Pirinioen aldeko azoka

Asteburuan, bigarren eskuko gauzen azoka egingo dute Otsagabian, dirua lortzeko Pirinioen alde lan egiteko

Jendeak emandako arropa, altzariak eta etxeko tresnak salduko dituzte Otsagabiako azokan. BIZIRIK GAUDE.
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Otsagabian (Nafarroa), azoka solidarioa egingo dute larunbatean eta igandean. Jendeak emandako bigarren eskuko objektuak salduko dituzte: altzariak, arropa, etxeko tresnak... Gizarte etxean egingo dute azoka, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Gainera, kinto festak ere badituzte herrian. Giro ederra izango da, hortaz, hara joan nahi duenarentzat.

Bizirik Gaude elkarteak antolatu du azoka, «Pirinioetako jendegabetzearen aurka borroka egiteko». Hala, Pirinioaren aldeko apostua egin kanpainarentzat izango da azoka solidarioan lortutako dirua. «Pirinioetan, badaude herri batzuk bi edo hiru biztanle baino ez dituztenak. Horiek, agian, ez dute atzera bueltarik, baina beste herrietan ere beste hainbeste gertatzea eragotzi nahi dugu», azaldu du Rita Labiano Bizirik Gaude elkarteko kideak.

Azokaren bitartez, Pirinioen aldeko kanpainaretzat dirua lortzeaz gain, Otsagabiara joaten den jendeak Pirinioen erakargarritasuna ikustea nahi dute. Era berean, «landa eremuari buruz dauden pentsaera okerrak» ezabatu nahi dituzte.

Harrera ona espero dute

Hirugarren urtez antolatu dute aurten azoka solidarioa Otsagabian, eta aurrekoetan jasotako erantzun bera espero du Labianak. «Mila euro inguru biltzea lortu genuen». Objektuen salneurria, berriz, «oso baxua» da. Labianak azaldu duenez, «sinbolikoa». Azken batean, Bizirik Gaude irabazi asmorik gabeko elkarte bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.