Mirari Agorria Ansotegi: «Plazak harrapatu egiten zaitu; psikologia hutsa da»

Euskal merkatu tradizionalek gero eta postu huts gehiago dituzte, baserriek gero eta ortu gutxiago dituzten modu berean. Baina oraindik badaude plazan eta soroan jo eta ke dabiltzan andrazkoak, ohiturari eusten diotenak. Haietako bat da Agorria.

Mirari Agorria Ansotegi, baserriko soroan. GORKA RUBIO / FOKU
Mirari Agorria Ansotegi, baserriko soroan. GORKA RUBIO / FOKU
Maddalen Omaetxebarria
Forua
2026ko ekainaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gernika-Lumok (Bizkaia) 660 urte daramatza asteroko azoka egiten; herriak adina urte dauzka azokak. Astelehenero, mahai zapi koadrodunek egurrezko mahai berdeak apaintzen dituzte, eta bertan izaten da astero Mirari Agorria Ansotegi (Forua, Bizkaia, 1951), mahaiok frutaz eta barazkiz estaltzen. 60 urte daramatza, era batera edo bestera, Etxe Nagusi baserriko janak eta kontuak plazaratzen. Eta nabari zaio plazandrea dela, garboz egiten baitu berba edozertaz eta edonortaz —izan konde, izan politikari—. Baina Agorriak ez du soslaia larregi luzatu gura, soroko beharrak zain dituelako.

Nondik nora dator Etxe Nagusi izena?

Etxe honetan jaio nintzen ni, ama jaio zen leku berean, baina sasoi hartan etxea ez zen gurea; Allendesalazar kondea zen ugazaba. Esango nuke hortik datorrela baserriaren izena: ez handia zelako, nagusiaren etxea zelako baizik. Gure aitak beti zioen [barrez]: «Baserria ez, hau ardi txabolaren bat izango zen, seguru!».

Bizitza osoa al daramazu bertan?

Ezkondu ostean, senarra eta biok hamar urtez bizi izan ginen pisu batean, baina ni egunero etortzen nintzen baserrian laguntzera. Ahizpa eta biok beti etortzen ginen, bakoitza bere etxetik; seme-alabak kuman uzten nizkion, berak jagon zitzan, eta ni ortura joaten nintzen deskonektatzera. Aita hil zenean, ama bakarrik geratu zen baserrian, eta, nire nebetako inork ez zuenez bertoratu gura izan —bata Bilbon zebilen maisu, bestea ez dakit zertan—, senarra eta biok etorri ginen. Pisua laga, eta baserria erosi genuen, 1987an.

Nola izan zen hori?

Sasoi hartan baserri asko erosi ziren, bazegoelako lege bat baserrian horrenbeste urte baino gehiago bizi eta jardun zutenei hura erosteko eskubidea ematen ziena. Ordurako kondea hilda zegoen, eta haren semeekaz egin behar izan genuen tratua, baina haiek Madrilen bizi ziren, eta ez zekiten zer lur zeuzkaten ere! Azkenean, kostata, lortu genuen erostea, eta handik urte batzuetara berritze lanetan hasi ginen.

Horretan laguntzarik jaso al zenuten?

Bai, zera! Baserria berrizten hasi ginenean, euskal gobernuak laguntzak ematen omen zituen, baina ez zuten gura baserriak txalet bihurtzerik: «Korta kendu duzue; hortaz, ez dago laguntzarik», esan ziguten. Baina zer gura zuten? Baserritarrak kobazuloetakoen moduan bizitzea? Osasunagatik korta kentzen zutenek ere merezi zuten laguntza, teilatua konpondu gura zutenek beste! Ni baserriko alaba naiz, eta beti biziko naiz baserrian, baina ez dut ulertzen pentsamolde hori: zergatik ez dut berton behar den moduan bizitzeko eskubiderik izango, bada?

«Baserrietatik nekez joaten ziren adinekoak zahar egoitzetara, baten batek beti egon behar zuelako etxean, eta etxea bera ere handiagoa zelako»

Urteek aurrera egin ahala, hobetu al da egoera?

Laguntzak beti izan dira eskasak, baina orain kontrola inoizko handiena da. Edonon aurkitzen dituzte arazoak, baimenak direla eta ez direla. Eusko Jaurlaritzatik nekazarioi bidaltzen dizkiguten gutunetan beti proposatzen digute zera: jarraitu gura ez badugu, atzealdean idazteko baja eskaria. Zergatik dute horrenbesteko interesa baja har dezagun? Ez al dakite animatzen, laguntza ematen?

Zelan konponduko zenuke zuk?

Badakizu zer pasatzen den? Baserrian dabilen gutxi dagoela hor goian agintzen. Bulegoan, paper artean, beste modu batera ikusten dira gauzak. Noizean behin atera egin behar dute sorora, eta aitzurra hartu! Patata zelakoa den ere ez dakite, ezta piperra nondik ateratzen den ere! Horrek ezin du sekula ondo funtzionatu: agintzen asko, eta beharrean gutxi.

Behar nekeza da baserrikoa. Zelan ikasten da?

Eginez. Baserrian egunero aritu behar da lanean, jo eta fuego! Laster 75 urte beteko ditut, eta beti-beti egin izan dut behar hemen, baina inoiz ez da ateratzen dena ondo. Data berberetan egingo duzu dena, eta beti desberdin! Etenbako eskola da hau: hemen ez dago ez graduaziorik, ez titulurik.

Laguntza ere izango duzu, ezta?

Hiru seme-alaba dauzkat: semea aldamenean bizi da, eta alabak Gernikan, baina egunero etortzen dira denak bertora; lobak ere bai. Pentsa, domekero hamaika plater jartzen ditugu mahaian! Sorokoa jatera etortzen dira, baina baita ereitera ere. Denon artean egiten dugu zer edo zer: batak traktorea hartu, besteak zuloa egin, besteak hazia bota, besteak makila jarri, besteak soka lotu… Berton dute sauna, solariuma eta gimnasioa, eta eskerrak denei gustatzen zaien baserrian egotea. Gero, neuk saltzen ditut produktuak plazan. Baina erein eta jagoteko, laguntza behar izaten dut.

«Baserrien %90 andrazkoek altxatu dituzte. Aita beharrera joaten zenean, ama eta alabok berdin genbiltzan behiekaz, berdin aitzurragaz; gizonei itxaron barik»

Zuek ere amari laguntzera etorri zineten baserrira. 

Hori bada galtzen gabiltzan ohitura bat. Lehen, baserrietatik nekez joaten ziren adinekoak zahar egoitzetara, baten batek beti egon behar zuelako etxean —beharrak egiten eta abereak jagoten—, eta etxea bera ere handiagoa zelako. Akorduan dut gaztetan, juergatik bueltan etortzen ginenean, aitita beti izaten genuela atartean zain, heltzean egin beharreko sendaketak egin geniezazkion.

Eskertzekoa da beti baten bat egotea etxean, baina, pisuetan, goizean goiz denek egiten dute ihes arrapaladan. Guk beti ezagutu izan dugu baserria jendez beteta, eta horrek badu gauza on bat: familia artean sustatzen duen elkarbizitza.

Baserritarra izatearren alboratu izan zaituzte inoiz?

Sarri. Akorduan dut institutuan genbiltzanean baserrikoak ginenok aldeana moduan ikusten gintuztela Busturiko eta Arteagako señoritatxoek, euskaraz hitz egiteagatik; haiek ez zuten batere egiten. Handik urte batzuetara haietako bat aurkitu nuen, eta, kontu egizu, euskara andereñoa izan zen gero…

Plazan ere, gero eta gehiago entzuten da erdara, eta guk geuk ere segituan egiten dugu salto hartara. Gure amek askoz euskara garbiagoa izaten zuten, erabili ezin izan arren.

Baserrian, bizitza osoa. Eta plazan zenbat urte daramatzazu?

Ama hil zenetik hona, nahiz eta hori orduko ere beti joaten nintzen: bera eramaten, ekartzen, postua jartzen, zer eroan prestatzen… Hark Gernikan saltzen zuen astelehenetan, eta nik izekoagaz Zornotzan, domeketan. Gazteagotan, haiek biak Bermeora ere joaten ziren; asko mugitzen ziren lehen. Kontu egizu: gure amak 92 urtean bakarrik hilabete egin zuen kale plazara.

Eta, orain, gutxiago mugitzen da jendea plazara?

Gero eta tonto gutxiago gaude [barrez]. Badakizu zenbat egin behar den hau guztia aurrera ateratzeko? Eta eskerrak nik laguntza dudan; bestela, neuk bakarrik ezingo nuke. Gainera, ez plazak eta ez baserriak ez dute bertatik bizitzeko adina diru ematen. Guri, behintzat, ez digu sekula eman izan; aitak bizi osoa eman zuen etxean zein etxetik kanpo beharrean, eta, halere, berdin pobre!

«Baserrian dabilen gutxi dago hor goian agintzen. Bulegoan, paper artean, beste modu batera ikusten dira gauzak. Noizean behin atera egin behar dute sorora, eta aitzurra hartu»

Zu ere sorotik kanpo ibilitakoa zara?

14 urtegaz dendari hasi nintzen izekoarenean hamaiketakoak saltzen; ezkondu artean, fabrikan ere ibili nintzen; baserriko obra ordaintzeko, beste hogei urte eman nituen jatetxe bateko mostradorean… Denetarik!

Beharragatik?

Baserria erosi ostean, obran genbiltzala, senarrak behar egiten zuen enpresak porrot egin zuen. Sasoi hartan zazpi berotegi geneuzkan —bi mila metro baratze—, baina hortik ezin ginen bizi. Horregatik hasi nintzen lanean, beharrez. Goizeko seietan ekiten nion baserriko lanari; eguerdiko hamabietan jatetxera joaten nintzen, eta, handik bueltan, gaueko zortzietan dendariei soroko gauzak eramaten nizkien. Orduan 20.000 letxuga ere edukitzen genituen! Haiek ere saldu behar ziren… Eskerrak sasoi hartan ama neukala etxean laguntzeko.

Asko aipatzen dituzu ama, amama, ahizpak, izekoak... Baserrian emakumeek leku berezia dute?

Baserrien %90 andrazkoek altxatu dituzte. Gizonek ere egin izango zuten, ez diot nik ezetz [barrez], baina uste dut gehiengoa andreek egin dutela. Aita beharrera joaten zenean, kasurako, ama eta alabok berdin genbiltzan behiekaz, berdin aitzurragaz; gizonei itxaron barik. Eta gizona zetorrenerako, dena prest.

Plazan ere gehienak andrazkoak zarete.

Hauek ez daukate pazientziarik! Baten bat egongo da, baina… Behin gizonari esan nion saltzen laguntzen etortzeko Zornotzako merkatura, baina lehena eta azkena izan zen [barrez].

Esaerak zera dio: «Lunes gernikes, kolperik bez!».

Astelehena beti izan da egun berezia Gernikan. Gure gazte sasoian, orain barikua den besteko jaieguna izaten zen astelehena. Kontu egizu: astelehenetan ogitartekoa afaltzeko ohitura hartu dut, astegun berezi legez. Plazan ere, ai ama, lagunetan etortzen da agurtzen. Tertulia onak egiten ditugu; ondo konpontzen gara bertan saltzeko ohitura dugunok: Mendatako Arantza, Belendizko Maite, aldameneko Maribi… Eta bezeroekaz ere berdin: harremana egiten duzu urteetan. Eskari asko egiten dizkidate Arrasatetik, Muskiztik… Valentziako jatetxe batetik ere deitu izan didate inoiz, ea zenbat kilo indaba dauzkadan galdetuz, asko gustatu zitzaizkiela eta.

Eta, plazaren ostean, zesta partida ikustera pilotalekura?

Ni, frontoira gutxi. Plazatik bueltan arin etortzen naiz baserrira, baserria egitera. Gure amamak beti esaten zigun: «Gaur ondo saldu duzue, ezta? Ondo salduz gero, plazatik etxera heldu eta segidan solora. Txarto salduz gero, ortura joan ere ez!». Amama ere plazako andrea zen [barrez].

«Ez plazak eta ez baserriak ez dute bertatik bizitzeko adina diru ematen. Guri, behintzat, ez digu sekula eman izan»

Seguru atarte honek plazako hamaika istorio gordetzen dituela. Baduzu akorduan garai oparorik?

Plaza berrizten ibili zirenean [1991n zabaldu zen egungo merkatua], Pasealekura eroan gintuzten. Sasoi hartan, behegainean erakusten genituen produktuak —orduan ez zen ez mahairik, ez ezer—, eta plaza osoa betetzen genuen. Atera kontu! Eta ez dira horrenbeste urte pasatu. Akorduan dut zelan generamatzan kaxak eta kaxak, eta zelan ez zen ia lekurik egoten azokan, postuz gainezka zegoelako dena. Eta begira orain… Orain, zenbat joango garen abisatzeko eskatzen digu udalak, ez jartzeko mahai gehiegi alferrik, denak geratzen direlako hutsik bestela.

Zergatik jarraitzen duzu, orduan? Zerk bultzatzen zaitu?

Pena ematen didalako uzteak. Zer egin behar dut, leihotik begiratu eta sasiak bertoraino hazten utzi? Uzten baduzu, akabo! Jarraitu egin behar da, ahal den artean. Ez dakit inoiz egon izan naizen egun bat sorora jaitsi barik. Operatu nindutenean, astebetez ospitalean egon behar izan nuen, baina handik etorri eta ezin izan nion eutsi letxugak batzeari. Ezin egon etxean. Nik, pobreen moduan: mina ohean bai, baina beharrean ez [barrez].

Etxean ikasi duzu hori?

Lehen adarra jotzen genion amari, astelehenetan plazara joan eta martitzenetik hurrengo asteko kontuak preparatzen hasten zelako beti. «Egunen baten geuri ere salduko diguzu zuk!», esaten genion barrez. Eta orain ni antzera nabil; alabek sarri esaten didate: «Hemen, bigarren amama!». Baina plazak harrapatu egiten zaitu; psikologia hutsa da. Guztiz deskonektatzen duzu gainontzeko arazoetatik: batek kontu bat diotsu, besteak besteren bat… Zenbat kontu astelehenetan!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA