek denak? Zaborrontzian.
Ez beti, ordea. Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan (Tolosa, Gipuzkoa) —euskara hutsean irakasten duten Euskal Herriko handienean— proiektu aitzindari bat jarri dute martxan Kimika Industrialeko goi mailako graduko ikasleekin: pilotariek baliatutako esparatrapua paper bihurtzea lortu dute. «Nik pilotan urte batzuk daramatzat, eta beti eduki dut kezka hori: takoak jartzean, esparatrapu asko botatzen da zakarrontzira. Hondakinak dira», azaldu du Iker Urmenetak, Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko Kimika Industrialeko irakasle eta proiektuaren bultzatzaileak.
Paperarekin lotutako tradizio oso luzea du Tolosak, eta horren lekukoa da Tolosaldea LH Ikastetxe Integratuak eramaten duen Paper Eskola. Han gauzatu dute proiektua; zehazki, makinaz betetako laborategi batean. Paper usaina darie, noski, eta haiek ateratzen duten zaratak argi adierazten du makina horien martxa ez duela denborak eten.

Horren adierazle dira, besteak beste, Arantxa Olano eta Ioar Tolosa ere. Kimika Industrialeko ikasleak dira, eta proiektua gauzatzen parte hartu dute. «Nik uste nuen ezin zela egin. Pentsatzen nuen ez zela bideragarria, baina hasi ginen probak egiten, eta ikusi genuen posible zela», azaldu du Tolosak. «Hasieran, ikasleek zailtasuna ikusi ohi diote erronkari, baina gero konturatzen dira gai direla horri erantzuteko, eta ikusi da lortu dutela», berretsi du Urmenetak.
Izan ere, lanbide heziketan oro har egin ohi den gisara, Kimika Industrialeko ikasleei erronka bat jartzen diete ikasturtea hasi orduko. Hau, zehazki: plastikoa ordezkatzeko produktu bat sortu behar dute paperarekin. «Paper horren lehengaiak berritzailea izan behar du. Askotariko materia organikoak erabili izan ditugu: alkatxofa azalak, platano azalak, arto zuztarrak, bakero zaharrak... Aurten zera esan genuen: 'Zergatik ez esparatrapuarekin probatu?'. Hondakin bat da, zuntzak dauzka, eta aukerak daude orriak sortzeko», adierazi du Urmenetak.
Itsasgarria oztopo
Gipuzkoako hiru pilota klub izan dituzte bidaide: Villabona-Amasako Behar Zana, Donostiako Añorgakoa eta Errenteriako Eple. Haien bidez bildu dituzte esparatrapu hondakinak, Paper Eskolan sortu dituzten paperen lehengaiak. Behin esparatrapu hondakinak zatituta eta txikituta, prozesuaren lehen xedea esparatrapuari itsasgarria kentzea da. Hori nola egiten da, ordea? «Zuntzak nolakoak ziren ikusi genuen, zer zuntz mota zen. Gero, prozedura desberdinak erabiltzen hasi ginen», azaldu du Olanok.
«Zuntz luzeak eta oso txarrak direnak goian uzten ditu [zuntz banatzaileak], eta onak pasatzen dira hurrengo fasera»
IOAR TOLOSATolosaldea LHko ikaslea
Saiakera horietako bat kontatu du Tolosak: «Ontzi batean jarri genuen, soda jarri genuen, eta egosten utzi genuen, zuntzak sakabanatzeko. Baina ez genuen oso ondo lortu. Lortzen da zuntza, baina oso luzeak dira». Izan ere, Urmenetak nabarmendu du «zailena» itsasgarria esparatraputik bereiztea izan dela, baina saiakera askoren ondoren topatu dutela bidea: «Esparatrapua digestorean sartu dugu. Presio eltze baten modukoa da: hor esparatrapua txikituta sartu dugu, soda kaustikoarekin eta urarekin. 160 gradutan, bi orduz gutxi gorabehera».
Digestorea zilindro metaliko handi bat da. Bi orduren ostean goiko estalkia zabaltzean, kolorea galdutako esparatrapua ateratzen da —helburua hori ez den arren, soda kaustikoaren eraginetako bat hori ere bada—, itsasgarri gehiena galduta. «Hurrengo pausoa izango da martxan dagoen desintegratzaile horretan sartzea», azaldu du Urmenetak, zarata handia ateratzen duen makina berde bat seinalatuta. «Atera dugun esparatrapu garbi hori txikitu egiten du, desintegratu. Goitik sartzen dute, denbora bat edukitzen da, txikitzen da, eta lortzen dugu zuntzak askeago izatea. Prozesu hori mekanikoa da: ez zaio prozesu kimikorik gehitzen».
«Zuntzak nolakoak ziren ikusi genuen, zer zuntz mota zen. Gero, prozedura desberdinak erabiltzen hasi ginen»
ARANTXA OLANOTolosaldea LHko ikaslea
Hala ere, hori ez da nahikoa papera sortzeko: are gehiago findu behar dira zuntzak. Horretarako, desintegratzailetik ateratakoa fintze makina batean sartzen dute, «zuntzak oraindik eta gehiago askatzeko», Urmenetak azaldu duenez. Denbora batez findu ostean askatzen dituzte zuntz gehienak: «Hori egin eta gero, zuntzen banatzailera eramaten ditugu zuntzak». «Zuntz luzeak eta oso txarrak direnak goian uzten ditu, eta onak pasatzen dira hurrengo fasera», erantsi du Tolosak.

Hurrengo fasea, azkena, formagailuan egiten dute, Urmenetak azaldu duenez: «Dauzkagun zuntzak urarekin nahasten ditugu, eta pasta bat sortzen dugu nahi dugun konsistentziaren arabera. Pasta horren bolumen jakin bat botatzen dugu, eta orria sortzen da». Orri hezea, baina. Gero, kanpotik begiratuta sandwichak egiteko balio dutela diruditen makina batzuetan —teknologia askoz finagoa dute Paper Eskolako makina horiek, noski— lehortzen dute papera, eta kito: orriak eginda. Makina horren forma biribila denez, halakoa da ateratzen duten orria. Lodiera, berriz, botatzen duten pastaren araberakoa da.
«Ukitzen duzunean, nabaritzen da ez dela paper-papera. Beste testura bat dauka, belusaren antzekoa», esan du Tolosak, eta zera erantsi du Olanok: «Oihal baten antzeko testura du».
Beste bizitza bat
Olanok eta Tolosak nabarmendu dute proiektua interesgarria izan dela, eta hala berretsi du beren irakasleak: «Erosoagoa da lehenagoko metodologia erabiltzea, baina motibagarriagoa da ikasleentzat horrelako erronkak proposatzea. Uste dut askoz gehiago ikasten dutela horrela». Hori ez ezik, ekonomia zirkularraren garrantzia ikasleei transmititzea ere bada proiektuaren beste xede bat; «alegia, hondakin bati bizitza berri bat eman eta, kasu honetan, papera sortzea».
Zirkulu hori guztiz biribiltze aldera, egitasmo bat martxan dute Gipuzkoako Pilota Federazioarekin. Hau da, proiektuak ikasgelaren mugak gainditu ditu, Urmenetak gaineratu duenez: «Gipuzkoako Pilota Federazioari interesgarria iruditu zitzaion beraiek klubekin hartu-emana edukitzea esparatrapu hondakinak guri emateko. Gainera, saiatu ginen guk lortutako paper horiek serigrafiatzen, eta paper horrek ondo hartzen du tinta. Beraz, helburua izango da Gipuzkoako Pilota Federazioak egiten dituen txapelketak aprobetxatzea guk ekoiztutako paperarekin egindako sariak emateko. Asmoa da hurrengo urtean ondo lortzea».
«Helburua izango da Gipuzkoako Pilota Federazioak egiten dituen txapelketak aprobetxatzea guk ekoiztutako paperarekin egindako sariak emateko»
IKER URMENETATolosaldea LHko irakaslea
Papera ikertzen ez ezik, esparatrapuarekin lanean segitzeko asmoa ere badute. «Ikertu nahi dugu ea esparatrapuarekin oihala egin daitekeen. Esparatrapu hondakinak biskosa izeneko elementu bat dauka, kirol arropa egiteko erabiltzen dena. Hartu-emanetan gaude kirol marka batzuekin; interesa erakutsi dute. Probatu nahi dugu ea oihala egin daitekeen, eta, oihala eginez gero, kamisetaren bat sortu, eskumuturrekoren bat, pilotan erabili ahal izateko», iragarri du Urmenetak.
Ez dago zalantzarik: frontoiko pilota bezain biribila izan daiteke esparatrapuak egiten duen bidea.