Pitxer dei dakioke, azken finean. Baina konbentzimendu handirik gabe, dena den. Lehen begi kolpean ikusten dena kono bat baita, obretan erabili ohi dituzten horietakoa, baina txikiagoa, eta distiratsuagoa. Biziago egiten baitu diz-diz esmalteak plastikoak baino. Gaitza da ebazten zer dela eta dagoen halako pieza bat areto batean, baina, arretaz begiratuz gero, antzeman egiten dira azkenik haren ahoa eta heldulekua. Eta orduan dator burutazioa: pitxerra ote?
Hala da, Luken Villan Arco egileak argitu duenez: pitxer funtzional bat, hiriko paisaiako elementu ezagun batetik abiatuz ondutakoa. Objektuari jatorrizko testuingurua moldatu, eta beste ñabardura bat eman dio artistak; elementu erresistente bat hauskor bilakatu da bat-batean aretoko idulkian. «Kalean, beharbada ez zara hartaz ohartuko; baina etxean, edo barruko eremu batean, arreta handia ematen du», nabarmendu du Villarrek. Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa aretoan ipini dute haren lana, 15. erakusketan. EHUko Zeramika masterreko hamabost ikasleren obrekin osatu dute bilduma, eta abuztuaren 27ra arte bisitatu ahalko da.

Villanen era berean, euskarriaren eta figuren konnotazioekin jokatu dute gainerako artistek ere: arte erabat garaikidea lantzeko abagunea eman diete, paradoxikoki, antzina asmatutako teknika batek eta aspaldiko tresna batek. Kasey Sean Harris Mierrek denboraren ertzari heldu dio, preseski, eta uztartu egin ditu iragana eta oraina dorre batean pilatutako pieza multzo batean. Eskultura horretan identifikagarria da pitxer klasikoaren taxua, baina koloreak eta apaingarriek talka eragiten dute ostera ere, arrosaz pintatu eta grafitien eta tatuajeen estiloko marrazkiekin apaindu baititu pitxerrak. «Elementu herrikoiak nahasten ahalegintzen naiz: lehen, zeramikak ziren; gaur egun, tatuajeak eta grafitiak. Batzuk etxe barrukoak ziren, eta beste batzuk kanpokoak dira», egilearen esanetan.
Kristo loreontzian
Esplizituagoak dira Zoe Riquelme Diezen eskulturak. Eta ez ontzien moldeagatik: loreontzi tipikoak dira, aho estua eta gorputz puztua duten horietakoak. Apaingarriak egiten ditu berezi: Kristo bana daukate hiru piezek, gurutzean beharrean edukiontzietan ezarriak. Iradokitzaileak dira giza figuratxoaren koloreak —arrosa leuna eta beltz indartsua, hurrenez hurren—, haietako batek daraman animal print gerripekoa, loreontzien tonuak —gurutziltzatuaren egoerarekin nabarmen kontrastatzen duten zuri eta berde alaiak—, baita proiektuaren izena ere: Tenplurik gabeko fedea. «Erlijioaren inguruan dagoen iruditeria kolektiboari beste esanahi bat ematea da helburua», adierazi du egileak. «Tenplutik atera nahi dut, eta aintzat hartu haren barruan egon daitezkeen gauza horterak eta kinkiak».
«Elementu herrikoiak nahasten ahalegintzen naiz: lehen, zeramikak ziren; gaur egun, tatuajeak eta grafitiak»
KASEY SEAN HARRIS MIER Artista
Beharbada balio dezakete likidoren bat jasotzeko. Baina, egiaz, funtzionalak ez diren ezaugarriek ematen diete nortasuna piezoi. Eta, hala ere, pitxerrak ote?