Alde ezkorretik begira daiteke egoera. Pinpirin, sagarroi, papogorri, horma txori eta birigarro gutxiago ikusten ditu bere Gamarteko (Baxenabarre) etxaldeko egunerokoan Iñaki Berhokoirigoin Lurrama azokako presidenteak. Egoera larria dela berresteko, datu zenbait ere eman ditu laborariak. Gaur egun, bi milioitik gora espezie identifikatuta daude, eta urtero beste 10.000 eta 15.000 artean identifikatzen dituzte. Bizkitartean, jadanik deskubritu horien herena da galdua. Eta mendea bururatu baino lehen, beste heren bat galduko dela aurreikusten dute zientzialari batzuek. Hamar milioi espezietik gora daude, orotara, munduan, eta martxa horretan badela nondik ezkor izan nabarmendu du laborariak.
Alde ezkorra ukatu gabe, egoera alde baikorretik begiratzea da aurtengo Lurrama azokaren parioa. Euskal Herriko Laborantza Ganberak antolatzen duen hitzorduaren lema Bioaniztasuna goza! da aurten. Hamabigarren azoka du, laborantza herrikoi eta iraunkorraren alde.
Urtez urte betiko balio seguruak aurki daitezke, hori badu Lurramak. Eta atzo bildu mila haurrak ere izan ziren horren lekuko. Formulak funtzionatzen du. Ikastetxe andana batetik joanak, arrakasta baieztatu zuten berriz ere. Tokiko baserrietako kabalek sortzen duten lilura, tokiko ekoizpenen merkatuan aurki daitezkeen ekoizpenen kalitatea, tailerren ludikotasuna, bazkari oparoak, zintzur bustitze kilikatzaileak... hori dena da Lurrama.
Urteko gonbidapen berezia ere bada; eta horrek ekartzen du sorpresa. Aurten, Okzitaniako Provence-Alpes-Cote-d'Azur eskualdea dute gonbidatu. Hango eguzki eta mendietan ekoitzi gazta, oliba olio eta eztiaz gain, hango errealitatea trukatzera ere etorriak dira. Laborantzarako lurrak atxikitzeko zailtasunak dituzte eta turismoa biziki indartsu dago, bereziki itsasaldean. Badute otsoaren problematika ere. Beren mendietan otsoa baitaukate. Otsoa, hartza eta artzaina, elkarrekin bizitzen ahal dira ala ez? mahai ingurua dago gaiaz, gaur, 11:00etan.
Baina Lurrama ere bada bide bat urte osoan laborariek eta ingurukoek egin lanak ikusteko. Urtez urte ekimen berriak agerraraziz. Biodibertsitateari begira ere, laborantzak ukan du eragina galtze horretan orain arte; orain, berriz, «alderantzizkoa» egin dezakeela berrestea da aurtengo azokaren desafioetako bat. Biodibertsitatea beharrezkoa du laborantzak. Hori begi bistakoa dela eta laborantza biodibertsitatearen bermatzaile ere izan daitekeela gogoetatzeko aukera eman zuen atzo Lurramak.
Egitasmo konkretuagoak ere ukan zituzten euskarri. Adibidez, Ble elkarteak duela hamar bat urte hasi lana. Hazi hautaketarako eta horien garapenerako prestaketak eskaintzen ditu elkarteak. Azokan erakusmahaia dauka elkarteak, hain zuzen, daraman lanaren azaltzeko.
Adibide zaharrenetakoa Ezpeletako biperra da. 145 laborarik ekoizten dute, eta beren betebeharretan sartua dute tokiko gorria barietatearen erein behar dela sor-marka izateko.
Tokiko arto gorria baloratzeko eta kontsumitzaileei ezagutarazteko izen bereko elkartea ere sortua dute. Besteak beste, %100 arto gorriaren irinarekin egin taloaren promozioa egin nahian dabiltza. Tokiko artoa, tokiko ekoizpena eta biologikoa izanen dena. Mementoko errezeta egokienaren bila dabiltza, ahal bezain eraginkorra izateko gisan.
Kontua da gaur egungo talo gehienetan arto irina gutxiengoan dagoela. Gari irina da nagusi. Irin horren glutenak egiten baitu ez hain hauskorra taloa, eta beraz, erosoagoa da prestatzeko, bereziki festa handietan. Baina nola taloaren jatorria arto gorriarena den, horren alde tiratu nahi du egitasmoak.
Itsasun, berriz, tokiko gerezien alde ari da Xapata elkartea. Tokiko sagarrentzat, berriz, Sagartzea dabil. Irulegiko ardo ekoizle zenbait Imozk proiektua garatzen ari dira. Mahats ondo zahar batzuk identifikatu, eta horien artean zein izan daitezkeen interesgarrienak begiratzen ari dira garai hauetan.
Horiek, beraz, tokiko barietateen aldeko lanetako batzuk. Erakusten dutenak tokiko berezitasunak zaintzeak ekar dezakeela indar, baita komertzialki ere. Berezitasunak ere gainbalioa izan daitezkeela.
Saihets bideetatik
Baina hazi zaharrak berreskuratzea eta berriz ereitea ez da hain erraza. Justuki, zailtasunek erakusten dute politika globalak eta indar harremanak non dauden. Baimenak behar dira, eta baimenak lortzea arras konplikatua dela baieztatu du Ble elkarteko animatzaile teknikariak, Helene Proixek.
Hazi bat ezin da saldu, ez bada katalogoan sartua, eta, katalogoan sartzeko, «egonkorra izan behar du. Hainbat irizpide bete behar ditu». Landare eta Hazien Frantziako Lanbideen arteko Gnis taldeak finkatu irizpideak dira. «Egiazko genetikarientzat arto gorria ez da barietate bat, adibidez. Aniztasun gehiegi badelako. Haien barietateak aratzak dira. Klonak balira bezala. Ez da bariazio izpirik arto batetik bestera».
Hots, helburu politikoak ez dituzte berak, eta, beraz, ez da baitezpada nahikeriarik tokiko laborarien partetik katalogoan sartzeko. Beraz, haziak elkarren artean partekatzea ez da sinple. Halere, saihets bideak badira. Bereziki iaztik. Iazko udan, Frantziako parlamentariek biodibertsitatearen aldeko legea bozkatu zuten. Horri esker, hazi truke baimendua da orain Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan. Adibidez, laborari batek beste bati hamar kilo hazi ematen ahal dizkio —beste laborariak, ordainez, lagun dezake laborantza lanetan, edo gazta emanez edo beste—. Hori bai, haziek eman arto gorria, horrekin ekoitzi irina edo beste sal daiteke.
Oro har, Ble elkartearen barruan badira alde juridikoa hurbiletik zaintzen dutenak, ez dadin nehor ezustean harrapatua izan. Kolektiboki eraman lana bada ere, ez dadin ere nehor bere bakardadean gera.
Pinpirinak ez galtzeko
Lurrama azokak gaur eta bihar segituko du bere hamabigarren aldia, Miarritzeko Irati erakustazokan; biodibertsitatea du aipagai nagusia, eta Okzitaniako Provence-Alpes-Cote-d'Azur eskualdeko laborariak ditu gonbitak; usaiako erritmo beroan hasi zen, atzo, mila haurri harrera eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu