Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III)

Pirinioak, eskuinetik ezkerrera

Aitaren urratsei jarraituz, hiru ahizpak GR11 bideari ekin zioten ekainean, haientzat betidanik bereziak izan diren mendietan barrena. 35 etapa eta hamaika bizipen izan zituzten ibilbidean.

Ibilbideko 24. etapa: Pinetatik Añisclo leporako bidean. SAIOA AIERBE ERTZIBENGOA
Ibilbideko 24. etapa: Pinetatik Añisclo leporako bidean. SAIOA AIERBE ERTZIBENGOA
Saioa Aierbe Ertzibengoa
2025eko abenduaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hasiera guztiek dute aurrekariren bat, edo, hobeto esanda, hasiera material guztien aurretik badago lehenengo irudikapenen bat, «egingo dugu» hitzak lehen aldiz ahoskatzerakoan. Pirinioak maiz izan dira guretzat oporleku, gurasoen bizkarrean genbiltzanetik gure motxilak jantzi genituen arte. Mendilerro horietan barrena ibili garenetan, aitaren abenturen artean GR11koak eduki izan ditugu bidelagun.

Horrela hasi zitzaigun hiru ahizpei gure ibilbidearen hasiera gorpuzten, eta, azkenean, duela bi urte «egingo dugu» esandakoan, 2025eko udara izendatu genuen Izarok —21 urte—, Saioak eta Udanek —18 urte— GR11 egiteko.

2025eko ekainaren 14an jantzi genituen mendiko botak lehenengoz, Cap de Creus lurmuturrean, Kataluniako Girona probintzian, baita 15 kiloko motxila bana ere. Pauso bat emateko, gihar guztiak indartu behar genituela sentitzen genuen, bizkarrean harri-koskorrak izango bagenitu bezala. Lehenengo egun eta erdian gurasoak eduki genituen alboan, laguntzeko, baina zeharkaldia hirurok bukatzea zen helburua.

Lehenengo etaparen amaiera: Port de la Selvan, Gironan. Ibilbideko 24. etapa: Pinetatik Añisclo leporako bidean. SAIOA AIERBE ERTZIBENGOA
Lehenengo etaparen amaiera: Port de la Selvan, Gironan. SAIOA AIERBE ERTZIBENGOA

Mediterraneo itsasoa atzean utzi genuen kilometroz kilometro; 06:00etan oinez hastea derrigorrezko bihurtu zen, eguzki izpi atseginak itogarri bihurtu bitarteko orduak aprobetxatzeko. Horrela pasatu genituen La Jonquera, Requesens eta Albanya herritxoak, lautada horixkak berdatuz eta altuera handituz zihoan heinean. Lehenengo asteko urduritasun, neke eta ohitzeko lanek eduki zuten beren saria, Beget herrian bukatu genuen etapan zain baikenituen aita eta izeba, gure kontuak entzuteko irrikan. Bide batez, gure motxila arindu genuen, bizkarra arintzea arropa garbia izatea baino aukera hobea zela ikusi genuelako.

Pirinioak begi bistan

Bigarren astearen hasieran poz handiz ikusi genituen Pirinioetako lehen tontorrak ortzi mugan; gerturatzen ari ginen gure mendilerro kuttunera. Kukua ere entzun genuen, eta, zorionez, bagenuen xoxik. Setcases herriko zelai batean, bi lagunentzako kanpin dendan hirurok sartuta gaua igaro eta abiatu ginen gorantz.

6. etapa: Mollo eta Beget herrien artean; lehenengo tontortxoak. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA
6. etapa: Mollo eta Beget herrien artean; lehenengo tontortxoak. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA

Ulldeter mendi aterpean hartu genuen lehen kafeina dosia, lo eta elikagai faltaren ondorioz galdutako energia berreskuratzeko asmotan. Noucreus lepora heldu (2.799 metro) eta hortxe ikusi genuen Nuriako santutegia. Familiarekin egonak ginen jada, baina desberdina izan zen bigarren aldi horretan sentitu genuena, ibilaldiaren lehen helburua horra iristea baitzen. Bertako aterpetxean igaro genuen gaua, eta, kasualitatez, euskaraz zekien Bartzelonako neska batekin egin genuen lo; arraroa bezain berezia. Gainera, bertan agurtu genituen egun batzuk lehenago ezagutu genituen bi bidelagunak: Ignaci eta Marc. Ordura arte ezagututako guztien artean horiekin izan genuen harremanik luzeena eta tristea izan zen agur esatea.

8. etapa: Nuriako santutegia; guretzat, zeharkaldiaren lehenengo helburua. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA
8. etapa: Nuriako santutegia; guretzat, zeharkaldiaren lehenengo helburua. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA

Hurrengo etapetan tximista eta trumoietatik ihesi ibiltzea tokatu zitzaigun; horren ondorioz, udaletxe baten atarian egin genuen lo, ukuilu batean ere bai, eta baita Andorrako mugako mendi aterpe batean ere, bilbotar batekin eta hiru katalanekin batera. Zelai loredun, Andorrako magal, harri, elur eta ur urdinen artean iritsi ginen Baiau lepora, eta handik ikusi genuen geure helmuga. Ez genekien nolakoa izango zen lata itxurako aterpe hori, baina bidean topatutako guztiek gomendatu zigutenez, nahitaez bertan pasatu beharra geneukan gaua. Horregatik, ibilbide guztiko aldaparik gogorrena jaitsi ondoren, arratsalde lasaia pasatu genuen bikote uruguaitar batekin, gizon brasildar batekin eta beste kataluniar batekin batera.

14. etapa: Baiau aterpea. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA
14. etapa: Baiau aterpea. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA

Hurrengo egunean, berriro Katalunian sartu ginen, Lleidan oraingoan, eta jada hasi ginen nabaritzen atzerritarren presentzia. Alemanak, frantsesak, herbeheretarrak eta beste hainbat koloretako mendizaleak izan genituen ondoan, eta garai batean euskaldunek eta katalanek egiten zuten zeharkaldia munduan barrena hedatu dela ikusi genuen.

Herritxoz herritxo, batekin eta bestearekin hizketan, iritsi ginen Aiguestortes i Estany de Sant Mauricira; ezaguna bezain polita, polita bezain jendetsua. Goiz mugitzearen abantaila: lehen orduetan gu ginen mendiaren jabe, baina, orduek aurrera egin ahala, ezinezko bihurtzen zen mendian bakar-bakarrik egotea. Restanca mendi aterpea itxita egon arren, irekita zegoen zatian pasatu genuen gaua; hotelaren parekoa izan zen guretzat, koltxoi eta guzti. Dena antolatuta ez eramatearen sorpresa atseginak opari polit bezala jasotzen genituen, Restancako gelatxo goxo hori, adibidez.

18. etapa: Aiguestortes i Estany de Sant Maurici parke naturala. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA
18. etapa: Aiguestortes i Estany de Sant Maurici parke naturala, goizean goiz. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA

Parke nazionaletik irten eta Conangles aterpean berrindartu ginen, kafearekin eta ogitartekoekin; etxe usaina ere iritsi zitzaigun han. Izan ere, aterpean sartu, gora begiratu, eta hortxe zegoen gure herriko arraun taldearen banderatxoa, ezagunak genituen arraunlarien sinadurekin, etxetik ehunka kilometrora; bertako jabea herrikide omen dugu. Ekaitza iragarrita zegoenez, gaua Anglios mendi aterpean igarotzeko asmoarekin ekin genion aldapa gora, egurrezko txabolatxo horren bila. Iritsi eta zerua belztu zen; iragarritako tximista eta trumoi ekaitza izan genuen bizilagun arratsaldean, edo, hobeto esanda, horiei esker bizilagun berriak iritsi zitzaizkigun babes bila: madrildar kuadrilla bat zen. Gaua, hala ere, hirurok bakarrik igaro genuen; Aragoiko lehenengo gaua zen.

20. etapa: Anglios aterpetxean, etapa amaitu ondoren luzaketak egiten. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA
20. etapa: Anglios aterpetxean, etapa amaitu ondoren luzaketak egiten. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA

20. etapa egunsenti gorriarekin hasi genuen, eta, aurrera begira joan beharrean, atzera begira joatera behartu gintuen horrek. Cap de Llauset aterpean bigarren aldiz gosaldu genuen, gure argaltasunari lehia irabazteko asmotan. Hala ere, bagenekien hori konponduko zela; izan ere, San Jaime zubian bisita bat zain genuen. Azkenean elkartu ginen, eta besarkada, galdera eta janari artean joan zitzaigun arratsaldea. Oraingo honetan, ordea, aitak gurekin gelditzea erabaki zuen, etapa batzuk gurekin egiteko.

30 urte geroago

Espedizioko laugarren kideak 30 urte geroago ekin zion berriro zeharkaldiari, oraingoan, hiru alabekin batera. Posets eta Aneto Pirinioetako gailurrak ikusiz eta inguruko kolore berde eta horiek apaindutako magalak miretsiz iritsi ginen Viados inguru kutunera.

Pirinioen xarmaz hitz egitean, zaila da Ordesa ez aipatzea eta parke nazional horren berezitasunak ez deskribatzea. Pineta aterpetik igo beharreko pareta bat izan zen horra sartzeko atea, Añisclo lepora bidean. Lore more, hori, mendi marradun eta forma geologiko bitxien erdian dago Goriz aterpe ospetsua, eta han pasatu genuen gaua. Hurrengo egunean, goizeko lehen orduetan ibiltzeagatik, Cola de Caballo jenderik gabe ikusteko saria jaso genuen.

25. etapa: Cola de Caballo ur jauzia. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA
25. etapa: Cola de Caballo ur jauzia. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA

Bidean aurrera egin ahala, geroz eta gehiago nabaritzen genituen euskaldunak. Halaxe gertatu zitzaigun egun horretan Bujarueloko kanpinera iritsi ginenean; tabernan afaria eskatu, eta, hara, zerbitzaria euskaraz! Hurrengo egunean ere antzeko zerbait gertatu zitzaigun Panticosan, afalorduan azpeitiar eta azkoitiar banarekin gustura aritu ginelako hizketan. Halere, hurrengo eguna buruan genuela, ezinegona nabaritzen genuen, ibilbidearen hasieratik buruan geneukalako kezka bat: Tebarray lepoa. Beldurtuta iritsi ginen bertara, elurra ote zegoen zalantzan, baina, makilak gordeta eta kableen laguntzarekin, oharkabean iritsi ginen Respomusora; bazkaldu eta Sallent de Gallegora iritsi ginen.

Bidean aurrera eginda, Candanchura txiripaz iritsi ginen ekaitza lehertu aurretik, baina hurrengo egunean jada ez zegoen zereginik: goiz-goizetik euria egin zuen. Horregatik, eguna deskantsatzeko aprobetxatu genuen eta beste gau bat igaro genuen han. Gainera, izeba eta ama gurekin gaua pasatzera etorri ziren, hurrengo egunean aita etxera eramateko. Amaitzear zegoen dena barruan sartua zuen bidaia. Horrela iritsi ginen La Minara; bertan bazkaldu, denak agurtu eta berriro ere hiru ahizpak bakarrik gindoazen maldan gora, Zurizaraino.

Zurizatik aurrerakoa zoragarria izan zen. Goizean oinez hasi eta berehala sartu ginen gure Euskal Herri kutunean, Nafarroan. Hunkigarria izan zen hilabete baten ostean Izabara iritsi eta «kafesne bat, mesedez» euskaraz eskatzea; egun horretan gosariak etxe zaporea izan zuen. Aurrera jarraitu genuen, Otsagabiraino, eta nabari zen kilometroak azkarrago egiten ari ginela, izan maldak txikiagoak zirelako edo etxe mina nabaritzen genuelako.

30. etapa: Euskal Herriko lehen herria, Izaba. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA
30. etapa: Euskal Herriko lehen herria, Izaba. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA

Hortik aurrerakoak ziztu bizian pasatu ziren; Otsagabitik Auritzera egun bakarrean iritsi ginen, eta bertako frontoian egin genuen lo. Auritz igaro ondoren, hurrengo helmuga pasatu eta aurrera egin genuen, Txauxilo bordaraino; bi herbeheretar topatu genituen bertan. Hortik aurrera herri ezagunak bakarrik ez, mendiak ere ezagunak genituen; lehenengo antzeman genuena Larhun izan zen; huraxe zen hodei itsasoaren gainean ikusten zen punta bakarra. Zetak taldearen abestia eduki genuen ezpainetan bidean.

Beran, aitaren oroitzapenak lagun 

Kilometroak jan eta jan, izen berezia daukan borda batera iritsi ginen: La chabola de los maridos maltratados (tratu txarrak jasandako gizonen txabola); argi zegoen gizonen terrenoa zela, eta, kontraesankorra izan arren, izugarri gustatu zitzaigun eta bertan bukatu genuen etapa. Goizean goiz, egunsentiarekin batera hasi ginen oinez, eta, Bera herritik igaro ondoren, San Anton ermitan amaitu genuen etapa. Gure aitak bere garaian azken gaua hor pasatu zuenez, guk ere argi geneukan gauza bera egingo genuela. Ospatzeko, izeba, osaba eta gurasoak afaltzera etorri ziren; bide batez, afari goxoa ekarri ziguten.

Zirrara genuen begietan uztailaren 19an jaiki ginenean; azken eguna iritsi zen, eta, izerditutako guztiaren ondoren, 20 kilometro besterik ez zen geratzen itsasargira heltzeko. Beti bezala, goiz jaiki ginen, eta, nola ez, euriak egin zigun ongietorria Gipuzkoan sartzean. Berehala, hormigoizko lur gainean Irun eta Hondarribia igaro, eta hondartzaraino iritsi ginen. Bertan hartu genuen bainua, hasieran Mediterraneo itsasoan egin genuen bezala, baina oraingoan etxe ondoko hondartzan. Eta, azkenean, 36 egunen ondoren, iritsi ginen Higer lurmuturrera! Bapo bazkaldu ostean, Oreretara abiatu ginen, eta aitona-amonei bisita egin genien. Gainera, herriko jaiak ate joka genituen eta erromeria doinuek zein txarangen soinuek hartuak zituzten kaleak. Iskanbila horren erdian agertu ginen hiru ahizpak, ezustean, lagunen artera. Ez ziren falta izan garrasiak eta besarkadak.

35. etapa: bidaia honen amaiera, Higer lurmuturrean. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA
35. etapa: bidaia honen amaiera, Higer lurmuturrean. SAIOA AIERBE ARTZIBENGOA

Hasieran esan bezala, hasiera guztiek dute aurrekariren bat, baina bukaerek ere badute itzuli bat: abentura honen amaiera beste zerbaiten hasiera izango ote den susmoa dugu etxeko hiru erreginok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.