Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (I)

Pirinioak aldez alde, bizikleta lagun

BERRIAk antolatutako lehiaketako lanik onenak argitaratuko dira gaurtik igandera. Bi lagunek Leitzatik Cap de Creusera Pirinioetan zehar bizikletan egindako ibilbidearen kronika da gaurkoa.

Jakara bidean, mitxoletaz jositako zelaien ondotik. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO
Jakara bidean, mitxoletaz jositako zelaien ondotik. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO
Garazi Zabaleta Urkiola - Marta Barba Gasso
2025eko abenduaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

GR11ri segituz Pirinioak oinez zeharkatu eta gero, behin Garaziri bota nion: «Egingo dugu Pirinioetan zeharrekoa bizikletaz?». Amuak gehiago harrapatu zuen harrapakina, amua bota zuena bera baino. Hortik heldu zitzaidan urtebetetze egunean Ander Izagirreren Pirenaica. Catorce crĂ³nicas de la cordillera liburua (Pirinioetan zeharrekoa. Mendikateko hamalau kronika). Desiotik betebeharrera eraman ninduen buelta eskatzen zuen opariak. Elkarrekikotasuna, badakizue.

Garaziren etxea (Leitza, Nafarroa) nire jaioterriarekin (Cap de Creus, Herrialde Katalanak) lotuko zuen bidaia luzeak, Pirinioen hegoaldeko isurialdetik barrena. Hogei bat egun gurpilen gainean, errepide txiki eta mendiko herri eta haran galduetan barrena. Zaila da luzea izan den bidaia bat karaktere kopuru mugatu batean biltzea; zertzelada batzuk besterik ez dira ondoko lerrook. Ea bizitakoaren usain eta testura izpi bat transmititzeko gai garen, bi ahotsetara.

Gora pedalei alai eragiteko modua!

Maiatzaren 31n, goizean goiz abiatu gara Leitzako Basakabi hotel zaharraren paretik, Garaziren etxetik. Bezperan ordena handiz betetako alforjak kargatu, ongi gosaldu, etxekoak agurtu eta abiatu gara maldan behera. Lasai goaz errebuelta askoko errepide politean barrena, baina laster iritsi gara Baztanera, eta han ekin diogu lehenbiziko mendateari: Artesiaga. 16 kilometro eta ia 800 metroko desnibel positiboa. Azken asteetan aritu gara entrenatzen, baina kirolari fin eta pro izatetik urruti, errespetu pixka bat badiegu horrelako mendateei.

(ID_17653595316905) Artesiagan, bidaiako lehen mendatea igo berritan, pozik.
Artesiagan, bidaiako lehen mendatea igo berritan, pozik. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO

Lehen kilometroak leunak dira, eta, behin malda gogortzean, erritmo lasaian igo gara. Bidaiari ekin aurretik, zikloturisten blog batean izan genuen pedalei alai eragiteko moduaren berri eta guztiz gure egin dugu filosofia hori. Mendateak garapen arinarekin igotzean datza, hankak behartu gabe, mantso-mantso joanez, paisaiaz gozatuz. Kirolari finak izerditzera ateratzen dira errepidera, baina gure helburua irautea da, eta, horretarako, bidea sobera izerditu gabe egitea komeni zaigu.

Eta bizikletan kargatuta daramagun pisua kontuan izanda, hobe izango da horrela: kanpadenda, lo zakuak, janaria, arropa, sukaldetxoa eta kazolak, irakurtzeko liburuak, kaierak, mapak, kartak... «Pisu gehiegi daramazue Pirinioetan zeharrekoa egiteko», bota digu Lleidako mendate batean esperientzia handiko gizonezko txirrindulari batek. Bi emakumezko eta itxuraz ez oso atletak izateak izanen du zerikusirik gurekiko zalantzan, ziurrenik.

(ID_17653595685335) Bidaiaren trazua mapetan markatuta, eta egunerokoak, kronika osa
Bidaiaren trazua mapetan markatuta, eta egunerokoak, kronika osatzeko ezinbestekoak. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO

Artesiagako mendatearen erdian zirimiri pitin bat hasi du, eta borda batean gelditu gara mokadu bat jateko. Gazta usainak erakarrita-edo, sagutxo bat atera da eskailera azpitik, eta begira-begira gelditu zaigu. Laster atertu du eta ekin diogu berriz maldari. Nahiko ongi egin dugu falta zitzaigun zatia, kontu-kontari. Azken kilometroan auto batek aurreratu gaitu, klaxona joaz, eta leihotik animo oihuak botaz. Eskertu dugu. Behin lehenbiziko mendatea igota, errazagoa izanen zaigu datozkigun beste guztiak egiteko gai garela sinistea. Gora pedalei alai eragiteko modua!

Gaztarekin, ogiarekin eta jogurtarekin bizi daiteke Pirinioetan!

Bigarren gauean, Aurizberriko kanpinean, euri pixka bat bota du, baina goizean atertu eta giro freskoarekin abiatu dugu hirugarren etapa, Iratirantz. Orbaizetan kafetxo bat hartzeko gelditu gara, eta kostata egin diogu uko bertan bazkaltzeari, usain ezin hobea baitator Koiuntura musika taldeko kantariak gobernatzen duen sukaldetik. «Onddo beltza», diosku zerbitzariak. Baina goizegi da bazkaltzeko eta «itzuliko gara» esanez esan dugu agur.

(ID_17653605606895) Iratiko basoa. Egurgio aterpea argazkiaren erdialdean, urrutian,
Iratiko basoa. Egurgio aterpea argazkiaren erdialdean, urrutian, eta artzain jubilatuaren borda eskuinean. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO

Eguerdi parterako Irabia urtegiaren iparraldean gaude, Egurgio aterpean. Hotzaren kontra onena izerdia kentzea litzatekeen arren, fresko egiten du eta gaur uko egin diogu errekako dutxari. Arratsaldean buruz buruko pilota finala izanen da. Plan ona iruditu zaigu, baina FMko seinalerik ez dugu mendi arte honetan. Antena parabolikodun borda bat ikusi eta hara abiatu gara. Artzaintzatik erretreta hartua duen 80 urte pasatxoko gizon bat ezagutu dugu; telebista baduela eta nahi badugu partida berekin ikus dezakegula dio. Bi ordu falta direnez, gorago dagoen gasnategira joatea erabaki dugu.

(ID_17653605170735) Gaztandegira eraman gintuzten katakumeak, Iratiko basoan.
Gaztandegira eraman gintuzten katakumeak, Iratiko basoan. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO

Pistan gora, lainotan sartu gara, eta, bat-batean, bi katakume miauka atera zaizkigu bide erdira. Galduta daude, eta Kontrasaroko etxola gasnategiraino segitu gaituzte. Poz ederra hartu du han Argitxuk bi egun lehenago desagertutako katakumeak ikustean. Esker onez kafea hartzera gonbidatu gaitu. Artzainak dira, eta maiatzetik urri bukaerara Iratiko bordan bizi dira. Elkarrizketa goxoa izan dugu, artzainen bizitzaz, bidaiaz, mugaz... Oraindik ez dira aurtengo gazta saltzen hasi, eta «itzuliko gara» esanez agurtu ditugu, beste behin.

Finala kaskarra izan da, baina ederra izan da final hori borda xume batean eta konpainia berezian ikusi izana. Artzainekin izandako enkontrua nolabaiteko seinalea izanen da bidaiarako: elikagai industrialak ekoizteko baldintza eskasengatik, ziurrenik, bidean topatu ditugun produktu asko artzain eta etxalde txikiek ekoitzitakoak dira. Artisau ogi goxoez gain, haranez haran, tokiko ahuntz eta ardi jogurtak eta gaztak dastatuko ditugu.

Pirinioetako hizkuntza askotarikoak

Bidaia hau ez da bidaia bat bizikleta gainean goazelako soilik. Haranak zeharkatzeaz gain, bertan gelditu eta tokiak eta jendea ezagutzeko tartea hartu dugulako da, bereziki, bidaia. Batez beste 40 bat kilometro eta 700-800 metroko desnibel positiboko etapak ari gara egiten, eta, etapa bakoitza bukatutakoan, helmugako herriak, putzuak, dendak eta pertsonak ezagutzeko aukera izaten dugu. Horretarako, noski, oso lagungarria da galderak lotsagabe egiten dituen kazetari bat taldean izatea.

(ID_17653594939285) Aragoiko Yesero herrira iristen, eguerdiko bero betean malda gog
Aragoiko Yesero herrira iristen, eguerdiko bero betean malda gogorra igota. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO

Bidaiako bosgarren etapan egin dugu Nafarroatik Aragoirako saltoa, Otsagabitik Anso haranera, Zurizatik barrena. Bero egiten du gaur, eta zuzenean errekara jaitsi gara. Gaztelera ez den hizkuntza bat entzun dugu herrian, eta errekan topatu ditugun bi gaztetxori galdetu diegu aragoierari buruz. «Guk ez dakigu, baina herriko zaharrek egiten dute ansotano-z», kontatu digute. Arratsaldean, okindegiko saltzailearekin sakondu dugu gai horri buruz, eta, azaldu digunez, ondoko herrian, Echon, elkarrengandik oso hurbil egonagatik ere, chesoa hitz egiten dute, hizkuntzaren beste aldaera bat.

(ID_17653607739465) Kanpin-gasarekin otordu goxoa prestatzen, Ansoko putzuan.
Kanpin gasarekin otordu goxoa prestatzen, Ansoko putzuan. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO

Hamargarren etapan, Aragoiko egungo maparen azken eskualdean, txakalaldiak jo du Garazi, eta Bonansa mendateko jatetxe batean gelditu gara, esmorzar de forquilla egitera —Kataluniako gosari handi bat—. Ehiztari talde bat dago bertan, eta hizkuntzak arreta eman digu berriz. Katalana da? Aragoiera? «Hau ribagorzanoa da», erantzun digute. Gerora ikusi dugu Herrialde Katalanen maparen barruan dagoela inguru hori, eta batzuek katalanaren aldaeratzat daukatela bertako hizkera. Baina guk, badaezpada, ez dugu ehiztarien hitza kolokan jarri... Kilometro gutxi aurrerago muga ofiziala pasatu, eta hemen bai, Martak lasai egingo du katalanez.

Pirinioetako zati handi bat zeharkatu dugu dagoeneko, eta mugaz muga gaztelania ez den beste hizkuntza eta aldaera batzuk entzuten ari gara. Ziurrenik, zeharkaldia edertzen eta zailtzen diguten malda eta haran sakonen ondorioa izango da hizkuntza aberastasun hau.

Desarrollismoaren atzaparrak honaino iristen dira...

N-260 errepideari ari gara segitzen bidaia osoan, «Pirinioetako ardatza» deitzen dioten horri, baina bigarren mailako errepide txikiagoak hartu ditugu askotan. Urte osoan jende gutxi bizi den herri eta haran hauek urrutiko leku eskuragaitzak diruditen arren, nabarmena da honaino iritsi direla garapenkeriaren atzaparrak. Bederatzigarren etapan, Sabiñanigo inguruan, parez pare agertu zaizkigu, beste behin, mendi garaiak, ta-txaaan! Baina, mendien norabidean, beste mota bateko ta-txaaan-a: moztutako errepide zatiak, lur mugimenduak, hondeamakinak, soinua, kea, brea usaina... Biescas aldera eraikitzen ari diren A-23 autobidearen obrak dira. Pirinioen bihotzeraino auto erosoetan iristeko bidea irekitzen ari dira, ustez eskuragaitza zena edonoren eskura jarriz.

(ID_17653593109995) A23 autobidearen obrak, Sabiñanigon.
A-23 autobidearen obrak, Sabiñanigon. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO

Pirinioetako haran garaietara doazen errepideetan nabari da turismoa, baina, aldiz, haranak elkarrekin lotzen dituzten errepideek bestelako paisaia eta lasaitasuna eskaintzen digute: baserri erdi eroriak, nekazaritzako tresneria zaharrak eta landa eremuko pobrezia. Zein ezberdinak diren Pirinioetako bertikalak eta horizontalak!

Atzoko etapan ere antzeko sentsazioa izan genuen, Boltaña baino lehentxeago dagoen Janovas herritik pasatzean. 60ko hamarkadan, Francoren urtegi proiektu bat zela medio, herri osoa hustu, txikitu eta hondamendia eragin zuten. Gerora, ez zuten inoiz eraiki. Gaur, bizirik segitzen duten bizilagunak —garai hartako haurrak— auzolanean ari dira berreraikitzen, baina nekazaritza etxeen itxurako eraikinak ere ikusi genituen inguru horretan. Pirinioetako parke tematikoaren adibide bat gehiago bihur ez dadin desiatzen dugu. Izan ere, borroken eta borroken apropiazioaren artean mugitzen ari gara bidaia guztian, baina han eta hemen egin nahi dituzten makroproiektuen kontrako aldarriek itxaropena piztu digute. La Seu d'Urgellen ondoren, Adraen izeneko herrixkan, esaterako, Pirinioetan egin nahi dituzten Neguko Olinpiar Jokoen kontrako margoketak ikusiko ditugu. «Ez, dena ez dago galduta...».

(ID_17653594446855) Adraen herriaren azpian, neguko olinpiar jokoen kontrako pintake
Adraen herriaren azpian, Neguko Olinpiar Jokoen kontrako pintaketa bat. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO

Itsasoko usaina: Cap de Creus eta Mediterraneoa bistan

Herrialde Katalanetara sartzean, Pirinioetatik urrunduz joan gara pixkanaka, eta Martaren txikitako oroitzapenen bidean jarraitu dugu La Garrotxa, el Pla de l'Estany eta l'Emporda eskualdeetara. Mendate politak pasatu ditugu, eta majo izerditu dugu Coll de Merollan eta Coll de la Boixedan.

Vilamurren gaua pasatzeko prest, mendiak zaindari. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO
Vilamurren gaua pasatzeko prest, mendiak zaindari. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO

Ohartzerako, ortzi-mugan kolore urdina ikusten eta itsasoa usaintzen hasi gara. Ene bada, iritsi gara Cap de Creusera! Helmugaratze heroikoa grabatu nahi eta, momentuko zirrararekin, telefonoa lurrera erori eta pantaila txikitu da. Nola eraiki bidaiaren memoria? Bada, Mediterraneo parean, bazkari eder batekin.

(ID_17653600322555) Cap de Creusera iritsi berritan, pozarren.
Cap de Creusera iritsi berritan, pozarren. GARAZI ZABALETA URKIOLA-MARTA BARBA GASSO

Bidaide askok aberastu dute biko honen bidaia: errebueltadun errepideak maite dituzten motorzaleek, autokarabanan tor-tor doazen jubilatuek, lotarako terraza eta koltxoia utzi dizkiguten ezezagunek, lehorte betean gu egarriz eta iturriak itxita ur botilak oparitu eta Arkumearen jaia haiekin ospatzera gonbidatu gaituen familiak, bazterretako loreek, putzuetako ur hotzak, arboletako txoriek, herrietako katuek... «Itzuliko gara» esanez agurtu ditugu maiz. Eta aizue, hitza hitza da...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.