Polizia indarkeriak eta arrazakeriak erauzia

New Yorkeko eraikin federal batean ICEko agenteak migratzaile bat atxilotzen ari direnekoa jasotzen duen argazki bat munduko argazkirik onena izendatu du World Press Photo lehiaketak. Carol Guzy da argazkilaria.

World Press Photoren argazki irabazlea: 'Separated by ICE'. CAROL GUZY / EFE
World Press Photoren argazki irabazlea: 'Separated by ICE'. CAROL GUZY / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko apirilaren 23a
12:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira kalean uso eta etxean otso direnak, baita bietan uso direnak ere, baina Donald Trump kalean zein etxean da otso. AEBetako presidenteak bere mugetatik kanpo sortu duen indarkeria guztiak lerroburu denak bereganatzen ditu egunero, eta etxe barruan eragiten ari den bortizkeria oharkabean pasatuko zatekeen, lekukorik gabe, frogarik gabe, ikusi gabe, baldin eta fotokazetariek fokua bertan jarri izan ez balute. Horretan ari dira, eta munduak haiei esker daki ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarra AEBetan bizi diren migratzaileei jazartzen zaiela, eta etxetik eta beren komunitatetik erauzten dituztela, atxilo. Polizia indarkeria eta arrazismoa eguneroko ogia dutela, alegia. Fotokazetari horietako bat Carol Guzy estatubatuarra da, eta hark ateratako Separated by ICE argazkia urteko argazkirik onena izendatu du World Press Photo lehiaketak.

Argazki horretan, migratzaileen familia bat bortizki bereizten ari diren unea harrapatu du Guzyk; Miami Herald hedabidean argitaratu zuten, New Yorkeko auzitegietan atxilotzen dituzten migratzaileei buruzko erreportaje batean. Luis izeneko gizon bat atxilotzen ari diren unea azaltzen da irudian; jatorriz Ekuadorkoa da, eta AEBetan bizi zela atxilotu zuten ICEko agenteek. Iazko abuztuan New Yorkeko epaile baten aurretik pasatu ostean atxilotu zuten ICEkoek; familiaren arabera, ez dauka aurrekari penalik.

Carol Guzyk bideodei bidez hartu du parte gaurko sari banaketan, Amsterdamen. ROBIN VAN LONKHUIJSEN / EFE
Carol Guzyk bideo dei bidez hartu du parte gaurko sari banaketan, Amsterdamen. ROBIN VAN LONKHUIJSEN / EFE

Argazkiak gordinki erakusten du Luisen emaztearen eta hiru seme-alaben oinazea; hainbeste, ezen bi alaba Luisen jertseari heltzen agertzen baitira, atxiloketa eragozteko. Hain zuzen ere, Trumpen migrazio politikak «bizitza suntsituen eszenatoki» bihurtu ditu auzitegiak, lehiaketaren zuzendari Joumana el Zein Khouryren arabera: «Aita galdu duten ume batzuen min kontsolaezina erakusten du, non-eta justizia egiteko eraikitako leku batean». Epaimahaiaren arabera, argazki horretan ageri dena ez da kasu bakana, bazik eta politika baten ezarpen sistematikoa: «Legezko prozedurak fede onez betetzen dituzten pertsonei eragiten die politika horrek».

Argazkilari grafikoek oro har debekatuta daukate eraikin federaletara sartzea, baina sartzen uzten dieten horietako batean atera zuen argazkia Guzyk. Hark bezala, beste argazkilari askok egunak pasatu zituzten New Yorkeko Jacob K. Javits eraikin federaleko korridoreetan, auzi judizialetatik atera berriak ziren migratzaileak nola atxilotzen zituzten jasotzen. Guzyk nabarmendu du jaso duen aitortzak «ezin konta ahala familia jasaten ari diren indarkerian» jartzen duela arreta, baina baita «haien erresistentzian eta erresilientzian» ere. Saria erretratatutakoei dagokiela azpimarratu du.

Bi finalista

Saber Nuraldin argazkilari palestinarrak Gazako zerrendan ateratako argazki bat da World Press Photo lehiaketako bi finalistetako bat. Aid Emergency in Gaza argazkian, laguntza humanitarioa Gazan sartu zuten uneetako bat agertzen da; hura zekarren kamioi batera igota agertzen dira herritarrak, irina eskuratu nahian. Israel Gazan egiten ari den genozidioak sortutako gosetea eta haren ondorioak islatzen ditu Nuraldinen argazkiak.

World Press Photo lehiaketako argazki finalista: 'Aid Emergency in Gaza'. SABER NURALDIN / EFE
World Press Photo lehiaketako argazki finalista: Aid Emergency in Gaza. SABER NURALDIN / EFE

«Desesperazio absolutua erakusten du irudiak, eta agerian jartzen du goseteak hartu duen heina eta urgentzia Gazako gerrako bigarren urtean. Goseteak milioi erdi palestinarri baino gehiagori eragiten die, eta Israelek Gazako zerrenda blokeatu izanaren ondorio da: arazo humanitario erabakigarri bihurtu zen 2025ean», adierazi du epaimahaiak.

The Trials of the Achi Women du izena beste argazki finalistak. Victor J. Blue fotokazetariak egina da, eta lehen lerroan Paulina Ixpata Alvarado azaltzen da. Guatemalako Achi komunitateko emakume indigena maia bat da, eta Guatemala Hiriko auzitegi baten aurrean dago, beste emakume askorekin batera, Achi komunitateko andreek jasandako sexu indarkeria salatzeko.

World Press Photo lehiaketako argazki finalista: 'The Trials of the Achi Women'. VICTOR J. BLUE / EFE
World Press Photo lehiaketako argazki finalista: The Trials of the Achi Women. VICTOR J. BLUE / EFE

1960tik 1996ra arteko gerra zibilean, soldaduek emakumeak bortxatzea gerra arma gisa baliatu zuen armadak; indarkeria hori genozidio kanpaina baten parte zen, zeinak 200.000 pertsona desagerrarazi zituen. Haien %83 indigena maiak ziren. 2011n Achi komunitateko emakumeak antolatzen hasi ziren, jasandako sexu indarkeria guztia salatzeko. Oztopoak izan zituzten arren, lortu zuten auzitegiek erasotzaile batzuk atxilotzea. «Enfasia emakumeen duintasunean eta autoritatean egiten du: indar kolektibo baten momentua dokumentatzen du erretratuak», adierazi du epaimahaiak.

141 herrialdetako 57.000 argazkiren artetik aukeratu ditu epaimahaiak bai urteko argazki onena eta bai finalistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA