Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Zuberoa aspalditik izan da identitate bereziko lurraldea. Haren izenaren aipamenik zaharrenak Antzinatean bila daitezke; K.a. I. mendean, Julio Zesarrek Akitanian garaitutako herrien artean aipatzen ditu sibusates izenekoak, mende bete geroago Plinio Zaharrak sybillates deitu zituenak. Askoz geroago, 635. urtean baskoiek agintari frankoen aurka egindako matxinadaren harira, palazioko kroniketan jasoko dute Arinberto dukea Subola izeneko haran batean hil zutela.
XI. mendearen hasmentan, Zuberoa «bizkonderri» bilakatu zen, hau da, tokiko familia aristokratikoek gobernatutako lurralde bat, Iruñeko Erresumaren menpekoa baina autonomia handikoa. Bada, egitura politiko horren erdigunea izanen zen, hain zuzen ere, Mauleko gaztelua; Alfontso I.a erregeak 1122an emandako dokumentu batean aipatu zuten lehen aldiz: «castello nouo quod fecimus in capo de Sobala», hots, «Zuberoako buruan eraiki dugun gaztelu berria».
XI. mendearen hasmentan, Zuberoa «bizkonderri» bilakatu zen, hau da, tokiko familia aristokratikoek gobernatutako lurralde bat, Iruñeko Erresumaren menpekoa baina autonomia handikoa
Garai berean, hirigune txiki bat ere eratu zen gazteluaren itzalpean; hala, 1150 eta 1170 artean Nabarra izeneko emakumea agertuko da «Mauleko bizkondesa» moduan aipatuta. Hirigune hori gaur egungo Bela karrika inguruari dagokio, Ühaitza ibaiaren gainekoari. Erdi Aroko bastida baten egitura tipikoa du, merkatu plaza zabal baten inguruan lerrokatutako etxez osatua, eta halaxe deskribatzen dute garai bateko agiriek ere, mercadiu et bastide. Haren oinetan eta Ühaitzaren ertzean, Berroetako San Joan eliza eraiki zuten, herritarren parrokia funtzioak bete ez ezik, bortuetan zehar Compostelara bidean zihoazen erromesei zerbitzu emanen ziena.
Dena den, Zuberoako bizkondeen autonomia oreka geopolitiko prekario samarrean oinarrituta zegoen. Batetik, lotura pertsonalak eta politikoak zeuzkaten Nafarroako errege-erreginekin, baina, bestetik, Bearnoko bizkondeen joera espantsionistei ere aurre egin behar zieten, azken horiek Akitaniako dukerri boteretsuaren babesa baitzuten. Egoera XIII. mendean irauli zen, Akitania Ingalaterrako erresumaren esku gelditu zenean. Azkenik, 1261ean Oger III.a bizkondeak Mauleko gaztelua utzi behar izan zuen, eta, konponketa batzuk egin ondoren, Edward I.a errege ingelesak egonaldia egin zuen bertan, 1287an.
Jaun kondearen bortan
Euskal literaturan ere bada Mauleko gazteluak iraganean izandako garrantziaren arrastorik. Bereterretxen khantoria da adibiderik ederrenetakoa. Belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititu ondoren, Jean Salaberrik idatziz jaso zuen 1870ean; Jean Jaurgain historialari zuberotarrak, aldiz, azterketa xehea egin zuen 1899ko Quelques légendes poétiques du pays de Soule liburuan eta, bertan azaldu zuenez, litekeena da XV. mendeko gertaerak izatea baladan jasotakoak.
Kantuak leinuen arteko gatazka odoltsua aurkezten du. Pazko gauerdi batez, gizon armatuen konpainia batek Larraineko Bereterretxe leinuaren etxea inguratu zuen, «jaun konde» bat buru zuela. Orduan, Bereterretxe gaztea preso hartu eta, hilko ez zutela zin eginik, Mauleko gaztelura bidean abiatu ziren. Bidean promesa urratu zuten, ordea, Etxebarreko Ezpeldoi etxe aurrean gaztea haritz bati lotu eta hil egin baitzuten.
Bitartean, haren ama Marisantz lasterka abiatu zen Larrainetik, Bosmendietan zehar, Lakarriraino. Anaia Buztanobi etxeko jauna zuen, eta hari eskatu zion laguntza, baina anaiak Maulera bidali zuen, «jaun kuntiaren borthala» ager zedin semea itzul ziezaioten erregutzera. Han ikasi zuen Bereterretxe gaztearen heriotzaren berri.

Testuan aipatutako jaun kondea Luis Beaumont litzateke, Nafarroako handikirik boteretsuenetakoa XV. mendean. Erresumako kondestable eta Leringo konde ez ezik, 1434az geroztik Mauleko gazteluzain ere bazen, Ingalaterrako Henrike VI.aren babespean; baina, 1441ean Nafarroako Zuria I.a erregina hiltzean, Zuriaren senarraren eta semearen arteko gatazkan sartu zen bete-betean, Vianako printzearen alde esku hartuta. Horiek horrela, Gaston IV.a Foixeko konde eta Bearnoko bizkondeak Zuberoari eraso zion, eta, 1449an, Luisek errenditu egin behar izan zuen Mauleko gazteluan. Ekintza hori traiziotzat hartuta, Ingalaterrako erregeak jabetza guztiak konfiskatu zizkion.
Hortaz, Bereterretxen khantoria-n kontatzen diren gertaerak 1434 eta 1449 artekotzat jo daitezke, eta, ziur asko, Nafarroako barne gatazkei lotuta ulertu behar dira. Mauleko gazteluzaina —eta, beraz, Zuberoaren jabea— Luis Beaumont baldin bazen, pentsa liteke Bereterretxe eta Buztanobi leinuak agaramontarrekin lerratuta zeudela, baina, handiki batzuen eta besteen arteko xextrak gorabehera, garaiko nobleziaren bortizkeria da olerkiak uzten duen irakaspen nagusia.
Mugaldean
XVI. mendearen hasieran aldaketa geopolitiko handiak gertatu ziren Pirinioen inguruan. Mendilerroaren iparrean, Frantziako koroak Akitania osoa bereganatu zuen, bai Ingalaterraren jabetza izandako lurraldeak eta baita ordura arte autonomo eutsi zioten bizkonderriak ere; tartean, Zuberoa. Hegoaldean, aldiz, Gaztelako armadak Nafarroa inbaditu zuen 1512an. Dinastia legitimoa behin baino gehiagotan saiatu zen galdutako lurraldea berreskuratzen, Frantziaren laguntzarekin, baina, azkenean, porrot egin zuten.
Horiek horrela, Pirinioak zera bilakatu ziren, Europako nagusitasuna eskuratzeko lehian zebiltzan bi potentzia handiren arteko muga. Hura kontrolatzeko, XVI. eta XVII. mendeetan hala alde bateko nola besteko gotorleku nagusiak berritu eta handitu zituzten, atzerriko ingeniariak engaiatuz eta punta-puntako berrikuntza militarrak integratuz. Lan horien emaitza dira, besteak beste, Baionako, Hondarribiko eta Iruñeko harresiak, baina baita gotorleku apalagoak ere, Mauleko gaztelua bezalakoak.
Pirinioak kontrolatzeko, XVI. eta XVII. mendeetan hala alde bateko nola besteko gotorleku nagusiak berritu eta handitu zituzten; besteak beste, Baionako, Hondarribiko eta Iruñeko harresiak, baina baita gotorleku apalagoak ere, Mauleko gaztelua bezalakoak
Gaztelako armadak 1523an jotako erasoak kalte larriak eragin zituen Zuberoako hiriburuan. Gainera, XVI. mendearen bigarren erdian Frantzia odolustu zuten erlijio gerrek ere gogor jo zuten, eta, 1568an, Lüküzeko jaun katolikoak su eman zion, nagusiki higanotez populatuta zegoela eta.
Gertaera horien ondorioz, plazak estrategikoa izateari utzi zion, apurka. 1642an, Frantziako erregeak gaztelua eraisteko agindu zuen, eta, sei urte geroago parte batzuk berreraikitzen hasi ziren arren, gotorlekuak ez zuen inoiz berreskuratu lehengo distira.
Hormak irakurtzen
Euskal Herriko gazteluei erreparatuta, historiarik luze eta nahasienetakoa izan dutenen artean dago Maulekoa. Garai bakoitzeko gertakariek, agintarien esku hartzeek, eta hala eraispen nola berreraikuntza lanek marka utzi dute gaur egun arte iraun duen eraikinean.
Orain arte indusketarik egin ez duten arren, arkeologoek badute modurik zutik dauden hormetan aztarna horien sekuentzia irakurtzeko. Horixe egin zuen Anne Berdoy ikerlariak 2007an, herriko etxearen eskariz; «arkitekturaren arkeologia» izeneko metodoari jarraikiz, horma guztien eta horma bakoitzaren faseen arteko harreman estratigrafikoak aztertu zituen —bata bestearen gainean bermatuta baldin badago, azpikoa baino modernoagoa da ezinbestean— eta, hortik abiatuta, eraikinaren sekuentzia historikoa berreraiki zuen.
Lan horri esker, ondorioztatu zuen eraikinaren parterik zaharrenak Erdi Arokotzat jo daitezkeela datazio irizpideen arabera: iparraldeko eta hegoaldeko harresien oinarriak, hain zuzen ere. Elementu horiek XII. mendekoak izan litezke, aipatutako 1122ko lanen emaitza, agian. Harrizko bloke karratu txikiz osatutako hormak dira, harea ugaridun morteroz lotuak. Dena den, hipotesi hori baieztatzeko, beharrezkoa izanen da datazio absolutuak egitea; adibidez, harrien arteko morteroetan harrapatutako ikatz zatiak erradiokarbono bidez analizatuta.
Euskal Herriko gazteluei erreparatuta, historiarik luze eta nahasienetakoa izan dutenen artean dago Maulekoa
Gazteluaren parterik handiena, berriz, Aro Modernokotzat jo behar dela uste du Berdoyk, datazio irizpideei erreparatuta. Lan horiek gerra tekniken berrikuntzarekin lotuta egon behar dute; bolbora eta artilleria asmatu ondoren, Erdi Aroko gotorleku zaharrak ez ziren gehiago erabilgarri gertatuko, eta beharrezkoa izanen zen arkitektura molde berriak probatzea. Hala, harresiaren gibelaldeko bastioia eta hiru dorre biribilen oinarriak XVI. mendearen lehen erdikoak lirateke, 1523ko suntsiketaren ondotik eraikiak; baita ate nagusia ere. Harlandu handiak erabili zituzten, kare ugariz osatutako mortero zuriarekin lotuta.
Fase horretan eraikitako bastioiak bi arrakala handi dauzka, suntsiketa bortitz baten lekuko. Bi aukera egon daitezke gertaera hori azaltzeko: 1568ko suteak eragindako kalteak izan daitezke, Erlijio Gerren barruan Lüküzeko jaunak hiria konkistatu ondorengoak; edo 1642an Frantziako Luis XIII.a erregeak agindutako eraispen planifikatuaren emaitza ere izan daiteke. Modu batean ala bestean, gaztelua XVII. mendearen bigarren erdian berreraiki zuten, dorreei eta harresiei gaur egun arte iraun duen forma emanda. Garai horretako hormak askoz ere heterogeneoagoak dira, neurri askotako harlangaitzak eta kalitate kaskarragoko morteroak tartekatuta eraikiak. Ate nagusira doan harrizko zubia ere garai horretan eraiki zuten.
Beraz, XVI-XVII. mendeetako lanek eman zioten Mauleko gazteluari egungo itxura: gotorleku sendoa eta iluna da, eta Zuberoa zaharra zaintzen du bere talaiatik, Ühaitz inguruko landetatik Pirinioetako bortuetaraino.