Gasteizko tren geltokiaren ondoan, tailer bihurtutako etxabe batean, pinturaren usaina eta zigarro baten kea nahasten dira. Mahaietan marrazkiak, koadroak, karikaturak eta amaitu gabe dauden lanak pilatzen dira, kolore orbanek eta paperez betetako txokoek sortzen duten kaos antolatuan. Ingurune horren erdian, Alfredo Fermin Cemillan Mintxo artista (Madril, 1961) bere ibilbideaz, sorkuntzarekiko harremanaz eta artearen egungo egoeraz hitz egiten hasi da. Bere lanek bezala, ez du harrokeriarik: ahots lasai eta hausnartuan, margolanak begiratuz ari da berbetan, urteek eman dioten esperientziaren eta zentzutasunaren pisuarekin.
Madrilen jaio zinen, baina ia bizitza osoa Gasteizen egin duzu. Nolakoa izan da bide hori, eta nola sentitzen zara jatorri horrekin?
Bost urterekin etorri nintzen hona; beraz, gasteiztarra sentitzen naiz. Madril asko gustatzen zait, han daude nire sustraiak eta nire arbasoak, baina nire familiaren Madril hori jada ez da existitzen. Hiri hori maite dut, baina aldi berean sentitzen dut bahitu egin dutela. Hala ere, sustraiak ere eraiki egiten dira; harro nago nire jatorriaz, baina nire bizitza eta nire begirada hemen landu dira. Interesgarria da bi munduren artean hezi izana; perspektiba berezi bat ematen dizu.

Zure lana askotarikoa da: karikaturak, pintura figuratiboa, abstrakzioa… Nola kudeatzen duzu aniztasun hori?
Beti gustatu zait marraztea. Marraztea begiratzeko modu bat da, eta baita eskuarekin pentsatzekoa ere. Nik ez diot estilo bati ezer zor. Egun batean modu batean margotu nahi badut, horrela egiten dut; hurrengoan beste era batean, berdin. Eskua eta burua berberak dira. Nire funtzioa askatasunez eta zoriontasunez sortzea da, ez nire marka bilatzea.
Izango duzu marrazten hasi zinenean markatu zintuen obraren bat...
Eta ez onerako. Goyaren bat da, ezinegona piztu zidana. Ez dut esango zein, txantxak egin dizkidatelako [barrez]. Beldurra eman zidan, baina ate asko ireki zizkidan: ulertu nuen zatarkeriak ere baduela bere lekua artearen barruan. Ederrak izan daitezke beldurra edo nazka eragiten duten gauzak ere. Polita eta itsusia elkar ukitzen duten bi ideia dira.
Desberdina da sentitzen duzuna lan figuratibo bat edo abstraktuago bat egiten duzunean?
Bai, noski. Pentsatzeko eta gozatzeko modu asko daude, eta horrek marrazteko modu asko ere sortzen ditu. Ez da gauza bera azkar edo motel marraztea, formatu batean edo bestean, material desberdinekin. Horrek erritmo desberdinak ezartzen ditu, eta emaitza ere aldatzen da. Batzuetan, prozesuak berak abstrakziora eramaten zaitu; besteetan, figurara: garrantzitsuena sentsazioak dira. Nik gero eta gehiago uste dut arteak musikarekin zerikusi handiagoa duela: erritmoa, harmonia, konposizioa… Ia automatikoki margotzen dut askotan, aurretiazko ideiarik gabe. Ez diot munduari erakutsi nahi zertarako gai naizen, ez naiz hain harroa; neure buruarekin dudan elkarrizketa bat da.
Nola uztartzen dituzu sorkuntza libre hori eta enkarguz egiten dituzun lanak?
Bi alderdi oso desberdin dira. Nire lan pertsonala nigan pentsatzen egiten dut, han esperimentatzen dut. Hortik ateratzen ditut gero enkarguetan aplikatzen ditudan gauzak. Gaur egun, jendeak esaten dit: «Egin horietako bat, zure estilokoa». Baina gustuko dut neurrira lan egitea, jendea, espazioa eta testuingurua kontuan hartuta. Arteak ingurunearekin hitz egin behar du. Jakina, gustatzen zaigu aitortza jasotzea, baina egia da norberaren egoa kudeatzen ikasi behar dela; hori ez dizu inork irakasten.

Kultura eta artea gain behera doaz?
Gainbehera kulturala da, soziala ere badelako. Kultura gizartearen isla da. Garai nahasian bizi gara: informazio iturri ugari, dena azkar eta merkantilizatua. Horrek sortzen du kultura azkarra, iragankorra, arina... Baina ez da kultura bera bakarrik oker dagoena; gizartea bera da. Egia da pintura gutxi interesatzen zaiola jendeari, ia batere ez, eta agian arteak berak ere ez duela asmatu jendearekin konektatzen. Hala ere, arteak asko du esateko oraindik.
Zu etengabe ari zara sortzen. Zein da horren sekretua?
Ez dago sekreturik. Zorionekotzat daukat neure burua oraindik honetatik bizi naizelako. Ez dut galeria finkorik, erakusketak egiten ditut deitzen nautenean, eta, egia esan, nagia ematen dit bilatzeak. Gustatzen zait tailerrera etortzea, margotzea, pentsatzea. Hori da nire bizitza. Uste dut nire aniztasunak, etengabeko lanak eta ikasteko gogoak asko laguntzen didatela. Enkargurik ez dudanean, nik asmatzen dut lana. Mugimenduan egotea da gakoa.
Zertan ari zara lanean orain?
Proiektu batzuk ditut esku artean. Batez ere bat, ilusio handia egiten didana, baina oraindik ezin dut kontatu. Arte publikoarekin eta hiriko espazioarekin lotuta dago, arte urbano eta efimeroarekin, alegia. Asko interesatzen zait hori. Horrez gain, erretratuak, karikaturak, ilustrazioak, mural baten diseinua… Lana ez zait falta, eta faltan dudanean, bilatzen dut.
Zuk lortu duzu artetik bizitzea; zer aholku emango zenioke bide bera hartu nahi duen gazte bati?
Topiko bat dirudi, baina beti aurrera jarraitzeko esango nieke. Hau bizikleta baten modukoa da: pedalei eragiteari uzten badiozu, eroriko zara. Une onak eta txarrak egongo dira, baina jarraitu behar da. Zeure buruarengan sinetsi, konstantziari eutsi, eta ez etsi aldapa gora zoazenean. Ez dago beste sekreturik.
lotsabako
Artista bat?
Juan Mieg. Gasteizkoa hura ere, margolari bikaina.
Gehien gustatzen zaizun diziplina?
Orri batean marraztea; gutxirekin asko kontatzea.