Donostiako Aste Nagusia. Abordatzea

Piratak, dantzan

Bost urtez agertokietatik at egon ostean, Donostiako kaia aztoratu du Fermin Muguruzak Piraten abordatzeanAurtengoan 5.000 bat lagunek abordatu dute Donostia, portutik Kontxaraino

Abordatzearen aurretik, Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen, itsasontziaren gainetik. Hainbat lagun izan zituen ondoan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Ez zen gutxiagorik espero. Hamargarrenak hala merezi zuen. Bihurri izateko agindua jasoa zuten atzo Donostia abordatu zuten 5.000 piratek, eta ez zuten hutsik egin: txupinazoak abordatzearen hasiera iragarri orduko, Kontxako hondartzan lehorreratuak zeuden asko eta asko. Piraten lagun zahar batek izan zuen horren errua, dantzan jarri baitzuen portua Fermin Muguruzak. Festa giroan erabat murgilduta, abordatzearen hasiera baino lehenago utzi zuten atzean kaia txalupa gehienek.

Arratsaldeko lauak iritsi orduko gainezka zegoen portua. Piratak izan arren eguneko protagonista nagusiak, azken orduko kontzertu batek bereganatu zuen hara bildutakoen arreta. Abordatzearen aurretik, Fermin Muguruza agertokira igoko zela jakin zen igandean, baina La Flamenkako oholtza erabat hutsik zegoen. Abordatzeak ez du inongo zentzurik lehorretan, eta kaian ainguratu zuen Muguruzak bere itsasontzia. Ez zen bakarrik agertu jende aurrera: Zuloak eta Bad Sound Sistem taldeek eta Xabier Solanok (Esne Beltza) osatu zuten tripulazioa, besteak beste. Ez zuten asko behar izan han bildutako jende andana dantzan jartzeko. Yalah Yalah Ramallah, Big Beñat edo eta Azoka eguna abestiez gain, Kortaturen E n la linea del frente eta Sarri Sarri ezagunak ere jo zituzten.

Denak uretara

Beroari aurre egiteko, uretara egin zuten jauzi pirata gehienek 16:30erako, eta orduan lehertu zen festa. Minutu eskas batzuk pasatu, eta txalupa ugari irauli ostean hasi zen benetako abordatzea.Lehorrera eramango zituzten eskifaia berrien bila, erruz egin behar izan zuten igeri zenbait piratek, txalupa gainetan zeudenak dantzan zeuden bitartean.

Imajinaziorik falta ez dutela erakutsi zuten beste urte batez, askotariko txalupak itsasoratu baitzituzten. Oinarria egiten baino, apainketan izan ziren trebeagoak asko eta asko, esaterako, txirristak eta futbol zelaiak ikusteko aukera izan baitzen.

Kaia eta Kontxako badia jendez lepo zegoela, ikusleen algarei ura jaurtitzen erantzun zieten piratek, eurak ere festan murgil zitezen. Ikusmin handiarekin begiratzen zuten gehienek, irria aurpegietan.

Espero baino lehen iritsi ziren lehenak Kontxako hondartzara. 17:30ak ziren Matti pertsonaiak «Izan Pirata, elkarrekin abant, abordatzera!», esan eta txupina bota zuenean. Batzuk bidea egina zuten ordurako, eta beste asko orduan hasi ziren kaia atzean uzten. Guztia txukun jasota eta Donostia abordatuta, Piraten gunea den La Flamenkan jarraitu zuten festa, gaueko eskaintzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.