Hamar edizio egin ditu dagoeneko Poloniako Masterchef saioak, eta, aurtengo finaleko saio bat grabatzeko, Europa osoa gurutzatu dute Masterchef-eko kamioiek. Hain zuzen, Gasteizko Ciudad de Vitoria (Gasteizko Hiria) hotelaren aurrean gelditu ziren atzo. Izan ere, gaur Arabako hiriburuko Plaza Berrian grabatuko dute saioa. Baina, horrez gain, saioan Gasteizko beste txoko batzuk ere agertuko dira: Matxete plaza edo San Migelgo balkoia, esaterako. Horrez gain, Goienak jakinarazi du Oñatin bertan ere egingo dituela grabaketak Poloniako programak, igandean bertan.
Ez da gauza berria. Poloniako programak edizio bakoitzean herrialde bat aukeratzen du finaleko azken saioak grabatzeko. Oraingoan, sei lehiakide arituko dira plazan kozinatzen.